ITPko langileak: «Jaurlaritza arduragabeki ari da»

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
PCB ITP Aeroko langile batzordeak hiru hilabete daramatza zain Eusko Jaurlaritzak eskainitako negoziazio prozesua has dadin. Azaldu dutenez, Lan Sailak azaroan proposamen bat egin zuen enpresa eta kaleratu asmo zituen langileak elkartzeko, eta oraindik ez dio ekin. Langile batzordeak onartu zuen eskaintza, baina ez dute izan enpresaren erabakiaren berririk, eta horregatik egotzi diote Jaurlaritzari «arduragabekeriaz jokatzea». Afera Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago, eta hilaren 16an aztertuko du.

Atzo bete zen urtebete enpresak 83 langile kaleratzeko bidea hasi zuenetik, eta, efemeride biribilaren harira, langileek egungo egoera zer-nolakoa den azaldu zuten. Bere garaian, EAEko Auzitegi Nagusiak lan erregulazioa indargabetu zuen, eta ITPk kaleratu asmo zituen 83 langileak etxean daude, soldata guztia kobratzen. Korapilo hori 16ko epaiketan askatuko da. Langileak negoziatzen saiatu dira tarte horretan, eta,EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi bezala, aldi baterako neurriak onartzeko prest agertu dira.

Azken urte honetan, langile batzordeak hainbatetan jo du erakunde publikoen atea, ebazpena alde izanda, enpleguak suntsitzea eragotziko luketen neurriak eskatuz. Are gehiago Jaurlaritzak publikoki onartu duenetik ITP Aeroren akziodunen artean sartu nahi duela. Langileen arabera, iazko azaroan Lan Sailak negoziazio prozesu bat hasi zuen «bi aldeentzako bidezko irteera bat aurkitzeko». Langileek baiezkoa eman zuten, eta, hiru hilabete geroago, oraindik ez dakite enpresak zer erantzun duen.

Langile batzordeak horregatik egozten dio «arduragabekeria» Jaurlaritzari, Auzitegi Goreneko epaiketa gero eta gertuagoa dagoelako: «Emaniko pauso guztiak adierazpen instituzional hutsak izan dira, bere burua apaintzeko eginikoak». Kritika urrunago eraman dute; haien iritziz, Jaurlaritzak, ITPko akziodunen artean sartzeko negoziatzen aritu denean, ez du jarri baldintza gisa kaleratzeak eragoztea: «Enpresako arduradunekin izandako kontaktu guztietan, ez dute hartu enplegua babesteko konpromisorik».

Eskaintza bizirik

Bi aste falta dira epaiketarako, eta langileek berretsi dute negoziatzeko prest daudela, «epaitegien ebazpenak errespetatuz». Langileak eta kaltetuak ahaleginak egiteko prest agertu dira beste behin. Urte honetan, auzitegiek legez kanpokotzat jo dituzte enpresak planteatu dituen aldi baterako bi erregulazioak, eta, hala ere, bat onartzeko prest leudeke.

Bestalde, nabarmendu dute Sestao eta Barakaldoko fabriketako giroa —ITP Aerok hegazkinentzako turbinak egiten ditu, eta PCB haren fundizioa da— mikaztuta dagoela, eta «nekea eta motibazioa falta» nagusi direla langileen artean. Era berean, berriz salatu dute langileak oraindik isunak jasotzen ari direla duela urtebete izandako istiluengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.