Albistea entzun

Ezkontide estresatuen krisia

'Homeland' eta 'The Social Network' proiektuetako izarrak dira protagonista Disney Pluseko 'Fleishman is in Trouble' familia draman
DISNEY PLUS Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Yarza Artola -

2023ko martxoak 18

Toby Fleishman kinka larrian dago. Rachel emazte ohiak hainbat egun daramatza desagertuta, ez ditu telefono deiak eta mezuak erantzuten, eta horrek haren bizitza hankaz gora jarri du. 11 eta 9 urteko seme-alabak ez dagozkion egunetan ari da zaintzen, eta horiek kexaka dabiltza. «Ama noiz etorriko da?», galdetzen dute behin eta berriz. Toby kezkatzen hasia da, ea Racheli ez ote zaion ezer larririk gertatu.

Hori da Fleishman is in Trouble familia dramaren abiapuntua, urte hasiera honetan kritikaren interes handien bereganatu duten telesailetako bat. Taffy Brodeser-Akner emakume estatubatuarra da proiektuaren sortzailea, eta honako hau pantaila txikirako egin duen estreinako lana, izen bereko haren lehen eleberriaren telebistarako egokitzapena. Literaturan murgildu aurretik, Brodeser-Aknerrek The New York Times egunkarian urratu zuen bidea, pertsona ezagunen soslaiak idatzita. Haien gatazken inguruko artikuluak osatzeko erabilitako estilo berbera baliatu du orain telesailaren gidoian, zertzelada autobiografikoak nahastuta.

Protagonista dibortziatu berri den gizonezko bat da, eta telesailak apurturiko familia harremanak azpimarratzen ditu hasieratik, hausturaren gordina, lotura sentimental eta intimoen akabera mingarria. Ezin ikusiak, eztabaida sutsuak, estresa, antsietatea... maldan behera amildu den bizitza partekatu batek zenbateko kutsu toxikoa har dezakeen iradoki du sortzaileak, eta ezinegon sentipen horiek errealismo handiz helarazi dizkie ikus-entzuleei.

Aktore nabarmenak

Telesailak asko zor die bi aktore protagonistei: Jesse Eisenberg Oscarretarako hautagai izan zen 2010eko The Social Network filmean, Facebookeko sortzaile Mark Zuckebergen rola antzeztu ostean; Claire Danes, berriz, bitan gailendu da Emmy sarietan, Homeland telesailean Carrie Mathison CIAko agente gisa egindako lanagatik. Bata zein bestea euren ibilbide profesionalaren gorenean daude, eta hala erakutsi dute pantailako agerpen bakoitzean. Kasu honetan, Danes mundu korporatiboko nagusi lanpetu bat da; Eisenberg, berriz, ospitale bateko larrialdietako mediku burua. Biak ito dira sekulako konpromisoa eskatzen duten ogibide lehiakorretan.

Emazte ohia desagertu ondotik, gizonezko pertsonaia da lehen ataletako ardatz nagusia. Protagonista erabateko krisi pertsonalean ageri da, bere autoestimuak hondoa jo du, ez daki benetan zer nahi duen lanean, aisian eta lagun artean, eta, aldi berean, horrek egundoko aukerak ireki dizkio. Bikote ezkonduaren konpromisoetatik aske, bizi berri bat esploratzen hasiko da, ligatzeko aplikazio berritzaile baten bitartez.

New York aztoratuan, pertsonaiak euren garunen labirintoak ulertu nahian dabiltza, eta ikusleak drama honetako hamaika korapilo askatu nahian. Brodeser-Aknerrek ezin hobe eutsi dio pultsu narratiboari eta horrek jarraitzaile andana bultzatuko du telesailaren atalak bata bestearen atzetik ikustera.

Guztira zortzi atal dira, eta gidaritza lanetan bost zuzendari aritu dira; horien artean, Valerie Farys eta Jonathan Dayton. 2006an Litte Miss Sunshine klasiko garaikidea zuzendu zuten.

'FLEISHMAN IS IN TROUBLE'
Sortzailea: Taffy Brodesser-Akner.
Aktoreak: Claire Danes, Jesse Eisenberg, Lizzy Caplan, Talia Castro-Pozo, Christian Slater.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Disney Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: drama.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Zigor sistemak itxaropen faltsuak sortzen dizkie biktimei»

Amaia Igartua Aristondo

Macaya-Andresen arabera, botere punitiboak hauspoa ematen dio izu sexualari, feminitate eredu jakin bat indartzeko. Diskurtso horrek esentzializatu egiten omen ditu hala biktima nola erasotzailea.
'Dragoi Bola Z F berpiztua' filma ©Berria

Anime Box ‘streaming’ plataforma martxan da Hego Euskal Herrian

Urtzi Urkizu

Film bakarra du euskaraz. Mangaberri taldeak eskatu du eduki berriak euskarara bikoizteko eta azpidazteko. Gaur, 22:00etan, Mangaberrik zuzeneko saio bat egingo du Twitch sare sozialean, Anime Box plataformaren inguruan hitz egiteko.

 ©BERRIA

Urduritasunak gora, azazkalak ahora

Amaia Jimenez Larrea

Antsietatea, urduritasuna edo dena delakoa baretzeko asmoz, askok azazkalei hozka egiten diete. Ez dago azazkalei hozka egiten uzteko tratamendu finko eta eraginkorrik, baina adituek emozio horien jatorria aztertzea gomendatzen dute.

 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.