Hauteskundeak Mexikon. Elkarrizketa. Tatiana Clouthier. Lopez Obradorren kanpainaburua

«Ustelkeria maila asko-asko jaistea litzateke historia egitea»

Lopez Obradorrek hauspotutako «eraldaketa» aldarrikatu du. «Babesik handien» behar dutenentzako politika sozialak bultzatu nahi dituzte. Uste du ustelkeriari aurre egiteko, hasteko, «borondatea» behar dela.

Tatiana Clouthier, Lopez Obradoren kanpainaburua. EFE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Andres Manuel Lopez Obrador Juntos Haremos Historia koalizioaren presidentetzarako hautagaiaren itzala izan da Tatiana Clouthier azkeneko hilabeteotan (Culiacan, Mexiko, 1964). Izan ere, presidentegaiaren kanpainaburua da. «Mexiko Hirian izan ginen. Orain, Nuevo Leonen gaude, eta, gero, Guadalajarara goaz». Boto bila aritu dira etengabe. Eta inkestek diotenagatik, Lopez Obrador izango da Mexikoko hurrengo presidentea. «Datu horiek oso lagungarriak izan dira alde batetik bestera ibiltzeko orduan».

Bere aita Manuel Clouthier bezalaxe, PAN Ekintza Nazionala Alderdiko kidea izan zen 1990etik 2005era, eta 2003tik 2006ra diputatua Mexikoko Ordezkarien Ganberan. PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdia utzi eta gero, Lopez Obradorrek Morena Birsortze Mugimendu Nazionala sortu zuen 2014an, eta Clouthierrek proiektuarekin bat egin zuen. Mexikon nahiko ohikoa da alderdi batetik besterako aldaketak gertatzea. «Ez dut uste soilik Mexikon gertatzen den kontu bat denik. Politika egiteko modua laidoztatu da. Nazio gisa aldaketa bat egiten ari gara, berrantolatzen ari gara zentzu askotan, eta aldaketa horiek berrantolaketa horren adierazpen bat dira», azaldu du.

Inkestek diotenez, Andres Manuel Lopez Obrador presidentegaiak irabaziko ditu gaurko hauteskundeak. Nola ari zarete hartzen hori?

Guk, Andres Manuelek [Lopez Obrador] eta kanpainan gabiltzan guztiok, 150 ate jotzen ari gara egunero, herrialdearen alde batetik bestera mugitzen. Gogor ari gara lanean jende gehiagok bat egin dezan gurekin, horiek Andres Manuelek proposatutako eraldaketara batu daitezen. Finean, falta zaiguna da inkestetako zenbakiak boto bihurtzea, eta urrats hori egin beharra daukagu.

2006ko hauteskundeetan ere Lopez Obrador zihoan Felipe Calderonen aurretik, irabazi egingo zuela zirudien, baina azkenean ezin. Horrek arduratzen al zaituzte?

Pare bat gauza argitzeko modukoak dira. Batetik, ezin dugu ahaztu Andres Manuelek Felipe Calderoni ateratzen zion aldea txikiagoa zela, eta azkenean beherantz egin zuela Andres Manuelek. Orain, aldiz, kanpaina hasi genuenetik, gorantz egin du, eta lehenaren eta bigarrenaren arteko aldea oso handia da; 15-20 puntuz ari gara hitz egiten. 2006an inoiz ere ez zuen halako alderik eduki.

Hirugarrenez aurkeztu da presidentetzarako hauteskundeetara. 2006an 14,7 milioi boto atera zituen, 2012an 15,8 milioi boto. Zerk eraman dezake kopuru horiek gainditzera?

Hiru aldagai hartu behar dira kontuan, eta horietako bakoitzari nahi duen balioa ematen dio bakoitzak. Hasteko, kontuan hartu behar da aspalditik lan erraldoia egin dela atez ate, bihotzak ukituz, jendea proiektuarekin bat egitera animatuz. Bestetik, aintzat hartzekoa da Andres Manuelek daukan lidergo propioa. Eta azkenik, azkeneko bi gobernuen jardun eskasa jarri behar da jokalekuan; bai PANena [Ekintza Nazionala Alderdia, 2006tik 2012ra Calderonekin], eta, batez ere, Enrique Peña Nietorena [PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionala, 2012tik 2018ra].

Lopez Obradorren kanpainako leloetako batek hau dio: «Ez zaitzatela beldurtu». Zer diote bada Morenaz, Lopez Obradorrez?

Psikosia, beldur sentipen bat sortzen dute, egoera horretan berdin jarraitzea erabaki dezazun. Eta hori dago mahai gainean.

Eta hori ikusirik, nola ari dira erreakzionatzen herritarrak?

Denetarik dago, eta gaur argitaratutako inkestak [ekainaren 19an egina dago elkarrizketa], botoen %50,30 ematen dizkigu. Horrek esan nahi du jendeak ez diela kasurik egiten informazio horiei.

Lopez Obrador esan eta esan ari da justiziagatik borrokatuko dela, eta ustelkeriatik libratuko dituela instituzioak. Ustelkeria endemiko hori da, hain zuzen, Mexikok duen gaitzik larriena?

Nire ustez, bai. Ustelkeria gaitz endemiko bat da, eta horrek sorrarazten ditu injustizia, desberdintasunak, segurtasun gabezia, eta beste hamaika gauza.

