Soldatak %1,7 igo dira 2018an, lau urteko gainbeheraren ondoren

xabier martin
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Giza baliabideetako Espainiako enpresa Adeccok emandako datuak dira: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko soldata gordina 1.963 eurokoa da. Lau urtez jarraian jaitsi ondoren, 2018an gora egin zuen aurreko urtearen aldean: %1,7 hain zuzen. Lau urteko jaitsieren ondorioetako bat da Espainiako batezbestekoarekin duen aldea nabarmen murriztu dela, baina oraindik %18,4koa da arrakala.

2.000 euroko batez besteko soldata lortzeko 37 euro baizik falta ez duen kopuruak eragin du soldatapekoek erosteko ahalmena irabazi dutela 2018an; %0,1 besterik ez, ordea. Alegia, zazpi urtez erosteko ahalmena galduz joan ondoren, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan eten egin da erosteko gaitasunaren galera, betiere Adeccoren arabera.

Euskal langileak pobretu dituen epealdi horretan, erosteko ahalmenak %4,4 egin du behera, eta arreta ematen du datu batek: epe berean Espainiako batezbestekoaren oinarriarekin, %1,1 besterik ez du atzera egin erosteko gaitasunak han. 2018an, berriz, erosteko ahalmenaren galerari etena jarri zaio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Espainian, aldiz, ez, sei hamarren jaitsi baita. Errealitate sozioekonomiko desberdinak direla baino ez dituzte islatzen datuek.

Desorekak handitu dira

Edonola ere, gorriz markatzeko datu bat helarazi du Adeccok:2013tik 2018ra %1 egin du behera batez besteko soldatak, eta langile gehiagok soldata merkeagoekin aritutako epealdi horretan handitu egin dira soldatapekoen arteko arrakalak. Izan ere, gutxien jasotzen duten %10ek hilero 449 euro jasotzen dituzte batez beste; gehien jasotzen duten %10ek, berriz, 4.630 patrikaratzen dute batez beste.

Sektore artean ere alde handiak daude. Industrian aritzen diren langileek 2.355 euroko soldata dute, batez besteko orokorra baino %19,9 gehiago; zerbitzuetan, berriz, 1.849 eurokoa da batezbestekoa, orokorra baino %5,8 txikiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.