Telesailak

Platanoek ezkutatzen dutena

Espainiako 'Hierro' telesaila amaierara iritsiko da, sei ataleko bigarren denboraldiaren ostean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Kanaria uharteen artean txikiena da Hierro. 10.000 biztanle eta natur ingurune paregabea ditu. Unescok Biosferaren Erreserba eta geoparke izendatu zuen, eta, duela bi urte, fikzioaren bidez heldu zen milaka etxetara. Hierro telesaila estreinatu zuen Movistar Plus plataformak, Pepe eta Jorge Coira anaiek idatzi eta zuzenduriko lana.

Mutil gazte baten hilketa argitzeko ikerketa izan zuten abiapuntu, eta hari horri tiraka esploratu zuten zorigaiztoko gertakari horrek uharte txikiko biztanleengan utzitako arrastoa. Hierron denek ezagutzen dute elkar, eta ezer ez da dirudiena. Aski ezaguna da planteamendu hori, eta, duela hiru hamarkada David Lynchek Twin Peaks aitzindaria osatu zuenetik, hamaika aldizerabili dituzte osagai berberak krimenezko telesailetan. Coira anaienlanak antzekotasun handiak ditu britainiarren Broadchurch telesailarekin ere.

Dena den, telebistarako saio honentzat hurbilagokoak dira Espainiako erreferentziak, nazioartekoak baino. Fariña eta Auga Seca dira haren pareko bi proiektu, baita El Niño filma ere. Lan horiek guztiak bat datoz: fikzioaren bidez landu dituzte kostaldeari eta droga trafikoari loturiko errealitateko gertakariak.

Hurrenez hurren, epaile eta enpresari roletan, Candela Peña eta Dario Grandinetti dira Hierro telesaileko aktore eta altxor nagusiak. Gainerako antzezleen interpretazioa aparteko karismarik gabekoa izan zen, eta horrek ez zion lagundu entretenigarria bezain esplizitua zen gidoi bati, ezta alor formal konbentzionalari ere. Uharteko natur ingurune ederrak modu ikusgarrian pantailaratzea ez da nahikoa.

Hierro uharteko berezitasunak kontakizunean txertatzea izan zen proiektuaren bertute nagusietako bat. Coira anaiek nortasun propioa eman zioten telesailari, eguneroko bizitzari eta folkloreari loturiko elementuen bitartez. Horren adibiderik adierazgarriena izan zen uhartean lau urtean behin ospatu ohi den Ama Birjinaren jaitsiera ekitaldia thrillerraren punturik gorenean kokatu izana.

Zorionez, telesailak maila bat egin du gora bigarren emanaldian. Estreinako denboraldiaren azken txanpan lorturiko dinamismoari eutsi dio itzulerako ataletan eta ertzetan, garatu gabe geratu zitzaizkion pertsonaiak eta narrazio ildoak aberastu ditu. Nolabait, bere ahotsaren bila zebilen telesail baten berrespena da honako hau. Oinarrizko zutabeak mantendu ditu, baina baita berrasmatu ere. Coira anaiek ausardia handiagoz jokatu dute oraingoan, eta ohiko krimen istorioari erantsi diote Espainiako Estatuko etxebizitzen negozioaren oihartzunak dituen drama korporatiboa.

Diaz enpresari protagonistak ezkutuan mantentzen zuen droga, platanoen azpian. Coira anaiek, berriz, estalkirik gabe eta pazientzia handiz egin dute landaketa. Aurtengo uzta inoizko oparoena izan da, eta lan horren fruituak jasotzen ari dira orain. Dena den, aurrerantzean ez dute platano gehiagorik landatuko. Izan ere, martxoan, sei ataleko bigarren denboraldi hau bukatu ostean, betiko amaituko da Hierro telesaila.

'HIERRO'
Sortzaileak: Pepe Coira, Jorge Coira.
Aktoreak: Candela Peña, Dario Grandinetti, Kimberley Tell, Antonia San Juan, Juan Carlos Vellido.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Thrillerra. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.