Telesailak

Aristokraziaren piramidean gora

'Belgravia' telesaila sortu du Julian Fellowes artista britainiarrak, 'Downton Abbey' lan sarituaren ondorengo gisa

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Sekulakoa izan zen Downton Abbey telesailaren sona. XX. mendeko aristokrazia britainiarraren inguruko istorioak hamar Emmy sari, kritikaren aho batezko gorespena eta zaleen miresmena lortu zituen 2010eko hamarkadan. Horrenbestekoa izan zen haren arrakasta, ezen film bat ere filmatu zuten sei denboraldiko telesailaren osagarri gisa. Abenduan argitaratuko dute bigarrena.

71 urteko sortzaile beteranoa da Fellowes; aurrez aktore eta gidoigile gisa aritu izan da kutsu klasikoa duten hamaika film, telesail eta antzerkitan, eta bide horri eman dio segida Belgravia nobedadean. 1815eko Londresen girotu du telebistarako sei ataleko lan berria, eta autore gisa bereizi duten osagai guztiak bildu ditu bertan. Luxuzko etxeak, banketeak, jantziak, zalgurdiak, dekorazioa, kaleetako giroa... elementu formal horiek azken xehetasuneraino zaindu ditu telesaileko lantaldeak, eta handitasuna darion kontakizun bat osatu du.

Trenchard familia da istorioaren protagonista: Londresko goi klaseen artean euren tokia bilatzen duten «aberats berriak» dira. Herentzia, pribilegio, amodio eta sekretuz jositako mundu bat da Fellowesek marrazturiko aristokrazia. Narrazio klasikoaren aldeko apustu argia egin du beste behin ere, ekoizpen ikusgarritik hasi eta pertsonaien karakterizazioraino. Horrek balio du garai historiko jakin baten gizarte kodeak pantailara eraman eta ikuslea kontakizunean erabat murgiltzeko.

Waterlooko gudua eta Napoleon Bonaparte atzeko oihal gisa ageri dira telesailean, eta sortzaileek egungo betaurrekoen bidez erreparatu diote emakumeen garai hartako gizarte rolari. Abentura kutsua duen musikak lagunduta, telesaileko atalen ikustaldia entretenigarria da; izan ere, istorioak aurrera egiten du, etengabe. Ez du akziozko telesailen moduko abiadura bizirik, baina ez da une bakar batean ere geldotzen, eta hori erakargarri suertatuko zaio ikusle askori.

Downton Abbey telesaileko lantalde artistiko zein tekniko berbera aritu da itzalean; kameraren aurrean, ordea, aldaketaren aldeko apustua egin dute arduradun nagusiek. Aktore zerrenda bigarren lerroko antzezle britainiar beteranoekin osatu dute, haien artean ez dago Hollywoodeko aurpegi ezagun bakar bat ere, baina denak dira ibilbide luzeko profesionalak.

Sei ataleko telesail laburra da Belgravia; sei denboraldiko lan luzea izan zen Downton Abbey. Lehena Fellowesek berak argitaraturiko liburu baten telebistarako moldaketa da; bigarrena, berriz, jatorrizko ideia batetik abiatu zuen. Ezberdintasun horiek kontuan izanda, ikusteke dago zenbateraino luzatuko den Londres erdiguneko Belgravia auzo aberatsean giroturiko kontakizunaren bizitza.

Gauza bat bistakoa da: Julian Fellowes izugarri trebea da antzinako telesailak osatzeko garaian; aparteko jostun baten abilezia erakutsi du narrazio eta estetika klasikoak iruteko orduan. Izan Belgravia edo beste proiekturen bat, lehen mailako emaitza ia ziurra da.

'BELGRAVIA'
Sortzaileak: Julian Fellowes.
Aktoreak: Alice Eve, Philip Glenister, Tamsin Greig, Ella Purnell, Jack Shaloo.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.