Telesailak

Heriotzarekin bizitzen ikasi

Hogei urte bete ditu 'Six Feet Under' HBOren telesail klasikoak. Ehorztetxe bat gidatzen duen familia bat da istorio paregabe horretako protagonista

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Zer oihartzun du telesail batek bi hamarkada geroago? Zer geratzen da oroimenean iltzatuta, irudien eta estimuluen joan-etorria etengabekoa den aro honetan? Hogei urte bete berri dira HBOk Six Feet Under estreinatu zuenetik, eta hamaika arrazoi daude maisulan atenporal horretara itzultzeko.

Bost urteko ibilbidean, mundu zabaleko milioika ikusleren bihotza ukitu zuen Fisher sendiak. Ehorztetxe enpresa bat familian gidatzeko erronkari heldu zioten protagonistek, aita hil berritan. Abentura horren parte izan ziren lau lagun: Ruth alarguna, bigarren gaztaroko loraldi betean; Nate anaia helduena, behin atzean utzitako familiari zentzua eman nahian; David anaia ertaina, onarpen sexual eta profesionalaren bila; eta Claire arreba gazteena, arima errebelde eta sortzailea.

Drogak, negozioak, kartzela, indarkeria eta boterea izan dira urrezko telesail gehienen gidalerroak. Bide horretatik jo izan dute The Sopranos, The Wire, Mad Men eta Breaking Bad-ek. Sentimenek ere eduki dute tarterik lan horietan, baina bazterrekoa ia beti. Horretan bereizten da Six Feet Under: pertsonen arteko harremanik intimoenak dira kontakizun dramatiko horren ardatz nagusia, eta haien gorabehera emozionalek josten dituzte narrazioaren ertzak. Gizakia bere biluztasunean erakusten du telesailak, erantzun zintzo bat eman nahian galdera existentzial handiei eta eguneroko zalantza arruntei.

Pertsona bat hil eta pantaila zuri bilakatu da, bizitza amaierako argi itsugarri gisa. Modu horretan abiatzen da telesailaren atal bakoitza, ate bat itxiz eta beste bat irekiz, mundu hau utzi berri duten norbanakoen bizitzetara. Zendutakoen senideak Fisher familiaren ehorztetxera joango dira aholku bila, eta horiek atsekabetuak kontsolatu beharko dituzte maiz. Tarteka, ehorztetxeen negozioaz ere egiten du gogoeta telesailak. Baina heriotza eguneroko ogi duen istorio honek bizitza du iparrorratz. Familia, amodioa, identitatea eta zoriona dira, besteak beste, gai nagusietako batzuk. Ausardiaz jorraturiko gaiak dira, gainera, kontuan izanik eztabaida batzuek ez zutela egungo onarpen berbera duela hogei urteko gizartean.

Egia arnas daiteke protagonisten arteko elkarrizketetan, gizatasuna da gidoiaren osagairik funtsezkoena, eta pertsonaien hitz eta ekintzek sekulako oihartzuna dute euren arku dramatikoen garapenean. Alor formala ere bikaina da, zinema klasikoaren erreferentziek definiturikoa. Dena den, telesailari ez zaio tonu jostalaririk falta, eta sarritan izango du komedia ameslarien zeruertzean hegan egiteko atrebentzia.

Hogei urte geroago, izango da saio hori estreinakoz pandemia betean ezagutu duen pertsonarik, baita aspaldiko partez berrikusi duen zale beteranorik ere. COVID-19ak heriotza lehen mailara ekarri duen garai hau aproposa izan liteke bizitzaren zapore oro bildu nahi duen plater konbinatua dastatzeko, gela ilunean argi izpiari lekua egiteko. Telebistaren historiako lanik gogoangarrienetako bat da Six Feet Under, eta, ziurrenik, egiazkoena.

'SIX FEET UNDER'
Sortzaileak: Alan Ball.
Aktoreak: Frances Conroy, Peter Krause, Michael C. Hall, Lauren Ambrose, Richard Jenkins.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2001.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.