Telesailak

Ipar Irlandako gatazka, kontinente zaharrean

'The Spectacular' telesailak fikziora eraman ditu IRAk 1988an Herbehereetan egindako atentatuak, bi emakume ardatz hartuta

FILMIN.
Mikel Yarza Artola.
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Belfast filmak jatorrizko gidoirik onenaren Oscar saria eskuratu berri du Kenneth Brannagh zinemagile irlandarrak, AEBetako zinema akademiaren aitortza jaso du haurtzaroko kontakizun autobiografiko baten bitartez. Kasualitate ala ez, Filmin plataformak egun gutxiren buruan estreinatu du The Spectacular, Ipar Irlandako gatazkaren inguruko telesaila.

Kontakizunaren ikuspuntua da nobedadeetako bat. Sortzaileak britainiar uharteetatik urrundu dira, eta argumentua Herbehereetan girotu dute; izan ere, 1980ko hamarkada amaieran, IRAk bi atentatu gauzatu zituen herrialdeko hegoaldeko Limburg probintzian.

Telesaila fikziozkoa da, baina errealitateko gertakariek eta pertsonaiek elikatzen dute. Funtsean, honako hau bi emakumeren arteko norgehiagoka bat da. Batetik, IRAko kideak atzematen ahalegindu zen polizia detektibea eta, bestetik, sistema ezbaian jarri nahi duen erakunde armatuko lider nagusietako bat. Batzuek «heriotzaren aingeru» izendatu zuten IRAko partaide ohi hori; Europako emakumerik arriskutsuena, besteek. Nabarmentzekoa da telesailak ez duela epai moralik egiten, eta bi pertsonaia horien arteko elkarguneak eta erakarpena azpimarratu dituela.

Detektibea eta aktibista, ordea, ez dira telesaileko eragile femenino bakarrak. Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministro ohia da beste figura sonatuetako bat, eta sortzaileek haren agerpena baliatuko dute ikusleei iradokitzeko zenbateko pisua izan zuen dialektikak Irlandako gatazkaren urterik korapilatsuenetan.

Emakumeak dira telesaileko protagonistak, eta horrek gogoetarako bidea ireki dezake. Zein ahalmen izan zuten ordezkari publiko, polizia arduradun edota talde terrorista bateko kide gisa? Nola urratu zuten bidea, gizonen munduan?

Bahiketak, jazarpenak, tankeen erasoak, lehergailuen eztandak... tankera horretako gertakariak behin eta berriz ageri dira pantailan, baina iruditan islatzeko erabilitako forma teknikoa konbentzionala izan da oso. Hori bai, telesailak bizkarra eman die Hollywoodeko kodeei, eta ez du estilizazioaren aldeko apusturik egin. Are gehiago, batzuetan, koherentzia estetikoa galtzeko zorian egon da, 1980ko hamarkadan giroturiko eszenetan txertatu dituelako 2022 urtekoak diruditen arkitektura, altzari, jantzitegi eta argiztapen elementuak.

Gatazka armatuan senideak galdu zituztenen samina irudietan senti daiteke, eta telesailak lan txukuna egin du istorio hori ikusle gazteengana gerturatzeko. Hein batean, proiektu hau ETAren hastapenak fikziora egokitu zituen 2020ko La Línea Invisible telesailarekin aldera liteke. Tartean daude polizia operazioak, gose grebak, etsaien arteko negoziazioak eta itun sekretuak.

Baina Herbehereetako telesailak Movistar Plusen proiektuak baino mami politiko handiagoa du, eta gogoan izateko modukoak dira aktualitatearekin ezarri dituen paralelismoak. Telesaileko atal batean Sinn Fein alderdiko zaleak agertzen dira taberna zokoan, eztabaida sutsuan, Ipar Irlandako gehiengo politikoa eskuratzeko zorian daudela sinetsita. 34 urte geroago, alderdi nazionalista udaberri honetan bilaka liteke historian lehenengoz Ipar Irlandan boto gehien lortu duenindar politikoa.

'THE SPECTACULAR'
Sortzailea: Willem Bosch.
Aktoreak: Hadewych Minis, Aoibhinn McGinnity, Ian Beattie, Declan Conlon, Gary Crossan.
Herrialdea: Herbehereak.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.