Telesailak

Erresistentzia oihu bat tiraniari

'The Handmaid's Tale' distopia laugarren denboraldira iritsi da. Elisabeth Moss aktore protagonistak zuzendu ditu hamar atal berrietako hiru

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Sistematik ihes egin edo barrutik eraldatu. Dilema horri tiraka aritu izan da TheHandmaid's Tale telesaila 2017an estreinatu zenetik. Margaret Atwooden nobela sonatua atzean utzita, bere bidea egin du Bruce Miller sortzaileak istorioa pantaila txikira egokitzerakoan. Bidean, feminismoaren ikur bilakatu da, eta azken urteetako telebista lan esanguratsuenetako bat.

Laugarren denboraldian, heldutasunera iritsi da telesaila; bere puntu sendo eta ahulak ezagutzen ditu, eta nolabaiteko oreka lortu du eszena itogarri eta itxaropentsuen artean. Minutu gutxiko denbora tartean topa litezke bi korronte kontrajarri hauek: torturak gordintasun osoz erakusten dituen eszena, batetik; Aretha Franklinen musikak lagunduriko pasarte argitsua, bestetik. Finean, hori da telesailaren sintesia eta polemika iturria. Izan ere, kontakizunaren kutsu ilunegia gaitzetsi izan dute arestian kritikariek zein ikusleek, eta sortzaileek jaramon egin diete ahots horiei.

Dagoeneko lau urteko bidea egin du kontakizun distopiko honek, baina oraindik sarritan nabari da klasikoen arrasto sakona. George Orwellen 1984 eta Aldous Huxleyren Brave New World nobeletako protagonisten moduan, June Osborne eta telesaileko gainerako emakume zapalduak behin eta berriz ahalegintzen dira Gileadetik ihes egiten. Indarrean den sistema tiranikoaren atzaparretatik libratu nahi dute.

Sortzaileek lehen denboralditik erakutsi dute aktualitateko gertakariak fikzioan txertatzeko borondatea, eta, oraingoan, Donald Trumpen agintaldi amaiera kaotikoari zeharkako erreferentzia bat egin diote. Iragazkirik ez duten gizon zapaltzaileak eraman dituzte pantailara, eta erakutsi dute, haien ondorioz, eguneroko bizitza presondegi fisiko eta mentala bilakatzen dela telesaileko protagonistentzat, baita Gileadetik ihes egitea lortu duten horientzat ere.

Oraingoan ere, sekulako lana egin du Colin Watkinson argazki zuzendariak, baina bestelakoa da denboraldi honetako nobedade esanguratsuena. Elisabeth Moss aktore protagonistak hamar atal berrietako hiru zuzendu ditu. Kameraren aurrean ez ezik, atzean ere izan da gidari.

Erditze eszena traumatikoak atzean geratu diren arren, zuzendariek lehen ataletako irudietan azpimarratu dute emakumeak kaioletan bizi direla, etxalde industrialetan esplotaturiko animalien antzera. Indar berezia du sinbologia totalitarioak ere; ez da sekula erabat esplizitu bilakatzen, baina hor dago beti, ikusleari gogorarazteko zeinen gupidagabea den aurrez aurre duen unibertsoa.

Atal berrietan, tunika gorrizko emakumeak bezain interesgarriak dira berdezkoak. Joan den denboraldiko ildoari segituz, azken horiek ere patriarkatuaren biktima gisa irudikatu ditu telesailak, eta iradoki du sistemak oso erraz manipula ditzakeela belaunaldi gazteak. Sumisioaren eta askatasunaren arteko hamar ataleko gurutzada berri honetan, erresistentzia oihua da nagusi, gizonek menderaturiko mundua betierekoa ez dela aldarrikatzen duen oihua.

'THE HANDMAIDĀ“S TALE'
Sortzaileak: Bruce Miller
Aktoreak: Elisabeth Moss, Max Minghella, Yvonne Strahovski, Joseph Fiennes, Ann Dowd.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.