Koronabirusa

Jaurlaritzak aisialdikoak ez diren lekuetara hedatu nahi du ziurtagiria

Euskal Herriko bertze tokietan bezala, gaur jarriko dute indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Gorenak baimenduta. Zenbait kultur aretotan eta 50 lagunetik goitiko jatetxeetan eskatuko dute

Eusko Jaurlaritzaren Labi aholku batzordeko kideak, atzo arratsaldean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Jon Ordoñez Garmendia - Edurne Begiristain
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abuztuaren 9tik dago indarrean COVID ziurtagiria; Nafarroan, joan den astetik; eta, gaurtik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere galdeginen dute koronabirusa pasatu edo txertatu izana erakusten duen agiria. Euskal Herri osoan da indarrean dokumentua, beraz.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur ezarri dute ziurtagiria erakusteko betebeharra, atzo Espainiako Auzitegi Gorenak haren aldeko ebazpena kaleratu ondotik, eta aldizkari ofizialean argitaratu bezain laster izanen da indarrean. Gaueko aisialdiko espazioetan eta 50 lagunetik goitiko jatetxeetan eskatu beharko dute: zehazki, dantzalekuetan, musika ikuskizunak eskaintzen dituzten aretoetan, musika tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere bai, 22:00etatik aitzinera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean eutsiko diote —577koa zen herenegun—, eta establezimenduen jabeen ardura izanen da bezeroek dokumentua dutela ziurtatzea. Paperean edo formatu digitalean aurkez daiteke.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, ordea, ziurtagiria eremu gehiagotara hedatzeko nahia agertu zuen atzo, Labi aholku batzordearen aitzinetik eginiko hitzaldian. Adierazi zuen «erabili ahal den espazio guztietara» zabaldu nahi dutela dokumentua.

Urkulluk zehaztu duenez, «espazio itxietan» eskatu nahi dute agiria, «batik bat publikoa zutik badago», eta leku jakin batzuk zerrendatu ditu: gimnasioak eta kirol jarduerak egiten diren bertzelako espazio itxiak, ostalaritzako «beste esparru» batzuk, eta ospitaleak edo «espazio soziosanitarioak», bisitan joaten direnentzat. Dena den, Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du EAEko Auzitegi Nagusiari eskatu beharko diotela leku horietan ere COVID ziurtagiria eskatzeko baimena: «ahalik eta lasterren» eginen dutela jakinarazi du.

Atzo sartu zen indarrean osasun larrialdia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, harekin batera, baita koronabirusari aurre egiteko ekainean propio sortu zuten legea ere. Ziurtagiria hedatzea ez ezik, Urkulluk txertaketan aitzina egiteko beharra ere azpimarratu zuen Labiren aitzineko agerraldian: tartean, hirugarren dosia «areagotzea» eta 12 urtetik beheitikoentzako txertoa «ahalik eta azkarren banatzea» jo zuen beharrezkotzat. «Osasun erantzuna» ere jarri zuen lehentasuntzat: «Testak egiteko eta kasuak eta kontaktuak arakatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak izaten jarraituko dugu, birusaren transmisioak une bakoitzean duen bilakaeraren arabera». Herritarrei neurriak «betetzeko» eskatu zien, halaber: «Denon zuhurtzia, konpromisoa eta ahalegina ezinbestekoak dira».

«Egokia eta beharrezkoa»

Espainiako Auzitegi Gorenak atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak hainbat tokitan COVID ziurtagiria exijitzeko eskaerari oniritzia ematen dion autoa. Gorenak ontzat jo ditu Jaurlaritzaren argudioak, eta COVID ziurtagiriaren erabilera «egokia, beharrezkoa eta neurrizkoa» dela ebatzi du. Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren Laugarren Sekzioko epaile Pablo Lopez Murillok sinatutako ebazpenak dio Jaurlaritzak nahikoa arrazoi duela 50 mahaikiderentzako baino gehiagorentzako lekua duten jatetxeetan eta gaueko aisialdi establezimenduetara sartzeko COVID ziurtagiria eskatzeko. Goreneko magistratuek uste dute, izan ere, neurriak ez diela kalte egiten taberna eta jatetxeetako jabeei, eta azpimarra berezia jartzen du ziurtagiriak osasun publikoa zaintzeko orduan izan dezakeen garrantzian.

Sententziaren arabera, agiria neurri «egokia» da pandemia kontrolatzeko, eta ez ditu urratzen oinarrizko eskubideak. EAEko Auzitegi Nagusiak ziurtagiria ez baimentzeko arrazoien artean oinarrizko hainbat eskubideren urraketak aipatu zituen, hain zuzen: berdintasuna, intimitatea, eta elkartzeko eskubidea, besteak beste. Gorena ez dator bat argudio horrekin, eta uste du pandemiaren egungo egoerak justifikatu egiten duela halako neurri bat hartzea, berriro ere «iraganeko egoera kritikoak» ez izateko.

Erabakia argudiatzeko, irailaren 14an Galiziarako eman zuen ebazpenean oinarritu da Gorena, eta gogorarazi du kasu haren antzekoa dela Jaurlaritzarena. Auzitegiak dioenez, Galiziakoa duela bi hilabete pasatxo emandako epaia da, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoak ez du horren edukiari buruz ezer esaten. «Omisio hori» bereziki «esanguratsua» iruditzen zaio epaimahaiari, bi kasuen arteko antzekotasunak ukaezinak direla iritzi diolako. Epaiak gaineratzen duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak «ahalegin txiki bat egin beharko zukeen» azaltzeko zergatik ez zuen antzik topatu bi egoeren artean. Horrez gainera, epaileen ustez, ziurtagiria eskatzea «beharrezkoa» da gaitzaren transmisioa prebenitzeko, eta ez du eragin nabarmenik establezimendu horietara sartzeko aukeran, ezta egiten duten jardueran ere. Gainera, magistratuek azpimarratu dutenez, nahiz eta herritar asko dauden txertatuta, kutsatzeak ez dira apaldu, eta txertatu gabekoek birusa transmititzen jarraitzen dute. Epaiak magistratu baten boto partikularra dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.