Telesailak

Krimenaren agertokian, despistean jolasean

Javier Camara da Galizian giroturiko 'Rapa' telesaileko protagonista. Thrillerra eta krimena uztartzen dituen generozko kontakizuna da

MOVISTAR PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Piztien rapa» antzinako tradizio galiziar bat da. A Capelada mendilerroan zaldiak aske bizi dira, tradizio hori ospatzen duten egunean izan ezik. Gatibutasun hori du sinbolo Rapa telesailak, kostaldeko gune umel, hotz eta ilunetan giroturiko thriller espainiarrak.

Pandemia aurreko telesail izarretako bat izan zen Hierro. Kanaria Uharteetan, platanoen gerizpean ezkutaturiko azpijoko kriminalen inguruko istorioak sona handia izan zuen, eta haien sortzaileen lan berria da Rapa. Oraingoan ere hilketa bat dute abiapuntu, herriko alkatearen hilketa, hain justu. Gertakari hori aitzakia ezin hobea bilakatuko da komunitateko trapu zikinak eta administrazio publikoaren ustelkeria aireztatzeko.

Telesailak ageriko keinuak egin dizkio PPk Galizian duen botereari eta La Voz de Galicia egunkariaren ardurari. Galizieraz, ordea, hitz bakar bat ere ez da entzuten telesaileko lehen ataletan, eta hori ezin harrigarriagoa da, are gehiago kontuan izanik pantailan ageri diren kartel askotan seinaleak galizieraz idatzita daudela.

Protagonista Javier Camara da. Aktore errioxarra komedia giroan ibili da azken urteetan, hiru aldaera izan dituen Vota Juan satira politikoan murgilduta. Orain, rol dramatiko batera itzuli da, eta mugimendu hori gozagarria izango da ikusle askorentzat. Izan ere, Camara zeinen aktore ona den gogoratzeko balio izan du. Berea pertsonaia xelebre bat da, despistatua, satelite modukoa. Herriko alkatea hilzorian topatu du mendian, bakardadean. Baina ez daki nor den, ez da alkatea berehalakoan identifikatzeko gai. Gainera, herriko agintari nagusiak belarrira esan dizkion azken hitzek trama ilun baten parte dirudite, baina, tentuz ibili eta aitormenak neurtu ordez, polizia agenteei eta iruzurgile itxurako alkatearen senideei kontatuko dizkie. Hautu horien bitartez, pixkanaka, protagonista lokatzetan barneratuko da, eta bere itxurazko axolagabekeriak ondorio larriak izango ditu.

Umore beltza da nagusi, telesailak une surrealista mordoa ditu, eta tokiko nortasunari ere egin dio erreferentzia, pasarte absurdo batzuen bitartez. Hein batean, nazioartean erreferente bilakatu diren telesail jakinen oinordeko da. Esaterako, Broadchurch britainiarra eta Ofaerd islandiarra. Dena den, bi horiengandik urrun dago alor teknikoan: gidoia eta muntaketa askoz konbentzionalagoak dira. Rapa telesailaren gertukoagoa da Felix, Cesc Gay zuzendari katalanak 2018an Movistar Plusen bertan plazaraturiko lana.

Herriko alkatea hil ostean, gorpu ustelaren soberakinez elikatuko dira putreak. Haren senide, aliatu eta etsai zirenek agintea eskuratu nahian libratuko dute botere gerra. Sortzaileak eroso aritu dira generoaren kodeetan, thrillerraren gakoak ezin hobe menperatzen dituzte, eta sekulako zukua atera diete pertsonaien arteko norgehiagoka horiei. Garapen narratibo paraleloak indartu dituzte, une berean leku ezberdinetan jazotzen ari diren gertakari giltzarriak pantailan islatu eta drama tentsioz betetzeko. Polizia agenteen hanka sartze larriak, enpresaburuen itun ezkutuak... eta horren guztiaren erdian Javier Camararen pertsonaia, bat-batean krimenaren agertokian azaltzen den protagonista. Dirudien bezain despistatua ote?

'RAPA'
Sortzailea: Jorge Coira, Fran Araujo.
Aktoreak: Javier Camara, Monica Lopez, Lucia Veiga, Eva Fernandez, Toni Salgado.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.