Albistea entzun

Alaves 2-0 Reala

Serioenak egin du irri

Alavesek ondo merezita irabazi du Realaren aurka, Mendizorrotzan. Borjak eta Martinek sartu dituzte golak. Txartel gorri bana atera diete bi taldeei
Borja Sainz Alaveseko jokalaria, gola ospatzen, atzo, Mendizorrotzan. Epaileak baliogabetu egin zuen, baina VAR-ak legezkotzat jo.
Borja Sainz Alaveseko jokalaria, gola ospatzen, atzo, Mendizorrotzan. Epaileak baliogabetu egin zuen, baina VAR-ak legezkotzat jo. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2020ko ekainak 19

Golak. 1-0 (57.min): Borja Sainz. 2-0 (96. min): Martin. Epailea. Jaime Latre. Txartel gorriak Alaveseko Pinari eta Realeko Zalduari. Txartel horiak Alaveseko Duarteri; eta Realeko Llorenteri eta Elustondori. Bestelakoak. Koronabirusaren pandemia dela eta, ez da ikuslerik izan Mendizorrotzako harmailetan.

Alavesek itzulera gozoa izan zuen atzo Mendizorrotzan. Zaleen hauspoa falta izan zitzaion, baina hala ere, gai izan zen Reala mendean hartzeko. Arabarrek oso lehia serioa jokatu zuten, aurreko jardunaldian ez bezala, eta garaipen lasaigarria lortu. Jaitsiera postuak hamar puntura dituzte jada. Gipuzkoarrak, berriz, ezinean aritu ziren hasi eta buka. Anoetan gozakaitz aritu ziren minutu askoan Osasunaren aurka, eta atzo areagotu egin zitzaien sentipen hori. Horiek hala, Txapeldunen Ligako postuetatik kanpo bukatuko dute jardunaldia.

Zazpi berritasun izan ziren guztira Alavesen hamaikakoan: Roberto, Magallan, Pina, Borja Sainz, Rioja, Lucas eta Joselu. Imanolek, berriz, Llorente, Aihen, Januzaj eta Zurutuzari eman zien aukera. Rocheforteko erdilaria minuturik jokatu gabea zen irailaz geroztik, baina zelai erdiko hutsuneek hamaikakoko atea ireki zioten atzo.

Aldaketa oldeak on egin zion etxeko taldeari. Espanyolen zelaian emandako irudi kaskarra garbitu nahi zuen, eta, horretarako, ohiko planari heldu zion: kokapen egokia eta presio estua. Lerroak batu, eta kaiola moduko batean sartu zituen Realeko erasoko jokalariak. Txuri-urdinek bere egin zuten baloia, nola ez, baina ikaragarri kosta zitzaien metroak aurreratzea, eta zer esanik ez kontrako areara iristea.

Lehen zatian, atsedenera osorik iristea izaten du helburu Alavesek. Atzo ere, euste lanak lehenetsi zituen. Oso joko gutxi sortu zuen Realaren zelaian, baina, hala ere, arabarrenak izan ziren hurbilketarik arriskutsuenak. Lehia hasi eta berehala, jokaldi ona egin zuten ezker hegalean Lucasek eta Duartek, baina hegalekoaren erdiraketak ezustean harrapatu zuen Borja Sainz. Harrobikoak beste aukera on bat izan zuen atsedena ate joka zela, Joseluk buruz errematatu eta gero. Aurrez, Lucasek pare bat ahalegin egin zituen, bata kontraeraso batean, eta bestea faltaz.

Aldageletatik bueltan, beste martxa bat sartu zuen Arabako taldeak. Min egiten hasi zen eraso azkarrekin, eta saria jaso zuen azkenean. Magallanek saiakera kamutsa egin zuen korner baten osteko jokaldian, baina Sainzek asmatu egin zuen gero. Hasieran, jokoz kanpokoa adierazi zuen epaileak, baina gola balioztatu egin zuen azkenean, bideoepaileak jokaldia berrikusi ostean.

Golak ez zuen Reala xaxatu. Zelaiaren azken laurdenera iritsi ezinik jarraitu zuen talde txuri-urdinak. Horiek hala, Imanol Alguacilek lau aldaketa egin zituen aldi berean: Isak, Portu, Roberto Lopez eta Le Normand sartu zituen. Alferrik, baina. Gainera, Zalduari bigarren txartel horia atera zioten. Eroso zegoen Alaves, eta estutzen segitu zuen, bigarrena sartzeko asmoz. Urduritu egin zen Pina egotzia izan ostean, baina Martinek norgehiagoka erabakita utzi zuen azken hatsean egindako golarekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Aritz Loiola / FOKU

Euskal derbia izango da Kopako finalerdietan

Beñat Mujika Telleria

Sadarren jokatuko da joaneko partida, eta San Mamesen itzulerakoa. Hortaz, euskal talde bat arituko da Espainiako Kopako finalean. Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuko dute beste finalerdia.

Jai Alai Ligaren antolatzaileak eta sustatzaileak, gaur, Gernikako frontoian. ©Markel Suarez

Lehen aldiz, liga bakarra osatuko dute Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketa nagusiek

Julen Etxeberria

Gernikako, Donibane Lohizuneko, Miarritzeko eta Paueko txapelketak batuko ditu Jai Alai Liga berriak. Antolatzaileen arabera, zesta-puntak «pauso historikoa» eman du, eta «mugarri» izango da aro berri honetan.

Realaren eta Real Madrilen arteko partida. ©Rodrigo Jimenez / EFE

Puntu batekin itzuli da Reala

Berria

Bederatzi jokalari bajan edukirik ere, Real Madrilen erasoei eutsi ahal izan zieten txuri-urdinek atzoko partidan. Bigarren erdian sendo aritu zen Reala, baina berdintuta amaitu zuten.

Celtaren eta Athleticen arteko partida amaiera. ©Salvador Sas / EFE

Porrot egin dute zuri-gorriek Balaidosen

Berria

Hasierako gol baliogabea medio, berdintsu ibili ziren bi taldeak. 70. minutuan, ordea, Iago Aspasek gola sartu zuen. Iñaki Williams ez zen izan Balaidoseko partidan.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...