Telesailak

Doktrinaren onurak eta albo kalteak

Amazonek 'Parot' telesaila plazaratu du, TVEk ekoitzitako hamar ataleko thrillerra.. 'Parot doktrina' indargabetu osteko Espainian girotu dute.

MANUEL FIESTAS MORENO.
Mikel Yarza Artola.
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Estrasburgo, 2013. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrina indargabetu zuen, askatasunerako eta segurtasun juridikorako eskubideak urratzen zituela ebatzita. Aske geratu zen Ines del Rio, oraindik kartzelan dago doktrinari izena eman zion Henri Parot. Hamarkada bat geroago, haren deituraz plazaratu dute fikziozko telesail bat, baina ez die ETAko bi kide horiei ezta nondik norako juridikoei erreparatzen.

Parot doktrina indargabetzearen ondotik geratu ziren aske, ETAko dozenaka kiderekin batera, bestelako hiltzaile, pederasta eta bortxatzaileak. Ildo horri tiraka argitaratu dute Parot telesaila, TVEk eta Amazonek elkarlanean. Isabel Mora da istorioko protagonista, Espainiako Poliziako agentea eta indarkeria matxistaren biktima zuzena. Nerabea zela, gizon batek bortxatu zuen, Parot doktrina indargabetuta, aske geratu da orain, eta emakumea beldur da, gizona ez ote den berriz ere hura jazartzen hasiko. Bitartean, pertsona bat ezkutuan hasiko da kartzelatik irten berri diren kondenatuak erailtzen, mendeku gosez.

Hori da thriller estiloko kontakizun horren abiapuntua. Emakume protagonistaren bizipen pertsonalek indar berezia dute, eta gizatasunez jositako gidoiak haien dimentsio emozionala biderkatu du. Haren trauma patxadaz hostokatu du telesailak; zauriak, beldurrak eta desirak larruazalean sentiarazi dizkio ikusleari. Bortxaketa kasu bat urte luzez isilpean mantentzea: hautu horrek emakume baten bizitza pertsonalean zein profesionalean uzten duen arrastoari ere erreparatu dio telesailak.

Txanponaren beste aldean dago bortxatzailea, luxuzko etxean bizi den gizonezko dirudun, hotz eta kalkulatzailea. Adriana Ugarte eta Ivan Massague aktoreak dira aurrez aurreko elektriko horren protagonistak, maisuki interpretatu dituzte euren pertsonaiak eta istorioari aparteko sinesgarritasuna eman diote. Proiektuak arduradun teknikoei ere zor die distira, eta, hein batean, telesailak gogora ekar ditzake munduan erreferentziazko zuzendariek jazarpenaren inguruan egindako filmak: Christopher Nolanen Following, Michael Hanekeren Cache eta Paul Verhoevenen Elle, besteak beste.

Parot telesaila bereziki da trebea legea eta justiziaren arteko desoreka istorio pertsonaletan esploratzeko garaian. Une batzuetan, ahalegindu da gogoeta egiten kondenatuek birgizarteratzeko bide malkartsuan pairatzen duten bigarren zigorraz. Tamalez, azalekoak dira istorio nagusiaz gaindiko ildo dramatiko denak, eta hutsala memoria historiko hurbilenari egindako ekarpena. Parot doktrina-k zertan datzan ez azaltzeak eta haren oinarri politikoari aipamenik ez egiteak dakarren arriskuetako bat da kondenatu guztiak berdintzearena, eta TVEk badu horretan ardura publikoa, telesailaren ekoizleetako bat izaki.

Errealitatean oinarrituriko fikzioak batzuetan dira fidel, besteetan tranpati, baina beti fikzio. Parot doktrina-ren inguruko kazetaritza dokumental bat ez izatea baliatu du Parot telesailak irudimenaren ozeanoan igeri egin eta ebazpen judizialaren errautsetatik giza istorio konplexu bat eratzeko. Ikusteko modukoa da, inolaz ere.

'PAROT'
Sortzaileak: Pilar Nadal
Aktoreak: Adriana Ugarte, Ivan Massague, Blanca Portillo, Javier Albala, Patricia Vico.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Amazon Prime.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.