Telesailak

Eskuin muturraren sarraskia

2011. urtean Norvegian 77 hildako eragin zituen eraso terrorista bikoitza fikziozko telesail bilakatu dute, bizirik irten zirenen lekukotzak bilduta

NRK.
Mikel Yarza Artola.
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«NBEren arabera, Norvegia da munduko herrialderik onena. Hezkuntza sistema eta osasun zerbitzu bikainak ditu, baita gobernu demokratiko egonkor bat ere. Hemen ondo bizi gara; bizitza gozatzen dugu».

Irrati bidezko hitz horiekin abiatzen da 22. Juli telesaila, 77 hilketetara igaro aurretik. Anders Behring Breivik eskuin muturreko terroristak sarraskia eragin zuen 2011ko uztailaren 22an Oslo hiriburuan eta Utoya uhartean: pertsona bakar batek historian sekula gauzaturiko erasorik hilgarriena.

Eskandinaviako herrialdeak eredu izan dira sarritan Europako gainerako estatuentzat, eta halako kasuetan inoiz baino agerikoagoa da argazki idiliko horren eta zorigaitzezko errealitatearen arteko arrakala. Telesaileko zuzendariek bestelako Norvegia bat eraman dute fikziora: faxismoak, arrazismoak eta xenofobiak pitzaturiko lurralde bat.

Ez dira gertakari sonatua entretenimendura egokitu duten lehenak. Erik Poppe zuzendari norvegiarrak eta Paul Greengrass ingelesak ere irudikatu dute sarraskia zinemarako. Narrazio zatikatua da nobedade, sei ataleko telesail honen kasuan. Kazetaria, medikua, polizia agentea, irakaslea, apaiza... sortzaile taldeak egun horretako bortizkeria bertatik bertara bizi izan zuten benetako pertsonen lekukotzekin ehundu ditu fikziozko pertsonaiak. Horri esker, gertakari berberaren askotariko ertzak jorratu dituzte.

Operazio gelako tentsioa, leherketa batek geldiarazitako hirigunea, udako kanpaleku bateko isiltasuna hausten duten tiro hotsak... horiek eta beste hamaika une sekulako indarrez ondu dituzte zuzendariek alor narratibo zein formalean, eta telebistarako lan bikain bat osatu dute. Telesaila, bai, zinema kutsurik gabekoa.

Erakutsi ez ezik, kontakizunak ezkutatu ere egin du, eta hori da sortzaileen hauturik adierazgarrienetako bat. Izan ere, ez dute Breivik hiltzailea une bakar batean ere pantailaratu. Eskuin muturreko blogari bat da haren ideologiatik gertuen dagoen figura. Gizona liburu bat prestatzen ari da Norvegiak, Suediak eta Danimarkak azken hamar urteetan egindako delituak eta eskubide urraketak zerrendatuta. Pertsonaia hori pentsalari erreakzionario bat da, sare sozialetan sistema kritikatuz eta Europaren askapena aldarrikatuz gizarte onarpena bilatzen duen norbanako bat.

Muturreko ideia horiek modurik mingarrienean hezurmamitu ziren Norvegian, 2011ko uztailean, eta samin horrek eragindako trauma zintzotasunez eraman du telesailak iruditara. Heriotzaren shocka, suntsiketaren astindua eta hezurretarainoko beldurra irudikatu ditu, plano indibidual zein kolektiboan.

Breivikek segurtasun agentez mozorrotuta erail zituen 69 nerabe, Utoyako uharte baketsuan. Polizia uniformea soinean zuela hautsi zuen komunitatearen ordena eta konfiantza. Telesailak epaitegietara egiten du jauzi azken minutuetan, hiltzailea 21 urteko espetxe zigorrera kondenatu zutela azpimarratzeko. Horixe da Norvegian pertsona batek jaso dezakeen zigorrik luzeena. Hein batean, 22. Juli telesaila terapia ariketa bat izan da eskandinaviarrentzat. Sarraskiaren ostean ere, bizitza egunero hasten baita.

'22. JULI'
Sortzaileak: Sara Johnsen, Pal Sletaune.
Aktoreak: Alexandra Gjerpen, Oyvind Brandtzaeg, Helga Guren, Hamza Kader, Ane Skumsvoll.
Herrialdea: Norvegia.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Filmin.
Atalen batez besteko iraupena: 45 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.