Ahal Dugu-k «esentzietara» ez jotzeko eskatu die EAJri eta EH Bilduri

jon olano
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean gaur egingo dute politika orokorrari buruzko eztabaida, eta osoko bilkuran nabarmenduko dituztenak aurreratu zituzten atzo talde politiko ugarik. Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusi eta Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, esaterako, EAJri eta EH Bilduri eskatu die «mugitu eta busti» daitezela autogobernuari buruzko eztabaidan, «esentzietara» jo beharrean «desberdintasuna» barneratuta. Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean, Martinezek azpimarratu du ez dagoela «betorik» autogobernu lantaldean adostutako oinarrien kontra, eta erantsi du eduki horiek aurrera ateratzen ez badituzte «ausartzen ez direlako» izango dela. Gainera, PSE-EEri egotzi dio eztabaidan sartu ere ez izatea: «Guztiari esan dio ezetz».

EH Bilduk ohar baten bidez eman du gaur Maddalen Iriarte bozeramaileak emango duen hitzaldiaren gidalerroen berri. Zehazki, estatus politiko berria onartzeko adostutako oinarrien «balioa» nabarmenduko du, iritzita estatus berri hori «ongizate eta demokrazia gehiagoren sinonimo» izango dela: «Ongizate gehiago, gaur egun [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalak inposatzen duen harresia gaindituta, estatus berriak bestelako politikak erabaki eta garatzea ahalbidetuko duelako arlo eta esparru guztietan».

«Akordio zabalak»

PSE-EEk, berriz, «akordio zabalak» eskatuko ditu politika orokorreko eztabaidan. Idoia Mendia idazkari nagusiak jakinarazi duenez, berak zuzendutako alderdiak gainerako talde politikoei dei egingo die autogobernuaren alorrean «akordio zabalak» lortzera, gizartearen «aniztasuna» islatzeko eta «herria eraikitzeko». Sarera igotako bideo batean aurkeztu zituen atzo bere hitzaldiaren ardatz batzuk: «Herri hau guztion artean eraiki dugu, eta parlamentuan defendatuko dut etorkizuna ere guztion artean eraikitzea. Hori da biderik onena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.