Pastor
DARWIN ETA GU

Zientzia eta askatasuna

2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Irainak eta mehatxuak salatu dituzte Alemaniako punta-puntako 31 zientzialarik Die Zeit astekarian. Adierazi dutenez, klima aldaketaren gaiarekin hasitako presioa areagotu egin du COVID-19ak. Zientzialariek askatasuna aldarrikatu dute. Politikarien, hedabideen eta beste talde batzuen itzaletik kanpo egin nahi dute lan.

Wolfgang Lucht, zientzialarietako bat, halaxe mintzatu da: «Klimaren ikerlaria naiz eta ohituta nago neure ileapaintzaileak eta berogailuen teknikariak klimarekin zer gertatzen ari den niri azaltzen entzutera —desberdina dena, nik aditu gisa dakidanarekin alderatuta—. Baina hedabide handiek, alderdi populistek edo beste bozeramaile batzuek jendaurrean emozioak egitateen aurretik jartzen dituztenean, orduan pertsona horiek gizartea argi eta ilustratua egiten duen guztiaren kontra ari dira. Izan ere, jakintza serioski hartuz hasten da eraikitzen gizarte hori, elkartasunean erantzunez eta ez ezagutzari erasoz eta hura ukatuz».

Zientzia susmagarri bihurtu nahi dute zenbait lagunek: interes komertzialak, dirua eta abar. Zenbait kasutan arrazoi dute. Bestetan... Industria farmazeutikoa genozida dela eta auzipetu beharko luketela diote, «pozoia» sartzen ari zaigulako gorputzean. Enpresa horiek epaitzearen alde agertu da Anthony Costello ere —Munduko Osasun Erakundeko zuzendari ohi bat da— The Guardian-en, baina beste arrazoi batengatik: krimenak egiten ari dira, ez baitute botikarik ekoizten hirugarren munduko herritarrak osatzeko. Enpresa farmazeutikoak epaitu beharko bagenitu —bigarren arrazoia dela medio, nire ustez—, zer ez genuke egin beharko COVID-ari aurre egiteko San Ferminen kapotillo-aren babesa besterik ez dugula behar esaten dutenekin, Erdi Aroko obskurantismora bultzatzen gaituztenekin?

Agintariak noraezean ibili dira batzuetan; ez dute asmatu. Zenbait erabaki oinarri gabeak dira; zenbait jarrera, oker. Azkena, Macronena: txertatu gabeak «izorratu» egin nahi ditu. Txertatuta egoteak arduragabea izatea ez duela baztertzen frogatu du horrek, Libération-ek zorrotz azaldu duenez. Jendea nekatuta dago horren ondorioz. Haserre hori bideratzen jakin dute batzuek. Uste baino jende gehiago biltzen ari dira. Edozein da arrantzale arraina goserik dabilenean. «Txertoak baztertu, musukoa inoiz ez jantzi», diote. San Ferminek babestuko ei gaitu. Gero, zientzialariek egiten digute iruzur.

Halako mezuak hedatzen ari dira Interneten. Euskaldunen eta erdaldunen erreferentziak ondo bereizten dakite. El amor y la amistad lo curan todo diote espainieraz idatzitako kartelek. Euskaraz lagundu aditza gehitu dute: maitasunak eta adiskidetasunak dena sendatzen laguntzen dute. 50 urtetik gorako edozein euskaldunek ederki gogoratzen duen leloa berenganatu dute: herri batua inoiz ez zanpatua, 70eko urteetako iraultza gogoaren epika pizteko, antza. Erdaraz beste modu batez zabaldu dute mezua: la humanidad unida no será vencida. El pueblo unido jamás será vencido leloak gorriegia ematen du, nonbait, erdal belarrian. Komunista edo. Quilapayún, Víctor Jara eta besteren koplak. Beraz, hobe gizateria ipintzea. Agintarien aurpegietan Hitlerren bibotea marraztu dute. Hori ere egin dute. Urkullu gauza asko izan daiteke, baina nazia al da Urkullu?

Hain galduta gaude, hain umezurtz? Hain urrun ageri zaigu borrokari argia ematen zioten ideiak gauzatzea —independentzia, sozialismoa...— non edozeri eusten diogun boterea geure ustezko antiautoritarismoaz beste era batera jotzen segitzeko? Ez zegoen, ez dago beste biderik, beste bidaiderik, protesta egiteko? Non utzi dugu behinolako analisi kritikoa, dialektika? Nola irauli egoera? San Fermini otoitz eginez?

Espainiako ministro bati barre egin genion langabezia jaisteko El Rocioko Ama Birjinari erregutzeko eskatu zuelako. Hara non orain San Ferminek COVID-etik babestuko gaituela esaten dutenekin batera goazen. Soilik San Ferminek. Ez txertoek, ez musukoek, ez babes neurriek. Zoratu egin gara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.