Katalunia. ANALISIA

Denbora irabazi

martxelo otamendi
2018ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Arratsaldeko hiruretan zen hitzordua atzo Kataluniako Parlamentuan, baina, denon ustekaberako, goizera pasatu zuen Torrent parlamentuko buruak; denon harridurarako eta askoren haserrerako. JxCk, nonbait, ez zeukan presidentearen asmoen berri, legebiltzarreko mahaiak ere ez, eta logikak diosku are gutxiago jakingo zuela CUPek. Ez zen, hortaz, erabaki adostua izan. Ez zaizkio untxiak bukatu prozesuaren xisterari.

Atzo goizean gertatu zena —eta arratsaldean gertatuko ez zena— ulertzen saiatzeko, ez gaitezen abiapuntuaz ahantz. Torrentek, legebiltzarburu ardura hartzea onartu zuenean, argi utzi zien eskaintzaileei bera ez zela, legeak eta epaileen aginduak ez betetzeagatik, kartzelara joango. Arrazoi horregatik egin zioten uko, Torrenten aurretik, Carme Forcadellek eta Ernest Maragallek. Torrentek egingo dituen urratsak eta hartuko dituen erabakiak aurreko baldintzapean egongo dira. Eta ERC bat dator erabat Torrenten estrategiarekin.

Kataluniako presidentea izendatzeko saioa atzeratzea erabaki zuen Torrentek; «atzeratu, baina ez bertan behera utzi», haren esanetan, eta, hala, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ostiraleko ebazpenean jarri zizkion baldintzak urratu gabe. Puigdemont hautagaia izateko defentsa sendoa, logikoa eta arduratsua egin zuen Torrentek bere azalpenean. JxCko hautagaia da presidente izateko aurkeztu den bakarra, eta hari dagokio bere hautagaitza defendatzea parlamentuaren aurrean, eta parlamentariei botoa ematea, alde edo aurka. Normaltasun demokratikoko printzipio horren alde egin zuen irmo Torrentek, behin baino gehiagotan.

Torrenten erabakiak duda batzuk argitu zituen: Puigdemonten izendapen telematikorik ez da egingo, eta haren boto delegaturik ere ez da erabiliko. Zer irtenbide geratzen zaio orduan Torrenti izendapen saiorako, baldin eta printzipio demokratikoaren argudioari atzo jardun zuen bezain trinko eusten badio etorkizunean? Oso gutxi, eta egon litekeen bakarra ez dago, zoritxarrez, Madrilen. Inon egotekotan, Bruselan dago.

Denbora irabazteko ariketa egin zuen Torrentek, badakielako korapilo hau askatzeko era bakarra Puigdemontek amore eman eta JxCk beste hautagai bat proposatzea dela. Horretan bat datoz ERCkoak, nahiz publikoan besterik esan. Madrilen ez dute atzera egingo, ez Espainiako Gobernuak, ez Auzitegi Konstituzionalak, ezta Auzitegi Goreneko Llarena magistratuak ere. Denbora eman die Torrentek bere buruari eta JxCkoei orain arte lortu ez dutena lortzeko. «Sakrifikatu» hitza erabili zuen igandean ERCko Tardak Puigdemonten etorkizunaz ari zela. Min hartu zuten JxCkoek adierazpen horrekin, baina hori da Torrenti, kartzelan bukatu nahi ez badu, geratzen zaion aukera bakarra.

Bien bitartean, Kataluniako autogobernuak, 155. artikuluaren aplikazioaren ondorioz, Espainiako Gobernuaren esku segitzen du. Eta hori presio handiko palanka da autogobernua berreskuratzea eta artikulu hori indarrik gabe uzteko helburu publikoa adierazi duten independentziazaleei presioa sartzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.