Telesailak

Polizia indarkeriaren ondorio ilunak

David Simon sortzaile estatubatuar laudatua 'The Wire' telesail klasikoaren unibertsora itzuli da 'We Own This City' nobedadearekin

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ekainean hogei urte beteko dira HBOk The Wire klasiko garaikidearen lehen atala estreinatu zuenetik. Telesaila emanaldian egon zen bitartean, ustekabean igaro zen, ez zuen ia saririk jaso, eta gerora bilakatu zen telebistaren historiako fikziorik estimatuenetako bat. Bada, bi hamarkada geroago, David Simon eta George Pelecanos sortzaileak Baltimorera itzuli dira. Kale izkineko droga saltzaileak, polizia sarekadak eta politikarien negozio ezkutuak eguneratu dituzte, 2020ko hamarkadako prismatik.

Gizonezko beltz bat lurrean dago, eta polizia agente bat burua belaunaz blokeatzen ari zaio, inguruan hainbat pertsonak ekintza kameraz grabatzen duten bitartean. George Floyden hilketaren oihartzuna begi bistakoa da, eta Simonek polizia abusuak lehen lerrora ekarri ditu, telesailaren ardatz tematiko gisa.

The Wire Simonek Baltimoreko kaleetan egindako kazetaritza ikerketa baten fruitua izan zen. Horregatik, ez da harritzekoa We Own This City telesailean ere gidoigintzarako erakutsi duen trebezia. Elkarrizketak urrezkoak dira, eta kaleko errealitateari itsatsita daude, izan polizia agente, epaile edo droga trafikatzaile, pertsonaien kodeak eta pentsamendua fideltasunez islatu dituzte. Telesailak dokumental itxura du maiz, eta urrun dago The Shield eta True Detective kultuzko lanen tankerako testosterona ariketetatik.

The Wire-ren zaleek duela hogei urte ezagutu, sufritu eta maitatu zituzten Baltimoreko kale berberak ageri dira pantailan, eta, giro horretan, nostalgia ustiatzea ezin errazagoa litzateke Simonentzat. Haren hautua, ordea, bestelakoa izan da. Administrazioko botere harremanen erretratua fintzen eta mamitzen ahalegindu da, poliziaren eta komunitateko beltzaren arteko bizikidetza gatazkatsuari tiraka.

McNulty eta Bunk agente ikonikoen itzala luzea da, eta protagonista berriek ez dute horrenbesteko nortasunik. Dena den, bada zaharberritze seinalatu bat. Jamie Hector aktoreak Marlo Stanfield kriminalaren rola jokatu zuen The Wire telesailean, eta, orain, polizia detektibe baten larruazalean jarri da. Hectorren pertsonaiak amaiera ireki bat izan zuen duela hogei urte, eta horrek askotariko hipotesiak sorrarazi ditu orain zaleen artean. Pertsonaia berbera ote da, krimena atzean utzi eta polizia agente bilakatuta?

Telesailaren beste nobedade esanguratsuetako bat flashbacken erabilera da. David Simonek hainbat lan gogoangarri plazaratu ditu bere ibilbide oparoan, tartean Katrina urakanaren inguruko Treme, porno industriari buruzko The Deuce eta AEB faxista batean giroturiko The Plot Against America. Denen artean lehena The Corner izan zen, The Wire klasikoaren aurrekari zuzena. Bada, ordutik Simonek ez zuen flashbackik txertatu bere lanetan, eta oraingo honetan narrazioaren zutabe bilakatu dira, berriz ere.

Iraganeko pasarteak orainaldikoekin erkatuz, Simonek polizia indarkeriaren ondorio ilunak azpimarratu nahi izan ditu. Are gehiago, indar handiz nabarmendu du polizia agente beltzek zurien jokaera oker berberak errepikatzen eta elikatzen dituztela. «Gurea da hiria» entzun daiteke telesaileko elkarrizketa batean. Baina, nor ote da haren egiazko jabe?

'WE OWN THIS CITY'
Sortzailea: David Simon, George Pelecanos.
Aktoreak: Jon Bernthal, Jamie Hector, Josh Charles, Wunmi Mosaku, Domerick Lombardozzi.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.