Telesailak

Zeluloideko banpiroaren berpizkundea

Oliver Assayas zinemagile frantziarrak 1996ko 'Irma Vep' filma telesail formatura egokitu du HBOrentzat

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
1915ekoa da Les Vampires film frantziarra. Musidora aktorea izan zen protagonista. Sei urte geroago, Pour Don Carlos filma zuzendu eta plazaratu zuen, Euskal Herrian filmaturiko lehena. Zortzi hamarkada geroago, eta banpiroei buruzko lehen istorio hori oroitzapenen kutxatik atera nahian, Olivier Assayas zinemagile frantziarrak Irma Vep filma plazaratu zuen. Irma Vep edo banpiro.

Assayasen 1996ko proiektuan, filmaketa lantalde bat zen protagonista, Musidoraren lan klasiko hori birsortzeko ahaleginean hamaika oztopo topatzen dituen lantaldea. Zuzendari frantziarrak omenaldi bat egin nahi izan zien zinema mutuari eta zinemagintzako profesionalei. Iruditan, aktoreak entseatzen agertzen dira, kamerariak xehetasun teknikoak atontzen, eta ekoizpen arduradunak modu sutsuan negoziatzen.

Assayasek zinema glamourretik urrundu, eta eguneroko arruntean ezarri zuen. Bada, ildo beretik eguneratu du proiektua, hamasei urte geroago. Telesaileko lehen eszenetan, aktore protagonista hedabideekin solasean ageri da, eta elkarrizketako gaien artean daude genero berdintasuna eta Europako demokraziaren osasuna. Filmaketan ere, ez da gorabeherarik falta. Bikote ohien arteko tirabirak, bulegoetako bilera arantzatsuak, polemikaz blaituriko proiekzio pribatuak... telesailak tankera honetako zinema pasadizoak eguneratu ditu, XXI. mendeko betaurrekoak jantzita.

Forma kontuetan ere bada zer aipatua. 1996an ordu eta erdiko filma zena zortzi orduko telesail luze bilakatu da orain. Bidean, behintzat, proiektuak nortasun zatikatua berreskuratu du, izan ere, 1915eko Les Vampires filma hamar ataletan banatua zegoen. Metanarratiba da nagusi. Moldaketa baten moldaketa, haren filmaketa uneak eta kameren atzean gertatzen diren kontuak.

Zer dela-eta osatu du Assayasek tankera honetako lan bat 2022an? Egarri artistikoak bultzatuta, ala streaming bidezko plataforma handiekin etorkizuneko itun komertzialen bat mamitzeko? Canneseko jaialditik igaro ostean, telesaila soilik zinemazale amorratuen bazterreko zirkuluetan mugituko da, ala HBOren garroei esker oihartzun handiagoa izango du mundu zabalean?

Galderak galdera, bada Irma Vep eraberritua ikusteko arrazoi erakargarri bat: Alicia Vikander aktore protagonista. Artista suediarrak taldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria eskuratu zuen 2016an, The Danish Girl filmean egindako lanagatik, eta oraingo honetan ere interpretazio gogoangarria ondu du, mendez gaindiko istorioa duen emakumezko banpiro ikonikoaren larruazalean.

Hollywoodeko izarra zaleekin argazkiak ateratzen eta autografoak sinatzen ageri da. Hasieran, telesailak erraz jarraitzeko modukoa dirudi, baina bidean ikusleek hainbat ezusteko esperimental topatuko dituzte. Animaziozko forma abstraktuekin eta soinuaren muturreko erabilerarekin dute zerikusia. Arrazoiak soberan, beraz, argi-ilunez beteriko mundu paregabe hau ezagutzen ez dutenei gonbita egin, misteriozko atea zeharkatu, eta zeluloideko banpiroaren berpizkundean murgiltzeko.

'IRMA VEP'
Sortzailea: Olivier Assayas.
Aktoreak: Alicia Vikander, Adria Arjona, Fala Chen, Carrie Brownstein, Lars Erdinger.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.