Eta gaitza endemikoa izanda, nola aurre egin horri?

Lehenik eta behin, borondatea edukita; izan ere, orain arte ikusi da ez dagoela halakorik. Eta behin hori edukita, sistema batzuk ezarri behar dira ustelkeria mailak behera egin dezan. Esaterako, teknologia horren zerbitzura jarriz, eta publiko eginez zeintzuk diren herriari lapurtu dioten kontratistak, nortzuk diren legea bete ez dutenak. Gero, bestetik, eta adibide bat jarrita, errolda bakarra egiten duzu programa sozialetarako, hortik diruak alde egin ez dezan. Hau da, neurri sorta bat hartu behar da gobernu barruan, eta horretarako teknologiak baliatu. Dena den, intentzioa edukitzea da inportanteena. Azkeneko seiurtekoetan ez da hori ikusi, ustelkeria buruan eduki dutelako.

Nola eraman daitezke aurrera Lopez Obradorrek proposatutako politika sozialak, gainontzeko ia herrialde gehienetan politika neoliberalak nagusitzen ari direnean?

Gauza batek ez du bestearekin zerikusirik. Gobernu bakoitzak bere burua gobernatzen du, eta berdin du iparraldean zein hegoaldean ez badute egiten zu egiten ari zarena. Andres Manuelek garapena bultzatu nahi du, desabantailan dagoenari eskua luzatuz. Gazteei dagokienez, esaterako, beken bidez lagundu nahi zaie, lanerako haien gaitzea bultzatuz. Horrek ez du zerikusirik iparraldean edo hegoaldean egiten dutenarekin.

Bestalde, industria politika bat ezartzen bada, politika horrek eragina izan beharko du babes gehien behar duten herrialdeko eskualdeetan, eta ez da oztopatu behar herrialdea hazteko prest dagoen tokietan.

Juntos Haremos Historia deitzen da Lopez Obrador buru duen koalizioa. Hauteskundeak irabazteaz harago, zer litzateke historia egitea?

Ustelkeria maila asko-asko jaistea litzateke historia egitea; historia egitea litzateke gehiegikeriak egin eta zerbitzu publikoa beren buruak zerbitzatzeko beharrean zerbitzatzeko dela ulertu ez duten horiei pribilegioak kentzea; baliabide publikoak erabiltzea babesik txikiena duten lekuen garapenerako; desberdintasun sozialen arrakala ixtea; eta mekanismo batzuk sortzea, ikerketa garatu eta eskulan gehiago beharrean jakintza hauspotzeko.

Hori dena sei urteko agintaldian lortu al daiteke?

Hainbat mekanismo baliatuta, uste dut herrialde mailan ahala dela. Izan ere, orain hain agerikoak eta hain gehiegizkoak direnez kasuak, iruditzen zait ate batzuk itxiz gero ustelkeria mailak behera egingo lukeela eta errekurtso asko berreskuratu daitezkeela.

Mexikoko botere ekonomikoa, hala ere, ez dago ados Lopez Obradorren proposamenekin.

Botere ekonomikoaren talde bat ez dago ados, zeina oso lotuta dagoen botere politikoarekin.

PRIk martxan jarritako proiektu nagusietako bat Mexiko Hirian eraikitzen hasi diren aireportuarena da. Zer asmo du Lopez Obradorrek horri dagokionean?

Esan du ustelkeria handia dagoela proiektu horretan, berrikusteko beharra dagoela, eta mahai baten bueltan elkartzea proposatu du.

2006ko hauteskundeen emaitzetan irregulartasunak izan zirela salatu zuen Lopez Obradorrek orduan. Halakorik ez gertatzeko bermerik eman al dizuete oraingoan?

Hauteskunde agintaritza gaindituta dagoela uste dut, eta gaindituta dago hauteskunde asko egingo direlako batera. Aurrenekoz egingo da hala. Atzerritik bidalitako botoekin ere zailtasunak ditu hauteskunde agintaritzak...

Dirudienez, ezkerreko mugimendua gain behera doa Latinoamerikan, eta Mexikon ezkerra da irabaztekotan. Zer ekarriko luke horrek?

Ez naiz hasiko beste herrialdeek aukeratzen dutena aztertzen.

Narkotrafikoaren kontrako gerra deitutakoa hasi zuen Calderonek 2006an, eta Peña Nietok ere jarraipena eman dio azken sei urteotan. Horren ondorioz, jende asko hil da. Zein da zuen planteamendua?

Gerra horrek azkeneko hamabi urteotan utzi duen gauzetako bat da 270.000 hildako horiek. Guk argi dugu horrek ez duela funtzionatzen, eta, beraz, gerratik bakerako bidea egin nahi dugu. Horri aurre egiteko gure planteamendua da, batetik, ahaztuen izan diren herrialdeko tokietan garapena sustatzea; bestetik, kultura eta kirola erabili nahi ditugu, espazio publikoak berreskuratzeko mekanismo gisa; eta azkenik, alderdi poliziala ere badago, baina nik ez dut horren berri.

Hauteskunde kanpainan ehundik gora hautagai hil dituzte.

Horrek argi asko erakusten du sistema hau agortuta dagoela.

Aldaketa baten aukera, ate joka

Aldaketa ala segida

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.