Telesailak

Ekialde Hurbileko etsaia, etxeko atean

'Homeland' thriller politikoak agur esango du zortzigarren denboraldia amaitu ostean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Telesail batzuek oihartzun handiko amaiera izan ohi dute. Hedabideen eta sare sozialen olatuak bultzatuta egin dezakete azken esprinta, pop fenomeno bilakatuta. Horren adibide argi izan dira, besteak beste, Breaking Bad eta Game of Thrones. Dena alde izan zuten agurreko garaian. Beste saio batzuek, aldiz, kalitate handikoak izanda ere, foku nagusietatik urrun borobildu behar izan dituzte euren istorioak.

Azken talde horretan koka genezake Homeland, CIAko agente Carrie Mathison ardatz hartuta zerbitzu sekretuak, nazioarteko politika eta talde armatuak esploratzen dituen telesaila. Zortzi denboraldiren ostean helduko da kontakizuna behin betiko amaierara, eta bereziki adierazgarria da jatorriz Showtime kate estatubatuarrak ekoizturiko lan horren kasua. Izan ere, telesailaren lehen bi denboraldiek mundu mailako arrakasta izan zuten, kritikaren eta publikoaren gorespena jaso, eta Akamediaren onarpena ere eskuratu zuten, sari bidez: telesailik onenaren Urrezko Globoa, bitan, eta Emmy saria, behin.

Gerora, Nicholas Brody protagonistaren heriotzak istorioaren inguruko interesa murriztu eta jarraitzaile andana aldendu zuen betiko. Baina pertsonaia hori alboratzeak eman zien sortzaileei, hain justu, epe luzerako gasolina. Bide dramatikoak zabaldu eta telesaila errautsetatik berpizteko aukera. Lehen bi denboraldietako ildo narratibo nagusiarekin apurtu, islamera bihurturiko militar estatubatuarraren mehatxu monotematikoa gainditu, eta telesailak afera konplexuagoak jorratzeari ekin zion pixkanaka.

Pakistanera jo zuen laugarren denboraldiak, hango agente sekretuak eta CIAkoak parez pare jarrita. Bosgarrena, aldiz, Europan girotu zuten sortzaileek, eta errealitatearen eta fikzioaren arteko muga inoiz baino lausoagoa bilakatu zen. 2015eko azaroan Paris eta 2016ko martxoan Brusela jo zuten eraso terroristen artean eman zituzten denboraldi hartako atalak, gertakari horiekin lotura estua zuten atalak, hain zuzen.

AEBetako presidentetza, Estatu Islamikoa, Vladimir Putin, Charlie Hebdo, Edward Snowden, migratzaileen krisia... horiei guztiei bete-betean heldu die Homeland-ek. Baita beste hamaika gai mamitsuri ere, eta gai bakoitza fikzioan ahalik eta modu fidelenean islatzeko, gertu izan dituzte errealitateko agente sekretuak, baita Mendebaldeko eta Ekialdeko gobernuetako aholkulariak ere.

Mundu zabalean eragina duten azpijokoetatik harago, ordea, telesailak esparru intimoa ere jorratu du hamar urteotan. Nahaste bipolarra du Mathison agente protagonistak, eta horrek erabat baldintzatzen du haren bizitza profesionala eta pertsonala. Etenik ez duen polizia lana eta amatasuna bateratzearen zailtasunei erreparatu izan die telesailak, era bortitzean maiz, arreta arazoaren ondorio lazgarrietan jarrita, baina baita modu sentikor eta sinesgarrian ere.

Inteligentziaren esparrutik, AEBak babestu nahi izan ditu Carrie Mathisonek denbora honetan guztian. Bere aberriaren aldeko defentsa sutsua egin du, bidean lana, familia eta askatasun indibidualak galdu dituen arren. Jatorrira itzuliko da telesaila azken denboraldian, Mathison heroi, traidore, biktima edota erdibideko zerbait ote den argitzeko.

'HOMELAND'
Sortzailea: Alex Gansa.
Aktoreak: Claire Danes, Mandy Patinkin, Maury Sterling, Beau Bridges, Hugh Dancy.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: FOX.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Thrillerra. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.