Telesailak

Iruzurrarekin jolasean

Gobernu britainiarra zipriztintzen duen eskandalu bateko protagonista da Hugh Laurie aktorea, 'Roadkill' telesailean

ROADKILL.
Mikel Yarza Artola.
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
«Jendeak gustuko nau arauak hausten ditudalako». Donald Trumpen esaldi bat izan liteke, baina Roadkill telesaileko protagonistaren adierazpena da. Ez dabil, ordea, Etxe Zuriko agintaritik horren urrun. House telesailean egin zen ezagun Hugh Laurie aktorea, eta oraingoan Erresuma Batuko Gobernuko ministro baten rola jokatu du.

Animalia politikoa da. Edo, hobeto esanda, piztia mediatikoa. Argi utziko du lehen eszenan bertan: gustura dabil hitzen jokalekuan, mikrofono eta kamera artean. Epaitegitik irten eta berehala emango die mezu biribila hedabideei, diskurtsoaren xehetasun bakoitza azkeneraino zainduta. Izan ere, eskandalu bat da telesailaren abiapuntua.

Sexu harremanak eta desleialtasuna dira kontakizunaren gatza eta piperra. Ogi-mamia, berriz, thriller politikoa. Downing Street eta Westminster artean igarotzen ditu telesailak minutu asko, eta britainiarren fikzioan arrasto sakona utzi duten erreferentziazko lanak ekar ditzake gogora. Esaterako, House of Cards, Yes Minister, The Thick of It eta The Crown.

Izan drama, komedia edo erromantze, britainiarrek askotariko moduetan eraman dute fikziora herrialdearen historia garaikidea. Hainbat hamarkadatan zehar erakutsi dute abilezia euren burua pantailan birpentsatzeko. Roadkill telesailean Erresuma Batuko lehen ministroa emakumezkoa da, eta ez dira brexit-ari loturiko erreferentziak falta. Sortzaileek telesailaren erdigunera ekarri dituzte azke aldian polemiken jomugan egon den britainiarren NHS osasun zerbitzu publikoa eta horren ezagun egin diren fake news edota albiste faltsuak ere.

Azken urteetan, Erresuma Batua galtzak bete lan dabil errealitateko arazoei aurre egiteko, baina horregatik ez dio muzin egin fikzioari. Kultura politikoaren mailakoa da hedabide publikoen bidez entretenimenduari egin dioten ekarpena.

BBCren telesail berria korala da, eta indartsu egiten du aurrera, aktoreen lehen mailako lanaren erritmora. Abiada bizian mugitzen da parlamentu, epaitegi eta bulegoetako korridoreetan zehar. Arnasa hartzeko geldialdia baliatu eta tartea egiten die itzaleko negoziazioei. Pertsonaia asko aurkezten ditu lehen atalean, baina ondo lotuta daude denak, ezagutu bezain laster uler daitezke elkarren arteko loturak eta etorkizunean heldu litezkeen garapen narratiboak.

Gainera, gizon protagonistaren ikuspuntua ez da bakarra. Kontakizunaren beste muturrean dago elite politiko eta ekonomikoaren mundura erakarrita, haren garretan harrapatuta geratzen den emakumearena. Telesaileko sortzaileek hura baliatu dute eta modu sotilean iradoki ordezkari instituzionalentzat zeinen ikusezin bihur daitezkeen euren zirkulutik at bizi diren pertsonak.

Baina emakume guztien artean bada ikuslearen arreta bereziki bereganatuko duen bat. Gizon protagonistaren emaztearen rola jokatu du Sidse Babett Knudsen danimarkarrak. Borgen telesaileko protagonista gisa egin zen ezagun, herrialde horretako lehen ministro gisa. Orain rolak irauli ditu, politikariaren emaztearen larruazalean jarrita. Netflixek 2022an berpiztuko du Borgen, baina, bien bitartean, Knudsenen agerpena oso emankorra da britainiarrek dakarkiguten Roadkill.

'ROADKILL'
Sortzaileak: David Hare, Michael Keillor.
Aktoreak: Hugh Laurie, Helen McCrory, Sidse Babett Knudsen, Saskia Reeves, Danny Ashok.
Herrialdeak: Erresuma Batua.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Movistar+.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.