Buru barreneko gaizkilea

Akiva Goldsmanek Apple TV Plusen plazaratu du sortzaile gisa egindako estreinako telesaila. 'A Beautiful Mind' filmarekin, gidoi egokiturik onenaren Oscarra irabazi zuen 2002. urtean

APPLE TV PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Tren bat tunel ilunean, bertatik irten eta pistola bilakatu da, bala zulotik libratu arte. Pitzaturiko kristal bat, sigi-saga egiten duen bidea, etxe bakarti bat eta espiritu andana. The Crowded Room telesailaren sarrerako irudi sorta da, karga sinbolikoz beteriko animaziozko pasartea. Edvard Munchen Garrasia koadroa ekarriko die batzuei gogora, eta ez soilik estilo espresionistagatik.

Istorioko protagonista New York erdiguneko plaza publiko batean tiroka hasi, bi lagun erail eta egindakoa ukatzen duen mutil gaztea da, buru osasuneko arazoak dituen gizonezkoa. Parez pare du gertakaria aztertzen ari den emakume bat, erdi detektibe, erdi psikologo. Bidean nahastuko dira amodio, beldur, itxaropen eta desira ezkutuenei loturiko hamaika pasadizo.

Tom Holland eta Amanda Seyfried aktoreek osatu dute bikote protagonista. 27 urterekin, Hollandek dagoeneko zazpi aldiz jokatu du Spider Man superheroiaren rola. Seyfried, berriz, Hollywoodeko aurpegi ezaguna da, besteak beste, Mank, Mamma Mia eta Les Miserables filmetan egindako lanagatik. Sortzaile taldea ez da gutxiagorako: Akiva Goldsman da proiektuaren gidaria, A Time to Kill, The Da VinciCode eta I Am Legend film ezagunetako gidoigile izandakoa.

Haren lanik laudatuena, ordea, A Beautiful Mind da, aurkeztu berri duen telesailarekin lotura estuena duena, gainera. Russell Crowe izarrak matematikari bakarti baten rola jokatu zuen filmik onenaren Oscar saria irabazi zuen lan hartan, eta, nolabait, Goldsmanen The Crowded Room duela bi hamarkada ondutako proiektu haren ispilu da, garunaren argi-ilunak esploratzeko beste parada bat. Zuzendari lanetan aritu dira Kornel Mundruczo hungariarra (Pieces of a Woman) eta Mona Fastvold norvegiarra (The World to Come), kontakizun traumatikoetan trebaturiko Europako zinema jaialdien zirkuituko bi izen propio.

Hasieran, telesailak arreta handiagoz zaintzen du bikote protagonistaren distira, narrazioaren sendotasuna baino, eta, hala ere, gizatasunez beteriko hamaika une ditu. Maitaleen begiradak, nerabe gatazkatsuen arteko gorrotoa eta une intimo hauskorrak sentikortasun handiz harrapatu dituzte kamera mugimendu, argiztapen eta kolore lanketa txukunen bitartez.

Pertsonaia batzuk egiaren bila dabiltza; besteak, zerbait ezkutatu nahian. Flashbackak dira norgehiagoka horren lekuko, eta haien erabilerak gogora ekar lezake Big Litte Lies eta Sharp Objects telesailen estiloa. Goldsman, ordea, ez da heldu kultuzko bi lan garaikide horien handitasun dramatikora, ezta bi egitasmo horietan parte hartu eta 2021ean hil zen Jean-Marc Vallee zuzendari kanadarraren maisutasun formalera ere.

A Crowded Room antologiazko telesail bat izango da, eta denboraldi bakoitzean errealitateko istorio bat egokituko du fikziora, buruko gaixotasuna borrokatu eta harekin bizitzen ikasi duten pertsonen inguruko kontakizun indibidual bat. 1970eko hamarkadan, identitate disoziatuaren nahasmenduagatik absolbituriko lehen pertsona bilakatu zen Billy Milligan, eta haren bizitza da estreinako atalen ardatza. Telesailak balioko du delitugilearen lekuan jarri eta gaizkiaren zama erlatibizatzeko.

'THE CROWDED ROOM'
Sortzailea: Akiva Goldsman.
Aktoreak: Tom Holland, Amanda Seyfried, Emmy Rossum, Sasha Lane, Jason Isaacs.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.