Espainiako Kopako finala. IRITZIA

Olaturik ez finalean

Realeko Alexander Isak, Athleticeko jokalariek inguratuta. MIGUEL TOÑA / EFE.
Juan Aldaz.
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Ezer baino lehen, aitortu beharra daukat ez naizela futbolzalea, baina futbola gustuko dut; ez naiz Realeko jarraitzaile sutsua, baina Arkonadaz jantzitako argazki hark zerbait pizten du nire erraietan. Ez dut ulertzen zerk eramaten dituen milaka eta milaka lagun halako ospakizun bat horren sutsu eta itsu-itsu jarraitzera, baina, soziologikoki, ia «miragarria» iruditzen zait.

«Mirari» hori, ordea, koronabirusa tarteko, bestelako bat izango da. Izan beharko du. Positibo izatea negatibo bilakatu den urtean, aurreko anormaltasunak gainditu gabe bagenituen ere, normaltasun berri bat eraikitzen ari omen garen garai honetan, ospakizunik gabeko ospakizun bat, Ospa-Ikuskizuna akaso. Horren aurrean egoteak, orain arteko «normaltasunean» zer dagoen faltan eta zer soberan hausnartzeko parada paregabea eskaintzen digu Futboleko Errege Kopako Finalak. Barkatu, Gizonezkoen Futboleko Errege Kopako Finalak.

Telebistaz jarraituko dugun gehiengoak faltan botako ditugun gauzen artean jarraitzailez beteriko harmailak, beren kantuak, txistuak, txaloak eta irudi koloretsu bezain biziak leudeke, lehenik eta behin. Faltan ere azken txistua jotzear dagoenean telebistako irudiek erakutsi ohi dituzten emozio ezberdinez osaturiko aulkiko jokalari eta jarraitzaile ezberdinen lehen planoko erretratuak, zoriontasuna eta atsekabea txandakatuz. Faltan ere, osasun gomendioak zorrotz jarraituz gero, aldameneko zale ezagun zein ezezagunak besarkatzea gure taldeak gola sartzean, eta, zer esanik ez, finala irabaziz gero. Faltan, azken batean, irakidura kolektibo horren parte izan ahal izatea, musukorik gabe. Distantzia sozialik gabe. Beldurrik gabe.

Eta gauzak zer diren, faltan botako dugun hori guztia, gertatuz gero, sobera dagoen zerrendara pasako litzateke. Ospakizuna gozagarri egiten duenhori guztia, faltan botako dugun hori guztia, sobera dagoen bera delako, betiere, garai batean gure taldearen joko ona ospatzeko egiten genituen olatu haiek estadiotik (bakoitzaren etxeetatik zein tabernetatik irudikatua bada ere) ateratzean nahi ez badugu behintzat.

Behin-behinekoa izatea espero dugun egoera honek, final ostean gertatuko den modura, ez du berdinketarik ahalbidetuko, garai bateko egoera berdinera bueltatuz (ez dut uste behintzat). Garaile bat(zuk) eta galtzaile bat(zuk) exijituko ditu. Nire nahia litzateke, sortzen ari omen garen normaltasun berri honetan, kirol espektakuluak, herrigintza anitz, solidario eta bidezko baten alde egiteko anplifikadore bilakatzea, gainditu beharko genukeen garai bateko handinahikerien katedralak diren futbol estadioak berreraikiz eta xumetasunaren eta anaitasunaren sinbolo bilakatuz.

Badakit gehiegitxo eskatzea dela eta, segur aski, nire nahiak galtzaileen taldean daudela, baina, akaso, finala irabazten duenak irabazita ere, eta galtzen duenak galduta ere, kirol espektakuluetan erronka honi heltzen ez badiogu, epe luzera denak aterako gara galtzaile, eta, alderantziz, helduz gero, denak aterako gara irabazle. Epe laburrean, irabazi dezala onenak, eta, ahal dela, izan dadila Reala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.