Altzairuzko oihaletik libratu nahian

HBOk Nicolae Ceausescuri bizkarra eman zion espioi errumaniar baten inguruko fikziozko istorioa jorratu du sei ataleko 'Spy/Master' thrillerrean

HBO.
Mikel Yarza Artola.
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
«Segi ezazu presidente kamaradaren erretratuan lanean, logelan utzi dizut haren argazkia». Aitak alabari emandako agindua da, Spy/Master telesaileko lehen eszenan. Kutsu klasikoa duen espioitza thriller bat da, HBOk Errumanian eta Hungarian ekoitzitakoa. Fikziozko Victor Godeanu pertsonaia dago istorioaren erdigunean, Nicolae Ceausescu Errumaniako estatuburu izandakoaren eskuineko eskua. Hori bakarrik ez, Godeanu KGBko agente sekretu ere bada eta Ekialdearekin dituen lotura guztiak apurtzen ahaleginduko da, CIArekin kolaboratu eta AEBetara ihes egiteko.

Gerra Hotzeko kontakizuna da, nazioarteko azpijokoek eta botere lehiak gidaturikoa. Iruditan ageri dira labirinto tankerako bulegoetako korridoreak, tentu handiz itxitako ateak, xanpain botilaren etiketapean ezkutaturiko kode sekretuak... eta plano kontraplano klasikoak ere bai. Sortzaileek trebetasunez baliatu dituzte ikusleen arreta guztia gidoiko elkarrizketetara bideratu nahi izan dutenean. Hollywoodeko espioitza filmetan sarritan erabilitako elementuak dira, kontinente zaharreko zinemagileen betaurrekoetatik igarota. Christopher Smith britainiarra arduratu da zuzendari lanaz, Kirsten Peters alemaniarra eta Adina Sadeanu errumaniarra, berriz, gidoiaz.

Traiziopean ateratako argazkiak, dokumentu klasifikatuak, kotxe bidezko jazarpenak... garai eta giro zehatz bat arnas daiteke telesailaren sei ataletan, kasik nostalgikoa zibererasoen eta segurtasun digitalaren egungo munduan. Garai historikoak ere badu mamia. Sobietar Batasuna erori aurreko urteak dira, pertsonaiak Berlingo Harresiaren alde bietan ageri dira, baita Ekialde Hurbileko hainbat puntutan ere, taula geopolitiko hauskorrean oreka topatu nahian.

Balantza horretan, joko arriskatuena jokatzen du Victor Godeanuk. Estatubatuarrekin ezkutuko negoziazioetan ari da eta Ceausescurentzat aholkulari lanak egiten ditu, aldi berean. Telesailak ez du indarrik xahutu su geldoko garapen dramatikoetan eta berehala heldu dio espioiaren itolarriari, joko bikoitzean dabilen pertsonak bizi duen etengabeko tentsioari. Atalek aurrera egin ahala, mesfidantza abiada bizian haziko da, eta protagonistak bere burua bakartuko du. Pentsamendu paranoiko hori adimen handiz islatu dute sortzaileek alor formalean, eta ikusleen arreta mantentzea lortu ere bai, cliffhanger-en beharrik gabe.

Istorioak ez du aparteko originaltasunik, baina hamaika osagai ditu ikustaldi entretenigarri baterako. Bertute nagusietako bat aktore protagonista da, Alec Secareanu errumaniarrak nazioarteko aitortza jaso zuen 2017an Sundanceko Zinemaldian God's Own Country film saritua aurkeztu ostean eta, oraingoan ere, maila handiko interpretazioa ondu du.

Bainuetxe eta elizetako bilkura isilak, eszenaratze komunista handientsuak, sarrera kredituetako artxibo irudi historikoak... Spy/Master espioitza thrillerren kodeak goitik behera menderatzen dituen lan sendo bat da. Tamalez, HBO Maxek Europa Erdigunean ekoitzitako azkena izango da, Warner eta Discovery korporazioen fusioak eragindako murrizketen adibide bat gehiago.

'SPY/MASTER'
Sortzaileak: Christopher Smith, Kirsten Peters, Adina Sadeanu.
Aktoreak: Alec Secareanu, Parker Sawyers, Ana Ularu, Nico Mirallegro, Svenja Jung.
Herrialdea: Errumania.
Urtea: 2023.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena:50 minutu.
Generoa: Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.