Telesailak

(Ez da) benetako istorio bat

'Fargo' telesaila laugarren denboraldira heldu da, Coen anaien jatorrizko filmak 25 urte beteko dituenean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
«Benetako istorio bat da hau». Hitz horiekin abiatu zuten Coen anaiek Fargo 1996an, eta oihartzuna dute ia 25 urte geroago ere. Berehala argitu zuten abiapuntu jostari horrek ez zuela egiazkotasunik, baina, narrazio bikaina medio, bi Oscar sari eskuratu zituen, eta zinema garaikideko klasiko bihurtu zen. Ordu eta erdiko film gisa ondu zuten Coen anaiek jatorrizko obra, baina mende laurden geroago, ia 40 ordutara zabaldu dute kontzeptu hori bera.

Fargo filma telesail formatura egokitu zuen Noah Hawley estatubatuarrak 2014an, baita Emmy saria eskuratu ere. Arrakasta horrek bultzatuta eman zion segida, eta dagoeneko laugarren denboraldira heldu da.

Bakarren batek pentsatze lezake ea zentzuzkoa ote den istorio bat horrenbeste luzatzea, baina nabarmentzeko modukoa da Hawleyk urtez urte zerotik hasi eta kontakizun ezberdinak josteko izan duen abilezia. Western handien espirituari fideltasunez eutsi dio, eta Coen anaiek sortu zuten unibertsoa hainbat norabidetan aberastu du. Ez dira falta eszena odoltsuak, tentsioz beteriko jazarpenak, umore beltza... Ezta elurra ere.

Artisau baten trebezia erakutsi du Hawleyk; estetika propioa eman dio telesailari, eta lehen mailako aktoreekin jantzi du. Hari komuna: krimenaren eta erakundeen arteko harremana. Bien arteko sinbiosia telesailaren erdigunera ekarri du sortzaileak oraingo honetan. 1930eko AEBetan girotu du istorioa, eta garai hartan etengabeko norgehiagokan aritu ziren judu, irlandar, italiar eta afro- amerikarrekin osatu du argazkia.

Migratzaileek eta langile klaseak eraikitako herrialde bat marraztu du Fargo-k laugarren denboraldian, hainbat komunitateren artean sortu zen bizikidetza gatazka, botere lehia eta legez gaindiko inperioen sorrera. Alde horretatik, nabarmentzekoa da telesailak zer apustu egiten duen Hollywoodez gaindiko aktoreen alde. Denboraldi berriko protagonistetako bat da Salvatore Esposito, Gomorra telesail italiar entzutetsuaren ikurretako bat.

Pantaila zatikatua, muntaketa bizia, genero beltzean inspiraturiko musika... Oraingoan ere lau denboralditan zehar finduriko elementuak eraman ditu Hawleyk pantailara. Thrillerraren eta krimenezko istorioen kodeak maisuki menderatzen ditu, eta horren ondorio da lehen mailako errealizazioa.

Tamalez, forma soilik ez da nahikoa istorio bat gogoangarri bilaka dadin, eta Fargo emozionalki izoztetik gertu dabil laugarren emanaldi honetan. Aparta da aktore zerrenda; aparteko distirarik gabekoak, ordea, pertsonaiak. Indarra falta zaie telesailaren unerik dramatikoenetan, bihotzeko sugarra.

Batek daki noiz arte jarraituko ote duten FX kate estatubatuarrak Coen anaien jatorrizko kontzeptuari tiraka, eta neurriz aritu beharko du; izan ere, gasolinarik gabe utz lezakete Hawley eta bere lantaldea errepide elurtuaren erdian. Bosgarren denboraldirik izango ote den jakin bitartean, krimen antolatuaren laugarren oldarraldiaz gozatzea besterik ez da geratzen.

'FARGO'
Sortzailea: Noah Hawley.
Aktoreak: Chris Rock, Jessie Buckley, Ben Whishaw, Uzo Aduba, Salvatore Esposito.
Herrialdeak: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Movistar+.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Thrillerra. Krimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.