Telesailak

Lana ala bizitza

Ben Stiller komediagile estatubatuarrak 'Severance' distopia satirikoa zuzendu du. Bederatzi atal ditu telesailak, eta Apple TV Plusen dago ikusgai

APPLE TV PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Imajinatu bulegoko atetik irtetean laneko buruhauste oro automatikoki ahazten duzula. Eta, alderantziz, etxeko kontuak zure garunetik bat-batean desagertzen zaizkizula lantokira sartzean. Paradisua ala infernua? Dilema hori esploratzen du Severance telesail distopikoak. Apple TV Plusek estreinatu du, bederatzi atal ditu, eta gogoeta existentzialez josita dago.

Mark Scout pertsonaia protagonista Lumon enpresako gidarietako bat da, eta haren lankideen antzera onartu du bizitza profesionalaren eta pertsonalaren arteko pertzepzioak bereizteko ebakuntza hori, atzera bueltarik ez duen operazio kirurgikoa. Gizarte kapitalistan, edonork desiratu izan du noizbait botoi bat sakatu eta lanaldiko kezkak uxatzeko aukera. Bada, fikziozko proposamen horrek ideia hori pauso bat harago eraman du, lanari buruz errotuta dauden konbentzioak hankaz gora jartzeraino.

Bizitzako zortzi ordu gainerako hamaseiengandik deskonektatzeko aukera balego, nolakoak izango lirateke harremanak, ametsak eta oroitzapenak? Planteamenduak itxura idilikoa izan lezake, baina hamaika pitzadura ditu, eta Stillerrek ideia bat nabarmendu du, distopia klasikoen estiloari jarraiki: pertsonaien buruan beti dago iheserako eta disidentziarako nahia.

Ziurrenik, honako hau da komediagile estatubatuar ezagunak zuzendari gisa ondu duen lanik ilunena eta estilizatuena. Stillerrek azken xehetasuneraino zaindu ditu argazkia, kolorea eta estetika orokorra, eta ikusleek begirada propio bat igarriko dute irudiei erreparatzeko garaian. Esaterako, labirinto itxura dute lantokiko korridoreek eta planoen enkoadraketek, baita pertsonaien bizitzek ere. Kontraste eta deskonexio kontuei tiraka, musikaren nortasun bikoitza nabarmentzeko modukoa da. Isiltasun itogarria da nagusi, eta, minutuek aurrera egin ahala, piano nota minimalista batzuk besterik ez dira entzuten, giroa are misteriotsuago egiten. Une jakinetan, ordea, doinu alai eta zaratatsu batzuek erabat apurtzen dute dinamika hori. Stillerrek dualismoaren kontzeptua kiribildu nahi izan du, eta haren apustu formalak, nolabait, gogora ekar lezake Jaques Tati zinemagile frantziarraren 1967ko Playtime film ikonikoa.

Telesailaren asmoen tamainakoa da aktoreen zerrenda. Adam Scott, Patricia Arquette, John Turturro, Christopher Walken... Hollywoodeko izar handiak dira, eta euren interpretazio finek are gozagarriago bilakatu dute kontakizuna. Fikzioan, Lumon enpresako lankideak dira denak, baina lantokitik kanpo ez dute elkar ezagutzen, eta, hain justu, bertan garrazten da euren bizitza bereziki, bulegotik at. Protagonista ez dago garai sentimentalik gozoenean: bikoteak gorroto du haren lanbidea, eta lagunek erreparoa diote, ea ez ote den haserretuko hortaz galdetuz gero. Gaiak tabu izaera du lagunen artean, tentsioa eragiten du, eta, euretako batek protagonistari aurpegiratzen dionez, haren lan hautua: «eztabaidagarria da etika, gizarte eta zientzia alorretan».

Kolpean, protagonista negarrez ikusten da autoan, lantokira sartu baino minutu batzuk lehenago. Etsipenak jota dago, gizarteak ez ezik, berak ere ezin dituelako ez ulertu, ez ezagutu hartu duen erabakiaren ondorio guztiak.

'SEVERANCE'
Sortzailea: Ben Stiller.
Aktoreak: Adam Scott, Patricia Arquette, John Turturro, Britt Lower, Christopher Walken.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: thrillerra eta drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.