Telesailak

Lurrez, itsasoz eta airez

Migrazio krisiak Europan utzi duen lorratz sakona eraman du fikziora 'Eden' telesailak

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Greziako hondartza bat, udako egun eguzkitsu batean. Bat-batean, 50 pertsonaz beteriko txalupa puzgarri txiki bat lehorreratu da, eta bidaiariek lasterka egingo dute aurrera, itsasertzean jolasean ari ziren turista harrituak atzean utzita. Eden telesaileko lehen eszena da hori, migrazio krisiak Europan utzi duen lorratz sakonaren inguruko kontakizuna. Alemaniaren eta Frantziaren arteko koprodukzio horretako sei atalak 2019ko Series Mania jaialdian estreinatu zituzten, eta berriki heldu dira Filmin plataforma digitalera.

Migratzaileen lehorreratzetik Atenasko kanpamentu pribatu batera egiten du jauzi narrazioak. Europako Batasunean eragin nahi duen emakume batek kudeatzen du gunea, eta telesailak haren bidez azpimarratuko du zenbatekoa den oinarrizko beharrak ase ezin dituzten migratzaileen eta Bruselako eliteen arteko arrakala.

Zenbakietatik harago, ordea, pertsonak eta euren bizipenak dira istorio horretako protagonistak, ekonomia eta heriotza kopuru erraldoien artean galtzen direnak. «Norbait akabatu behar izan al zenuen zure herrialdetik ihes egin ahal izateko?», horixe galdetzen dio harrera familia alemaniar bateko seme gazteak, etxean hartu berri duten errefuxiatu siriarrari. Onarpena, errespetua, integrazioa... asko dira bi aldeek jorratu beharreko erronkak, eta telesailak gizatasun handiz eraman ditu fikziora.

Gordinagoa da, Ingalaterrara iritsi nahian, Grezia igarotze-herrialdetzat duten bi gazte nigeriarren bidea. Asilo eskaera onartu bitarteko itxaronaldi luzea jasan ezinik, Atenasko kanpamentutik ihes egingo dute, Europa euren kabuz zeharkatzeko asmoz. Bide horretan, protagonistek pairaturiko janari falta, giza salerosketa eta sexu abusuak erakutsiko ditu telesailak. Finean, azpimarratuko du zein ezdeusa den europarrontzat sisteman existitu ere egiten ez den migratzaile soil baten bizia, eta horrenbestez, baita heriotza ere.

Talka ideologikoak ere badu oihartzunik, Parisen bihotzean topo egiten duten fikziozko pertsonaia siriarrengan. Batzuek al-Assaden aurka altxatu eta senide kuttunak galdu ostean egin zuten jaioterritik ihes. Besteek erregimenari men egin zioten, eta horri esker bizi dira orain erosoago, erbestean bada ere. Biek ala biek, bizkar gainean garraiatu beharko dute iraganaren eta zauri irekien zama.

Jatorri eta nortasun ezberdineko pertsonaien bitartez marraztu ditu telesailak migratzaileek abiatu ohi duten bide luzearen lehen urratsak, bizi berri baten bila emandako lehen pauso gatazkatsuak. Eta, arlo horretan, bene-benetakoa den amildegi jakin bati egiten dio erreferentzia.

Burdinazko hesiak gainditu, jendez pilaturiko furgoneta ilun batean ezkutatu edota plastikozko txalupa batean sartu behar dute migratzaileek, europarrek autoz edota hegazkinez bisita ditzaketen herrialdeetara ailegatzeko. Telesailaren sortzaileek kapitalismoaren aztarna gordinak eraman dituzte pantailara, eta haiekin batera, konponbide baino arazo gehiago sortu dituen gizon zuriaren ardura.

'EDEN'
Sortzaileak: Dominik Moll, Edward Berger, Nele Mueller-Stofen.
Aktoreak: Theo Alexander, Adnan Jaffar, Thom Hoffman, Ikonomou Michalis, Alexandre Ionescu.
Herrialdea: Alemania, Frantzia.
Urtea: 2019.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.