Gipuzkoako metalgintzako mahaira deituko du ELA sindikatuak

Irune Lasa.
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Metalgintzako ituna iraungita dago Gipuzkoan 2001. urtetik, eta 35.000 bat langileri eragiten die. ELA sindikatuak %48ko ordezkaritza dauka sektorean, eta mahaia osatzeko deia egin ondoren, dei hori Adegirentzako «proba bat» izango dela esan du. Urrats esanguratsua egin du Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak. Orain arte ez dio baliagarritasunik ikusi negoziazio horiei berriz ekiteari; izan ere, Espainiako 2012ko lan erreformak sektore mailan adostutako lan baldintzak beheratzeko aukera ematen zien enpresa itunei. Horregatik, bitarte honetan, ELAk enpresa mailako itunei eman die lehentasuna. «Milaka lankidek hitzarmenak izatea lortu dugu, eta horiek erreformak enpresetatik at utzi dituzte, aldi berean soldatak eta eskubideak handituz», adierazi zuen sindikatuak atzo, ohar batean.

Orain, berriz, sektoreko itunaren negoziazioari ekitea erabaki du. Buruan ditu, batez ere, enpresako itunaren faltan baldintzak berritu gabe dituzten langileak. «Onartezina da Gipuzkoako metalean lan egiten dutenen zati batek duela ia hamarkada bateko soldatak jasatea, eta hori zenbaitek naturaltasunez onartzea».

Adegirentzat oharra

Adegirentzat mezu argi bat utzi zuen ELAk: «Bere enpresa kultura berria iragartzen duen bitartean, metaleko langileei ukatu egiten die beren lan baldintzak berritzea». Sindikatuaren ustez, «teorian kultura berri horri dagokion diskurtsoa negoziazio mahaietan aurrerapenik planteatzen ez duen praktikaren guztiz kontrakoa da». ELAk gogoratu zuen metaleko azken akordioa lortzeko «erantzun oso zabala izan zuten grebak» egin zirela. «Patronalak erabakiko du egoera hori errepikatuko den ala ez».

Hainbat greba egunen ostean, eta ELAren babesik gabe berritu da Bizkaiko metaleko ituna, joan den abenduaren hasieran. Haren ondotik osatu zen Arabako sektoreko mahaia, eta ikusteko zegoen zer gertatzen zen Gipuzkoakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.