Telesailak

Tronuaren azken hatsa

Azken denboraldira iritsi da 'Game of Thrones', masa fenomeno bilakatuta

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Iritsi da agur esateko unea. Game ofThrones, inoizko sonarik handieneko telesaila, ate joka dagoen azken emanaldiaren ostean amaituko da betiko. Edo ez, AEBetako HBO kateak jada iragarria baitu prestatzen ari dela unibertso berean giroturiko bost ekoizpen.

Sei atalez osatu dute sortzaileek zortzigarren denboraldia, inoizko laburrena. Telebistarako moldaketak aspaldi hartu zien aurrea George R.R. Martin idazlearen jatorrizko eleberriei, eta horrek eragin zuzena izan du bataren zein bestearen kontakizun lanetan. Martinen ekarpenik gabe, Benioff eta Weiss gidariek azeleragailua zapaldu dute, eta telesaila ikusgarriago bilakatu; bidean galdu da lehen denboraldietako konplexutasun narratiboa.

Horrek, ordea, ez du horrenbesteko garrantzirik ikusle askorentzat. Izan ere, tronuaren lehiak muga oro gainditu du, eta pop kulturaren parte bilakatu da: jarraitzaile klubak sortu dituzte mundu zabalean, topagunean atalak astez aste modu kolektiboan ikusteko, eta kinielak asmatzeko, telesailaren amaieran nor hilko eta nor biziko den. Nazioarteko pentsalarien ahotan ere izan da telesaila, eurek aztertu dute zein modutan islatzen dituen egungo gizartea, gerra estrategiak eta botere lehia eternala. Are gehiago, ordezkari politikoek ere baliatu dute Game of Thrones iritzi publikoan eragiteko. Modu batera edo bestera, denon ahotan egon da.

Eta ez da gutxiagorako, oparitu dituelako telesail zaleen oroimen kolektiboan iltzatuta geratuko diren urrezko eszena andana. Ned Starki burua mozten diotenekoa, Daenerys lehenengoz sugarretan murgildu osteko dragoien jaiotza, Ezkontza Gorria, Joffreyren heriotza, Oberynen mendeku zapuztua, Cerseiren lotsa martxa, Arya eta Hainbat Aurpegiko Jainkoa, Brann eta Hodorren arteko agurra, Jon Snowren berpiztea, Night King eta neguaren etorrera... zerrenda luzearen adibide batzuk besterik ez dira.

Argilunez beteriko pertsonaia sinesgarriak dira une gogoangarri horien protagonista. Alde horretatik, azpimarratzekoa da sortzaile taldearen ausardia, Martinen jatorrizko obrari eutsiz eraiki duelako inoizko istorio koralik aberatsenetakoa, protagonista bakarreko telesailen formatu klasikotik oso urrunekoa.?

Euskal Herrian, gainera, Game ofThrones-ek zuzeneko eragina izan du. Fantasiazko unibertso horren kokaleku bilakatu dira, besteak beste, Nafarroako Bardea, Bermeoko Gaztelugatxe eta Zumaiako flyscha. Telesail izarra hemengo sentitu dute jarraitzaileek, filmaketetan figurante gisara parte hartuta edota hain ezagun diren txokoak pantailan zirraraz ikusita. Baina eragin du ezinegona ere, askorentzat arnasgune ziren kokaleku horiek itogarri bilakatu dituelako, onura turistiko eta ekonomikoaren izenean.

?Dena den, eta edozeren gainetik, esperientzia erraldoi bilakatu da telesaila, gogo biziz ikusi eta gozatzeko moduko fikzioa. Eta masa fenomeno bihurtu izanak nabarmen areagotu du saioak amaierara begira duen erronka. Ikuskizuna eta mamia orekatu beharko ditu, zale beteranoak zein hasiberriak asebete, eta, batez ere, itxiera biribila eman beharko dio iraupen luzeko narrazioari. Telesailen bikaintasuna neurtzeko termometro gisara balio dezake honako ariketa honek: jatorrira itzuli, atal pilotuari erreparatu, eta alderatu zenbateko oihartzuna duten han ezarritako zimenduek telesailaren agurreko atalean. Game of Thrones-en kasuan, gauza bakarra da ziurra: mundu osoa izango du begira.

'GAME OF THRONES'

Sortzaileak: David Benioff, D.B. Weiss.

Aktoreak: Lena Heady, Peter Dinklage, Emilia Clarke, Kit Harington, Maisie Williams, Sophie Turner.

Herrialdea: AEB. Urtea: 2019.

Non ikusi: HBO, Movistar+, OCS.

Atal bakoitzaren iraupena: 70 minutu.

Generoa: Drama. Fantasia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.