Mezularia, herriaren etsaia

Filminek Finlandiako krimen telesail bat estreinatu du, zortzi atalekoa. Finlandian eta Bartzelonan filmatu dute

FILMIN.
Mikel Yarza Artola.
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
«Egiguzu mesede bat, eta egin tiro zeure buruari», «joan popatik hartzera, alua», «eta hori kazetari kontsideratzen al da?», «alua, emagaldua», «ez baduzu ulertzen, mantendu ahoa itxita», «atzeratu madarikatua, ez dakizu ezer futbolaz», «partidaren bat ikusi ote du?», «Katja Salonen, akabatuko zaitugu», «alua».

Sare sozialen bidez igorritako gorroto mezu horiek dira Kansan Vihollinen telesailaren abiapuntua. Katja Salonen da haien biktima, Finlandiako futbol jokalari ezagunenaren inguruan artikulu kritiko bat idatzi duen kazetaria. Kirolaria hilik agertuko da Mediterraneoko bere luxuzko etxeko igerilekuan, eta gertakari horren ondotik azaleratuko dira gezurrak, iruzurra eta kriptodiruaren inguruko istorio korapilatsu bat.

Helsinkin eta Bartzelonan filmatu dute telesaila; zortzi atal ditu, eta istorio entretenigarri bat osatu nahi izan du, botere gehiegikeria, idolo masiboei adierazitako miresmena eta hedabideenganako mesfidantza oinarri hartuta. Istorioko protagonista ahaleginduko da sekretu ilun horien atzean ezkutatzen den egia argitaratzen, baina bidean presio bortitzak jasan beharko ditu, bere bizitza arriskatzeraino.

Finlandiako nobedade honek azken urteotako bi fikzio estatubatuar seinalatu ekar litzake gogora: The Newsroom telesaila eta Spotlight filma. Ikerketa kazetaritza da bien ardatza, ekoizpen nordiko berri honek zuzenean edan du haien narrazio estilotik, eta kontakizuna trebeziaz eguneratu du, komunikazioaren egungo munduan horrenbesteko zeresana eman duten albiste faltsuak, konspirazioaren teoriak eta egia-ostea istorioan txertatuta.

Telesailak osagai guztiak ditu arnasa kentzeko moduko thriller bat izateko, eta, hain zuzen ere, erritmoan egin du hutsegiterik handiena. Lehen ataletan, ikusleek pertsonaia protagonistak ezagutuko dituzte, su geldoan, baina, minutuek aurrera egin ahala, tentsioak ez du gora egingo, eta hasierako misterioa ez da itogarri bilakatuko. Pertsonaien arteko elkarrizketak luzeegiak dira, hainbat aktoreren interpretazioa aparteko nortasunik gabekoa, eta eszenen muntaketa irudimen eskasekoa.

Zortzi atalak Finlandian eta Katalunian filmatu izana ere abagune izan zitekeen telesailarentzat, joko narratiborako arma bat gehiago. Mossos d'Esquadra polizia autonomikoa iruditan islatu du, baina ez du bereziki sakondu haren funtzionamenduan. Hollywoodeko polizia thriller ikusgarrietaraino joateko beharrik gabe, gugandik kilometro gutxira ere badira genero honetan adibide izan litezkeen telesailak. Esaterako, Galiziako eta Portugalgo telebista publikoek 2020an elkarlanean plazaraturiko Auga Seca telesaila. Urte luzez oroitzeko moduko kontakizun bat izan gabe, gai izan zen ikusleen jakin-mina urratsez urrats areagotu eta azkeneraino mantentzeko.

Kansan Vihollinen Finlandiako telesailak ahaleginak eta bi egin ditu esku artean zituen osagaiak modu egokian konbinatzeko. Funtsean, ordea, igande arratsaldeetako telefilm baten antz handiagoa du, askotariko geruzaz osaturiko HBOren istorio korapilatsu batena baino.

'KANSAN VIHOLLINEN'
Sortzailea: Mikko Kuparinen.
Aktoreak: Kreeta Salminen, Raul Tortosa, Tobias Zilliacus, Johannes Holopainen, Aina Clotet.
Herrialdea: Finlandia.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.