Telesailak

Fantasia, indarkeria eta zentzumenen eztanda

Animaziozko 18 film laburrek bat egin dute 'Love, Death + Robots' telesailean

Mikel Yarza Artola.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Amaigabea da egungo telesailen eskaintza; etengabe ari dira ugaritzen streaming bidezko plataformak, eta astero hamaika telesail estreinatzen dituzte. Dozenaka dira denboraldi berriekin itzultzen diren beteranoak ere. Freskotasuna eta bestelako planteamenduak altxor preziatu bilakatu dira gaindosiaren aroan, eta, aldehorretatik, aipamen berezia merezi du Love, Death & Robots telesailak.

Hemezortzi atalez osaturiko saioa da, edo hemezortzi film laburrez osaturikoa. Izan ere, Tim Miller sortzaileak telesaileko izenburuaren aterkipean bildu dituen kontakizunek amaiera propioa eta nortasun ezin pertsonalagoa dute. Animazioa oinarri hartuta eta antologiazko formatuan, pieza laburrak osatu ditu. 6 eta 17 minutu artekoak dira denak, eta, ia ohartu gabe, atalaren kredituak agertuko dira pantailan. Ikusle askok hurrengo atala ikusi botoia sakatuko du, gogo biziz.

Pieza bakoitzaren atzean dagoen lantaldea da, hein handi batean, atal orok izaera propioa edukitzearen erantzule.

Hainbat ekoiztetxek osatu dute istorio bakoitzerako animazio ikusgarria, eta zuzendari indibidualek hartu dute narrazioaren gidaritza, hamabostek guztira. Tartean da Damian Nenow zinemagile poloniarra, Raul de la Fuente iruindarrarekin elkarlanean aritu dena; berriki, gainera, sari andana eskuratu ditu Another Day of Life filmaren buru gisara. Zuzendariek, batez ere, lortu dute elkarren artean amodioa, heriotza eta robotak ezaugarri komun dituzten istorioak begirada propioz zipriztindu eta ezberdintzea.

Telesaileko istorioen artean daude, besteak beste, piztia erraldoien arteko borrokak, gizakien iraganeko ohiturekin harrituriko robotak, satira politikoa, epidemiak eta landa eremuaren defentsa, sexu jazarpena, eta hilketak. Horiek denak, noski, fantasiazko unibertso artistiko bereizgarrietan girotuta.

Azken batean, ohikoak dira polizia, gerra edota politika kontakizunak, eta funtsean denak dira ezagun, oinarrizko narrazioa unibertso paretsuetan garatzen dutelako. Animazioak, berriz, aukera eskaintzen du irudimena aktibatu eta mundu ezezagunak esploratzeko. Kasu honetan, muga orori egin diote desafio sortzaileek, izan fotorrealismoaren alorrean, komikigintzan edo zinemagintzan. Ausardia horri esker, hezur-haragizko fikzioa ailegatzen ez den lekuetara iritsi dira.

Atalek aurrera egin ahala, ordea, ikuslea ohartuko da errepikapen narratiboez. Gehienetan, gainera, indarkeria da nagusi, eta emakumeen rolak bigarren mailakoak dira. Horiek dira telesailaren ahulgune nagusiak, eta, modu batean, ez da harritzekoa, proiektuaren gidaria Tim Miller izanik. Efektu bisualen esparruan trebatu ostean, Marvel unibertsoko Deadpool filmaren zuzendari gisa egin zen ezagun sortzaile estatubatuarra. Ekoizle exekutiboen artean, berriz, David Fincher zinemagile sonatua nabarmentzen da.

Gorabeherak gorabehera, obra sendo, fresko eta originala da. Esperientzia gozagarria ikusleentzat, are gehiago kontuan izanik atalak horren laburrak direla. Denborak esango du zenbatekoa den Love, Death + Robots telesailaren oihartzuna; oraingoz behintzat, aire freskoa ekarri du telesailen gaindosiaren arora.

'LOVE, DEATH + ROBOTS'

Sortzailea: Tim Miller.

Aktoreak: Scott Whyte, Nolan North, Matthew Yang King, Gary Cole, Emily O'Brien, Samira Wiley, Elaine Tan.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Netflix.

Atal bakoitzaren iraupena: 14 minutu.

Generoa: Animazioa. Zientzia fikzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.