Koronabirusa

Epe luzerako enplegu politika bat eskatu die LABek gobernu eta patronalei

jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Enplegua mantentzeko eta duintzeko, plan integral bat galdegin du LABek, eta, horretarako, proposamen zehatz bat landu du. Confebask eta CEN patronalen egoitzetan eta Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan erregistratu du proposamena.

Urtarrilaren 30eko greba orokorrean eginiko eskaerak jasotzen dituzte testuok; besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, 35 orduko gehieneko eta 20 orduko gutxieneko asteko lanaldia ezartzea, subrogazio eskubidea bermatzea eta sexu arrakalari aurre egiteko neurri zehatzak adostea.

LABen negoziazio kolektibokoidazkari Xabier Ugartemendiak azaldu duenez, aurreko krisiak prekaritatea «legezko» bihurtu zuen, eta oraingoa, berriz, «erasoak murrizketa berrietatik eta enplegua suntsituta etorriko dira. Patronalak milaka lanpostu suntsituko dituela esan du. Jaurlaritzak esan du 68.000 lanpostu galduko direla. Egoera honi aurre egiteko neurririk ez dute proposatu, ez batak, ez besteak». Uste duenez, krisia langileak ordaintzea nahi dute.

Erregulazioen eztabaida

LABek salatu du egun mahai gainean dagoen eztabaida bakarra dela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean (ABEE) dauden langileen sariak osatzea. ELA alde azaldu da, eta Ugartemendiak zehaztu du LAB ere ados dagoela aldarrikapen horrekin, baina ez dela nahikoa. «Epe laburrera begira ezin gara egon. Neurriak behar dira enplegua bermatzeko eta prekaritatea ezabatzeko, epe ertain eta luzera begira».

Erregulazioen inguruan, sindikatuak proposatu du laguntza bat sortzea enpresak langileei ordaintzen dien langabezia osagarriaren %25i aurre egiteko, 1.200 eurorainokoa izan dadin. Eta hori ematea honako konpromiso hau hartzen dutenek: aldi baterako erregulazioa amaitu bitartean langilerik ez kaleratzea eta langile guztien enplegua bermatzea COVID-19agatik ezarritako alarma egoera amaitu eta urtebetean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.