Telesailak

Gezurra eta iruzurra, begi bistan

Ipar Korean hamar urtez ezkutuan grabaturiko irudiak argitaratu ditu 'The Mole' dokusailak

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
«Ur azpiko lantegiak eraiki ditzakegu: tanke, misil eta droga fabrikak. Edozer egin dezakegu hemen; ez diegu inoren arauei jarraitu behar, eta herrialde bakarra gara horretan». Katalunian jaiotako Alejandro Cao de Benosen hitzak dira, The Mole dokusailekoak. Korearekiko Laguntasun Elkarteko presidentea da; mundu zabalean Ipar Koreako zaindari gisa ezagutzen dute askok, eta Kim Jong-unekin harreman zuzena duen Mendebaldeko lehen diplomazialaria da.

Irudietan, haren alboan ikus daiteke Ulrich Larsen danimarkarra. Sukaldari lanbidea utzita, Ipar Korearen inguruko 2009ko The Red Chapel dokumentalak haren jakin-mina piztu zuen, eta berehala jarri zen harremanetan Mads Brugger zuzendariarekin, lan horretan abiaturiko bideari jarraipena emateko. Gerturatze horren emaitza da The Mole. Larsenek hamar urte eman ditu Cao de Benos buru duen nazioarteko elkartean infiltratuta, Ipar Koreako gobernuaren jarduera ezkutuko kamerekin grabatzen.

Bi orduko lan batean laburbildu dute hamarkada bateko ibilbidea, eta sortzaileek produktu garden gisa aurkeztu nahi izan dute. Honakoa Brugger zuzendariaren hasierako mezua: «Hau fikzioa balitz, ez luke inork sinetsiko, baina hemen ez dago fikziorik, ikustear zaudeten guztia benetan gertatu da azken hamar urteetan».

Ipar Korea da munduan sekretismo handienez aritzen diren herrialdeetako bat, eta ikusleei kostako zaie ulertzea ea nola grabatu ote dituen lantalde danimarkar batek hainbeste elkarrizketa, horren modu agerikoan. «Irudiak Ipar Korea zeinen herrialde miresgarria den defendatzeko erabiliko ditugu», aitzakia hori erabili omen zuen Larsenek korearren aurrean, kamera etengabe eskuan zuela toki batetik bestera mugitzeko.

Telesailaren sortzaileek thrillerraren aldeko apustua egin dute, eta tentsio handiko uneak islatu dituzte pantailan. Dokumentalak argitara eraman du Kim Jong-unen gobernuak jarduera ekonomiko jakinei eutsi izan diela Nazio Batuen Erakundeko zigorrei izkin eginda, eta iruditan jaso ditu funtzionarioak legez kanpoko arma akordioak sinatzen.

Informazio horien bidez, ordea, kontalariek ez dute Ipar Koreako erregimena seinalatu, Cao de Benos baizik. Diplomazialari kataluniarra pertsonaia publikoa da, eta arestian hainbat elkarrizketa eman izan ditu Espainiako zein Euskal Herriko hedabideetan. Orain, Filmin plataformari igorritako prentsa ohar batean adierazi du The Mole dokusaila «antzerki hutsa» dela. «Gezurrez beteriko muntaketa bat da; sentsazionalismoa eta onura pertsonala ditu helburu», gaineratu du.

Ikus-entzunezko proiektu horren atzean ere bada, noski, intentzio politikorik. Telesaila lankidetzan finantzatu dute Norvegiak, Danimarkak, Erresuma Batuak eta Suediak. Iritziak iritzi, dokumentala dagoeneko mundu zabalean bilakatu da ezagun. Mendebaldeko sortzaileek eta Ipar Koreako elkarrizketatuek marra gorri guztiak gainditu dituzte, eta aurrerantzean oso bestelakoa izango da haien arteko harremana. Orain, ikusleena da hitza.

'THE MOLE'
Sortzaileak: Mads Brugger.
Aktoreak: Ulrich Lovenskjold Larsen, Mads Brugger, Alejandro Cao de Benos, Annie Machon, Jim Latrache-Qvortrup.
Herrialdea: Norvegia.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Dokumentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.