Watergate eskandaluaren itzal luzea

Woody Harrelson eta Justin Theroux aktoreek Richard Nixonen agintaldia babestu nahian hura amildegira eraman zuten agente sekretuen rola jokatu dute HBOren 'White House Plumbers' telesailean

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
50 urte beteko dira bihar The Washington Post egunkariak Watergate eskandaluan egindako ikerketagatik Pulitzer saria irabazi zuenetik. Ordutik, auzia hamaika modutan egokitu izan dute fikziora. All Presidents' Men eskandalua argitaratu zuten bi kazetarien ikerketa lanean murgildu zen; Secret Honor, berriz, agintaldiko azken urteetan iparra galduta ibili zen Richard Nixonen bakarrizketa bat da. Zeharka izan arren, Watergate presente dago Forrest Gump, Vice eta The Irishman filmetan ere.

Azken urteetan, eskandaluari buruzko istorioak pantaila handian zein txikian ugaritu dira. 2017ko The Post filma beste kazetaritza drama bat da, Vietnamgo gerra garaiko administrazioetako gezurrak eta iruzurrak Pentagonoko Paperen bidez azaleratzen dituena. Joan den urtean, berriz, Gaslit telesailak hautsak harrotu zituen AEBetako orduko fiskal nagusiaren emazte Martha Mitchell protagonista hartuta —bera izan zen Nixon Watergate eskandaluarekin lotu zuen lehen pertsona—.

White House Plumbers da zerrenda luze honetan berriena. Hala izendatu zuten Etxe Zuriak bere jardueren inguruko filtrazio oro ekiditeko helburuarekin sortu eta, azkenerako, kontrako emaitza lortu zuen ezkutuko taldea. Telesaila orduko AEBetako Gobernuko langileen lekuan jarri da, zerbitzari publikoek ustelkeriazko sarea nola eratu zuten esploratzeko.

Protagonistak Hollywoodeko bi izar dira, Woody Harrelson eta Justin Theroux. Euren pertsonaiak hiru eta lau urte arteko kartzela zigorretara kondenatu zituzten lapurreta, konspirazio eta telefono entzuketa delituengatik. Eskandalua piztu aurretik, pribilegioz beteriko bizitzaz gozatzen ageri dira fikziozko irudietan. Luxuzko etxeak, negozio bilera sekretuak, afari eta ospakizun erraldoiak, eliteko gizarte zirkuluak... eta euren jardunarekiko konfiantza itsua. Bi aktoreek primerako lana egin dute, egunerokoa inbasiorako abagune gisa ulertzen duten bi gizonezko bortitzen rola jokatuz. Haien ondoan badaude lehen mailako beste hainbat aktore ere, eta horien artean nabarmentzeko modukoak dira naturaltasun handiko interpretazioak eskaini dituzten bi: Lena Headey (Game of Thrones) eta John Carrol Lynch (Fargo, Zodiac, Gran Torino).

Alor teknikoan ere telesailak distira egin du. Argazki lana trebezia handikoa da, zinema klasikoan inspiraturiko enkoadraketak eta konposizioak erabili ditu,batetik, eta kutsu dokumentaleko filmaketa, bestetik. Kamerak pertsonaien pausoak gertutik jarraitzen ditu plano sekuentzia ugariren bidez, hainbat eszenatako tentsioa are gehiago tenkatu nahian. Jeff Cardoni konpositorearen soinu banda ere kontakizunaren zerbitzura dago, eta, zarata handirik egin gabe, irudien erritmora egokitu da, unean uneko taupadei jaramon eginez.

Veep satira politikoko gidoigileen nobedadea da White House Plumbers telesaila, eta, hemen ere, umore beltza oso presente dago. Sortzaileak erregistro uztarketan labaindu dira gehien, aldi berean drama sakona eta komedia lotsagabea izateko ahaleginean. Zorionez ala zoritxarrez, HBO Maxen proiektu honek bost atal baino ez ditu.

'WHITE HOUSE PLUMBERS'
Sortzaileak: Alex Gregory, Peter Huyck.
Aktoreak: Woody Harrelson, Justin Theroux, Lena Headey, Domhnall Gleeson, John Carroll Lynch.
Herrialdeak: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.