TELESAILAK

Dragoi sutan kiskalita

'Game of Thrones' telesaila amaitu eta hiru urtera, HBOk 'House of the Dragon' prekuela plazaratu du, Targaryen familia ardatz hartuta

HBO MAX-OCS.
Mikel Yarza Artola.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Tronua eskuratzeko desira eta haren zama deserosoa. Game of Thrones telesailak mundu osoko milioika ikusle liluratu zituen joan den hamarkadan; sekulako arrakasta komertziala izan zuen. Bide horri segika, HBOk telesail berri bat plazaratu du, ia 200 urte atzera eginda: Targaryen familiaren agintaldia esploratzen duen telesail bat.

House of the Dragon nobedade bat da, baina jarraitzaile sutsuentzat aski ezagunak izan dira pantailan topaturiko pasadizoak. Erregearen kontseilu gelako batzarrak, aurrez aurreko zaldi eta ezpata borrokak, komenentziazko ezkontzak... Euskal Herriari dagokionez, oraingoan ere Gaztelugatxe presente dago, artifizialki birsorturiko Dragonstone gazteluaren forman. HBOk Donostiako Kontxan egin du telesailaren mundu mailako promozio kanpaina, eta estreinako atalean aktore donostiar bat ere ageri da, burua moztuta.

Ekoizpenaren tamainakoa izan da zaleen ikusmina; lehen atalen helburu nagusia, berriz, haiek asetzea. Gerra, sua, sexua... akzio eszena biziek erritmoa eman diote telesailari, eta ikusleak berotu dituzte sagako etorkizuneko gertakari ikonikoei erreferentzia eginda. Baina, behin abiadura geldotuta, istorioak berehala galdu du indarra. Game of Thrones elkarrizketa mamitsuek eta nortasun handiko pertsonaiek egin zuten bereizgarri, eta hori da, hain justu, House of the Dragon prekuelaren gabezia larriena.

Familia arteko traizioak eta azpijokoak hor egon arren, gidoigileek ez dute gatazka dramatikoaren sua sobera elikatu, eta telesaileko hainbat eszenak betelan itxura hartu dute, aspergarri bilakatzeraino. Are gehiago, dragoiaren etxeko gidoigileek erronka funtsezkoenean egin dute kale: ez dute ia leiho kontzeptual berririk ireki, ez dira gai izan Game of Thrones-en itzaletik aldentzeko. HBOk dagoeneko baieztatu du telesailak beste denboraldi bat izango duela, eta estreinako honetako hamar ataletatik lau ikusita, esan liteke norabide argirik eta ahots propiorik gabeko proiektu baten aurrean gaudela.Baina horiek ez dira House of the Dragon-en arazo bakarrak. The Lord of the Rings saga klasikoaren The Rings of Power prekuela ere data bertsuetan estreinatu dute, eta azken horrek aurrea hartu dio, zentzu guztietan. Bi ekoizpen erraldoi horiek telesail zale guztien ahotan daude: bien arteko konparazioak markatu du pantaila txikirako egindako lanen urte berriko aktualitatea. Targaryen familia dragoi sutan kiskalita, eraztunen boterea are handiagoa bilakatu da.

Erraldoi izaten ahalegindu dira biak, baina Tolkienen materialak txiki utzi du Martinena. Eztabaidagaiak ere asko dira. Pantailarako egokitzapen batean zenbateko fideltasuna zor zaio literatur lan bati? Zer modutan ordezkatu behar ote dira arrazak iruditan? Eta fan mugimenduek ba ote dute eraginik tamaina honetako produktu komertzialetan? Iritziak iritzi, gauza bat bistakoa da: The Rings of Power ekuaziotik ezabatuta ere, House of the Dragon-ek orain arte erakutsitako bertuteak handitu beharko ditu gudu zelaian bizirik irauteko.

'HOUSE OF THE DRAGON'
Sortzailea: George R. R. Martin, Ryan Condal.
Aktoreak: Milly Alcock, Matt Smith, Olivia Cooke, Paddy Considine, Rhys Ifans.
Herrialdea: AEBak.
Urtea: 2022.
Non ikusi: HBO Max, OCS.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: drama, fantasiazkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.