Kanoak urperaturiko itxaropen faltsuak

Filminek 'The Thief, His Wife and the Canoe' telesail britainiarra estreinatu du Hego Euskal Herrian: hil izanaren plantak egin eta identitate faltsu batekin bizi berri bat abiatzen ahalegindu zen bikote baten istorioa

ITV.
Mikel Yarza Artola.
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Auto bat ihesean, eta atzetik beste hainbat hari segika. Jazarpen betean abiatzen da The Thief, His Wife and the Canoe telesaila, zazpi urte atzera egin eta istorioaren abiapuntua agerian utzi baino lehen.John Darwin irakasle eta espetxe funtzionario izandakoak kanoa bat hartu, itsasoan desagertu, eta hil izanaren itxurak egin zituen 2002an. Sosik gabe geratzea saihestu, bizitza aseguru bat erreklamatu, eta luxuzko bizimodu ezkutu bat abiatu zuen ostera Panaman, bere emaztearekin. Bost urte geroago, iruzurra lau haizeetara zabaldu zen, halabeharrez Erresuma Batura bueltatu behar izan zuenean.

Gezurra badirudi ere, benetako istorio bat da, eta Britainia Handiko ITV telebistak fikziorako egokitu zuen iaz; baita kritika ezin hobeak eta BAFTA sarietarako hautagaitza bat lortu ere. Orain, lau ataleko bidaia paregabe hau Filminen eskutik heldu da Hego Euskal Herrira.

Bikote protagonista da telesailaren erdigune eta indargune: Eddie Marsan eta Monica Dolan aktore beteranoek sekulako erakustaldia egin dute senar-emazte iruzurgileen rolean. Egia darie haien arteko eztabaida suminduei, begirada maitekorrei eta bizitzako itxaropen eta beldur karrusela adierazten duten hamaika gorputz keinuei.

Bikotekideek ez daukate nahikoa dirurik etxeko gasa ordaintzeko; bai, ordea, hainbat hipotekari eusteko eta luxuzko autoak erosteko. Ez dagokien bizitza bat bizitzeko itxaropenez, desagerpenaren plana goitik behera antolatu eta ziria sartuko diete kostaldeko herriko bizilagunei, hedabideei eta erakunde judizialei. Iruzurraren antolaketan senarrak hartutako gidaritza eta emaztearengan izandako eragin manipulatzailea azpimarratzen ditu telesailak, baita emakumearen bakardadea eta ezina ere.

Ez da tankera honetako azken urteetako fikzio britainiar bakarra. Stonehouse telesailak (Filmin, 2023) hil izanaren itxurak egin zituen John Stonehouse parlamentari laboristaren istorioa kontatu zuen. Landscapers sarituak, berriz (HBO Max, 2021), 1998ko William eta Patricia Wycherleyren hilketak bildu zituen, krimena gauzatu, gurasoen gorpuzkiak lorategian lurperatu eta bere burua gertakari horren biktima gisa aurkeztu zuen bikotearen ikuspuntutik.

Kanoa egoki gidatu nahian, gidoigileek komedia beltza hartu dute iparrorratz, eta emaztearen narratzaile ahotsa baliatu kontakizuna josteko. Irudiei batasuna emateko, berriz, antzeztoki baten itxuran aurkeztu dituzte lau ataletako hainbat irudi, ikusleak, pantaila txikiari begira, iruzurraren zuzeneko lekuko edo baimendu gabeko espioi izango balira bezala. Hautu formal batzuek Moriartitarren La trinchera infinita ekar lezakete gogora, baina bada ezberdintasun esanguratsu bat: kasu honetan, protagonista inozoa etxeko ezkutalekutik hainbatetan irten eta denen ikusmiran ibiltzen da, pasieran.

Istorioaren erritmoa bizia da, eta, atalek aurrera egin ahala, ikusleek pentsa lezakete ez dela ezusteko are aztoragarriagorik jazoko, baina oker daude. Lotsa, higuina, barreak, beldurrak eta pozak... askotariko sentipenak nahasten dira hiru ordu eskaseko telesail harrigarri honetan.

'THE THIEF, HIS WIFE AND THE CANOE'
 

Sortzaileak: Chris Lang, Richard Laxton.
Aktoreak: Eddie Marsan, Monica Dolan, Mark Stanley, Dominic Applewhite, Carrie Cohen.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.