Albistea entzun

Telesailak

Galaxiarteko inperioaren eraberritzea

Isaac Asimov zientzia fikziozko idazle errusiarraren 'Foundation' saga aitzindaria telesail bihurtu du Apple TV Plusek
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Yarza Artola -

2021eko irailak 25

1940ko hamarkada izan zen zientzia fikzioaren urrezko lehen aroa. Artista aitzindari batzuek errealismo eta sakontasun psikologiko handiagoa eman zioten generoari, eta horietako bat izan zen Isaac Asimov, Foundation saga ezagunaren sortzailea. 16 nobelatan unibertso propio bat eraiki zuen, eta egun zientzia fikziozko istorioetan indarrean jarraitzen duten joerak ezarri zituen. Eragin zuzena izan zuen, esaterako, egunotan berriz ere nobedade den Frank Herberten Dune eleberri klasikoarengan.

Etorkizuneko mundu batean girotuta dago Foundation: gizakia galaxia osoan zehar hedatu da, eta gobernu inperialetan antolaturik dago. Denbora eta espazio tarteak horrenbeste areagotu izanak, ordea, aurrerapen zientifikorik eza eta ustelkeria ekarri ditu inperio galaktikora. Zibilizazioaren akabera modu matematikoan aurreikusiko du gizon batek; bien bitartean, protagonista talde bat hura eragozten eta mundu hobeago bat eraikitzen ahalegindu da.

Erraldoia da Asimoven idatzizko obra, ikus-entzunezko formatura egokitzea kosta egiten den horietakoa, eta urte luzez kutxa batean gordeta egon da, moldaketa gogoangarria noiz helduko zain. Apple TV Plus plataformak egin du apustua, eta, oraingoz, bi denboraldirako onartu du proiektua. Telesailaren gidaritza David S. Goyerren eta Josh Friedmanen esku utzi du, Hollywoodeko akziozko eta abenturazko ekoizpen ikusgarrietan trebatuak biak.

Asimoven klasikoa pantaila txikira egokituko zutela jakin bezain laster, ikusmina izugarria bilakatu zen zientzia fikzioaren zaleen artean, eta telesailaren abiadak, behintzat, eutsi dio erronkaren mailari. Lehen atala hasi eta berehala, zirrara sentsazioa areagotuko da jarraitzaileen artean; izan ere, ikusgarriak dira inperio galatikoa iruditara eramateko egindako ekoizpen, estetika eta girotze lanak. Ikusleak hasieratik nabarituko du istorio dramatiko handi bat dela, begien aurrean unibertso erraldoi berri eta zirraragarri bat irekitzen ari dela. Baina unibertso horri ez zaio konplexutasunik falta. Matematika, metafisika, erlijio eta politika kontzeptuz josita dago, eta batzuetan zaila da kontu horiek guztiak narrazio batean txertatu, modu mamitsuan jorratu eta ikusleentzat entretenigarri izatea.

Oreka hori lortzea da telesailaren erronka nagusia, eta, ildo horretan, batek baino gehiagok kritikatuko du Foundation ikuskizun garaikidearen bizio eta erraztasunetan erori dela. Nolabait, Star Wars berrien oinordeko da telesaila, estudio handien zerbitzura egindako produktua, egun publiko orokorrarentzat ekoitzitako zientzia fikziozko lan gehientsuenak bezala. Arrakasta komertzial masiboa bilatzen duten blockbuster-en logikari jarraikiz, ez dago autoretzarentzako tarterik, ezta arrisku narratiborik edota estetikorik ere. Tokitan geratu dira James Cameron eta Ridley Scott zuzendarien garai bateko askatasuna eta ausardia.

Scotten joan den urteko Raised by Wolves telesailaren parekoa litzateke Foundation: ideia liluragarrien amaraunean harrapaturiko landarea. Lortuko ote du lehen bi atalen ostean loratzea?

'FOUNDATION'
Sortzaileak: David S. Goyer, Josh Friedman.
Aktoreak: Jared Harris, Lee Pace, Cassian Bilton, Laura Birn. Leah Ferguson.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Zientzia fikzioa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Neska bat erremontean nola aritzen den ikasten, atzo, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Erremontean ikasten

Urtzi Urkizu

BERRIAlagun batzuek erremonte tailer bat egin dute Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Kirola probatzeko aukera ere izan dute, Endika Barrenetxea maisu zutela.
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Institutu bat gizartea bera da, baina eskala txikian»

Iker Tubia

Irakaskuntza «esker oneko» lana izan da Mangadorentzat, eta zuzendari aritu zen urte luzez. Antolatzea eta irakastea maite ditu, baita ikastetxeetatik kanpo ere. Erretiroa hartu ondotik, zaletasunei eutsi zien: euskara, irakaskuntza eta tradizioak.
Barbara Farre eta Joana eta Mireia Vilapuig, martxoaren 29an, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bi ahizpa aktoreren autofikzio bat

Urtzi Urkizu

Filminek 'Selftape' telesaila estreinatuko du etzi. Joana eta Mireia Vilapuigek beren bizipenetan oinarrituta sortu dute fikzioa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.