Telesailak

Konfinamenduan sorturiko fikzioa

'En Casa' telesail kolektiboa sortu dute bost zuzendari espainiarrek, alarma egoeran izandako bizipenekin

Mikel Yarza Artola.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Telesailak ikusteko soilik ez, sortzeko ere baliatu dute batzuek konfinamendua. Jokaleku horretan osatu dute Espainiako bost zinemagilek En Casa, etxetik irten gabe eta sakelako telefonoekin. Sorogoyen, Dolera, Marques-Marcet, Martin eta Ortiz dira bost atalen arduradunak.

Que Dios nos Perdone, El Reino eta Madre filmen eskutik egin da ezagun Rodrigo Sorogoyen madrildarra, eta azken lan horren kutsua du bere atalak. Bikote baten konfinamenduko emozioen karruselari erreparatu dio, iradoki du giza emozioak oso hauskorrak direla, eta konfinamenduak errealitatea desitxuratzera eraman gaitzakeela. Sorogoyen ahalegindu da etxeko gune ezberdinei mamia ateratzen, eta enkoadraketak zaindu ditu dutxa, lanparak eta ispiluak irudikatzerakoan.

Elena Martin bartzelonarra, berriz, bikoteen giro intimotik urrun aritu da, zazpi pertsona bizi diren etxe jendetsu batean eta bertan sor daitezkeen desadostasunetan. Errutina apurtzen, kezkak ezkutatzen eta desioak komunikatzen ahaleginduko dira bizilagunak, baina eztabaida antzuetan eta isiltasun deserosoetan amaituko dute sarritan. Proiektu kolektibo honetako sortzailerik gazteena da Martin; 2012an aktore gisara hasi, eta bost urte geroago igaro zen zuzendaritzara. Hau hirugarren lana du, Vida Perfecta telesaileko bi atal gidatu ostean.

Telesail horretako sortzaile izan zen, hain justu, Leticia Dolera, hirugarren atalaren zuzendaria. Bakarrik igaro du berak konfinamendua, eta etxealdia amaitzen deneko asmo eta desioei begira oinarritu du kontakizuna, bere espiritu ameslariaren erakusle. Baina konfinamenduak kartzela emozionalera kondenatu duen emakume baten azalean ere ageri da Dolera; telefono mezuen bidez manipulatzen duen bikotearen beldur da, eta ez du balkoira irten nahi txalo egitera. Hainbat amesgaizto izango ditu horri lotuta, eta, irudiaren zein soinuaren bitartez, fintasunez azpimarratu ditu sentsazio horiek.

Carlos Marques-Marcet katalanarena da ekarpenik apurtzaileena. Etxealdiko irudiak ez ezik, azken hamabi urteetan zehar grabatu eta artxibo pertsonalean gordetakoak ere baliatu ditu. Kutsu abangoardista du haren atalak, abstrakziorako joera, eta ikuslea muntaketa ausartean zehar gidatu du off-eko ahotsaren bidez. Atalik filosofikoena izaki, iradoki du konfinamendua amaitzea bestelako kartzela batera itzultzea izango dela ezinbestean.

Paula Ortiz zaragozarrak zuzendu du azken atala. Lan bereizgarria da harena ere, komedia jorratu duelako, beste lau atal dramatikoen aldean. Sexu harremanei eutsi die bete-betean, eta bi emakumeren frustrazioak eta sentipen ezkutuak lotsarik gabe azaleratu ditu. Hautsi berri den harreman bati esker eraikiko dute inoizko loturarik estuena.

En Casa telesaileko atalak indibidualak dira, baina eszena komun bat dute: balkoietako txaloena. COVID-19a, berriz, bigarren mailako kontua da. Gaixotasunak ez du ia presentziarik kontakizunean. Bost zuzendariek aparteko ahalegina egin dute, eta sormena landu dute itxialdian zehar. Batek daki, ordea, nolako esanahia izango ote duen obra horrek hamar urte barru, egungo krisiari urrutitik begiratzean.

'EN CASA'
Sortzaileak: Rodrigo Sorogoyen, Leticia Dolera, Carlos Marques-Marcet, Elena Martin, Paula Ortiz.
Aktoreak: Marta Nieto, Max Grosse, Leticia Dolera, Manuela Aparicio, Celia Freijeiro.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2020.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.
Generoa: Drama. Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.