Telesailak

Koroaren egokitzeko gaitasuna

Hirugarren denboraldira heldu da 'The Crown', Erresuma Batuko monarkiaren inguruko telesaila

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
«Koroa ez da janzteko apaingarri soil bat: pribilegioa eta zama ere bada, sekulako ikusmina eta erantzukizuna dakartzana». Errege-erreginen etxe barruko zein kanpoko kodeak zaintzeaz arduratu ohi zen zerbitzari beteranoaren ahotan entzun dute ikus-entzuleek esaldia, hirugarren denboraldiko flashback batean. Baina denboraren poderioz aldatu izan da ezinbestean koroaren jarduteko era ere.

Hain justu, eraldaketa da The Crown telesaileko atal sorta berriaren oinarri tematiko nagusia. Aktore zerrendaren berrikuntza, agerikoena. Lehen bi denboraldietan, Buckingham jauregiaren inguruan giroturiko fikziozko istorioaren protagonistak aurpegi jakinekin lotu zituzten ikusleek. Telesailaren xedea, ordea, anbizio handiagokoa da. 1947tik gaur egunera arte monarkia britainiarrak hamarkadaz hamarkada egindako bidea marraztea du helburu. Eta, horretarako, bi denboraldian behin berrituko dute antzezle taldea.

Eraldaketa nabaritu da esparru narratiboan ere. Ahots propioa bilatzen zuen hastapenetako erregina zalantzatiaren aldean, Olivia Colman aktoreak interpretaturikoa heldua da, instituzioaren funtzionamendua erabat barneratu duen emakume bat.

Harekin batera hartu dute istorioan indarra 1960ko eta 70eko hamarkadan lehen ministro laborista izandako Harold Wilsonen pertsonaiak eta II. Mundu Gerraren osteko gizartean betiereko arrastoa utzi zuen Gerra Hotzak.

Zaharraren eta berriaren arteko dilema horri tiraka, telesailaren sortzaileek orain arteko tarterik zabalena eskaini diete Elizabeth II.a protagonistaren ondorengoei, oinordekotzaren zailtasunak eta belaunaldien arteko gatazka azpimarratzeko. Erabateko hausturarik, ordea, ez da sekula izan, erreginak bizirik baitirau egun, 93 urterekin, koroaren gidaritzan ia sei hamarkada egin ostean.

Alde horretatik, telesailak dibinitatea alboratu eta monarkiaren funtzio lurtarrena esploratu du oraingoan. Erakundeak premiazko itun ekonomikoen edota hondamendi nazionalen aurrean jokatu beharreko rolaz aritu da. Krisi garaian sor dezakeen itxaropenari erreparatu dio, baina baita iluntasunari ere. Eta bide horretan iradoki du, beste behin ere, ukiezina dirudien figura jainkotiarraren atzean badela hezur-haragizko pertsona bat, pribilegioz betea, baina baita zalantzaz, erantzukizunez eta bakardadez betea ere.

Azken batean, horrek egiten baitu berezi The Crown. Telesailak balio dezake historia garaikidearen berrirakurketa gisara, eta hitz egin dezake geopolitikaren, diplomaziaren edota monarkiaren erronka handien inguruan. Elite instituzionalen jardunaren erretratu ere izenda daiteke, baina, funtsean, emozioak ardatz dituen giza istorio b at da. Alor intimoan pertsona orok dituen ilusio eta kezka sakonenen inguruko kontakizuna.

Gizateriaren galdera nagusiei heltzeko adorea izan du telesail britainiarrak, eta horrek erakarri ditu ikus-entzule andana. Fikziozko monarkiaren nondik norakoei gertutik erreparatuko dien publiko bat da, izan errealitateko koroaren aldeko edo kontrako.

'THE CROWN'

Sortzailea: Peter Morgan.

Aktoreak: Olivia Colman, Tobias Menzies, Helana Bonham Carter, Jason Watkins, Ben Daniels.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Netflix.

Filmaren iraupena: 60 minutu.

Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.