Ainhoa Arteta ariko da Luis Mariano Irun Lirika Elkartearen urteurrenean

Hogei urteko ibilbidea ospatzeko prestatu duten lirika denboraldiak bi opera ere hartuko ditu: Pucciniren 'La Bohème' eta Verdiren 'Otello'

Erredakzioa
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Luis Mariano Irun Lirika elkarteak hogei urte beteko ditu aurten, eta, bi hamarkadatako lana gogora ekarri eta ospatzeko, «kalitate handiko programa bat» prestatu dute. Ainhoa Arteta sopranoaren kontzertua izango da XX. lirika denboraldiaren ekitaldi nagusietako bat, baina ez bakarra: bi opera, zarzuelako partiturak oinarri dituzten dantza piezen emanaldia, hainbat bakarlari bilduko dituen kontzertua eta opera saioen proiekzioak ere izango dira. Programazio osoa aurkeztu zuten Elkarteko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuko arduradunek, atzo, Donostian.

Otsailaren 11n izango da Artetaren kontzertua, Irungo Amaia kultur zentroan. Pianoan, Javier Carmena izango du lagun errezitalean. Bazkideentzat sarrerak salgai dira dagoeneko.

Halaber, bi opera «oso enblematiko» ere programatu dituzte. Apirilaren 22an eta 23an taularatuko dute Giacomo Pucciniren La Bohème; 1930eko hamarkadako Parisen girotutako bertsio modernista emango dute. Eta azaroaren 11n eta 12an, berriz, Giuseppe Verdiren Otello emango dute. Lau ekitalditako operak dira biak.

Zarzuelak ere izango du bere lekua egitarauan. Ekainaren 25ean, lehen aldiz, zarzuelen partituretan oinarritutako hainbat dantza pieza nabarmen bilduko dituzte Madrilgo Zarzuelako Antzokiak ekoitzitako emanaldian.

Irailaren 30ean izango da denboraldiko beste kontzertu nagusia: Beethovenen 9. sinfonia eskainiko dute, zenbait euskal bakarlariren parte hartzearekin.

Halaber, urte osoan nazioarteko agertokietako bost opera saio proiektatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.