Distirarik gabeko apaizak mirari bila

Argentinako 'El secreto de sus ojos' filmaren zuzendariak eliza giroko 'Los enviados' telesaila plazaratu du. Sky Showtime plataformako berriena da.

SKY SHOWTIME.
Mikel Yarza Artola.
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
2010. El secreto de sus ojos ingelesez besteko filmik onenaren Oscar saridun bilakatu zen. Argentinako film batek historian bigarren aldiz eskuratu zuen garaikur preziatu hori, eta, aktore belaunaldi oso bat izar bihurtzeaz gain, Juan Jose Campanella zuzendaria nazioarteko erreferente bilakatu zen. Ordurako, Buenos Airesen jaiotako zinemagilea mende laurdenez aritua zen kameraren atzean gidaritza lanetan, izan jaioterriko ekoizpen seinalatuetan (El hijo de la novia, Luna de Avellaneda), izan Hollywoodekoetan (House, The Guardian, 30 Rock).

Campanella drama arantzatsuen maisu gisa nabarmendu izan da urte luzez. Bere istorioetako bizkarrezur izan dira gatazka etikoetan korapilatuta dauden pertsonaiak eta haien sentipen ezkutuak, baita Los Enviados nobedadean ere. Telesaila duela bi urte estreinatu zen Argentinan, baina orain heldu da Hego Euskal Herrira, Sky Showtime streaming plataforma berriaren bitartez. Vatikanoko bi apaiz dira istorio honetako protagonistak, eta Mexiko Hirira bidaiatuko dute gertakari bat ikertzera: elizgizon batek erakunde psikiatriko batean mirarizko sendatze bat egia bilakatu du. Iritsi bezain laster hasiko dira bertakoen trapu zaharrak aireratzen.

Sarrerako eszena ezin indartsuagoa da, eta Campanella bere arma guztiak erabiltzen ahaleginduko da tentsioa areagotzeko: muntaketa bizia, sinbolismoz beteriko koloreak, kamera enkoadraketa ausartak... Tamalez, dramatizazioa eta narrazioa ez dira esparru formala bezain trinkoak, pertsonaietatik hasita. Hilketa misteriotsu bat da kontakizunaren abiapuntua, eta hura argitzeko ardura duten bi protagonistek gehiago dirudite polizia agente, apaiz baino. Umore baldarrez beteriko Miguel Angel Silvestre aktore valentziarraren interpretazioak ez du sobera lagundu. Alex de la Iglesiaren 30 Monedas telesaileko protagonistetako bat izan zen bera, baina artista bilbotarraren gidaritzarik gabe, noraezean ageri da. Kasualitateak kasualitate, Campanellaren proiektu berri honek antz nabarmenak ditu De la Iglesiarenarekin. Dena den, zuzendari bilbotarraren itzala luzea da, eta, konparazio honetan, argentinarrak galtzaile sonatu izango dira.

Pantaila txikian dardarizoa eragingo duten aktoreak falta zaizkio Campanellari, urte luzez bidelagun izan duen Ricardo Darin izar paregabearen tankerakoak. Sortzaile argentinarrak trebetasunez menperatzen du zazpigarren artearen lengoaia, eta horren adibide da telesaileko hirugarren ataleko auto istripu itogarriaren eszena.

Oraingo honetan, ordea, ez du hari guztiak fintasunez jostea lortu. Aktoreen zuzendaritza, gidoilarien koordinazioa, arte departamentua... esparru guztietan daude bertuteak, baina baita ahulguneak ere. Kontu gehiegi geratu dira erdizka, eta proiektua horren isla da.

Los enviados gehien ikusi den gaztelaniazko telesaila izan da AEBetako Paramount Plus telebistako streaming zerbitzuan. Euskal Herrian, ordea, haren estreinaldia ia oharkabean igaro da Sky Showtimen. Plataforma hori kolpez eta nobedadez gainezka heldu da Euskal Herrira, eta, hein batean, Campanellaren berriena abiadura biziko eskaintza eta kontsumo eredu horren biktima ere bada. Pantaila txiki aseezinaren beste biktima bat.

'LOS ENVIADOS'
Sortzailea: Juan Jose Campanella.
Aktoreak: Miguel Angel Silvestre, Luis Gerardo Mendez, Irene Azuela, Miguel Rodarte, Armando Espitia.
Herrialdeak: Argentina, Mexiko.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Sky Showtime.
Atal bakoitzaren iraupena: 55 minutu.
Generoa: thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.