Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Euskal Herri komantxea

Jose Mari Pastor -

2022ko ekainak 25

Ikaslea adarra jotzen hasi da ekaineko azterketa egin ondoren: Real Madril onena da; Txapeldunen Liga irabazi du berriz. Euskalduna da mutila, bizkaitarra, baina talde espainiarraren aldekoa. Ikasgelako beste kideek euskal futbol taldeen kamisetak janzten dituzte; hark, aldiz, Real Madril nahiago.

Zein talde maite, zein ez? Espainiako hiriburuko taldearen zale euskaldunak ezagutzen ditut. Ez soilik Bizkaian. Oso kasu gutxi dira, bai, baina hor daude.

Futbolak muturreraino eraman gaitzake. Itsutzeraino. Gipuzkoako zenbait lekutan badakit umeei hauxe esaten zitzaiela, duela urte batzuk, herriko futbol talde batean entrenatzen hasten zirenean: edozein ekiporen kamiseta janzteko baimena zuten, Athleticena eta Real Madrilena izan ezik. Badut mutil euskaldun baten berri. Txikitan hori gertatu zitzaion. Egun ez da ezein euskal talderen aldekoa. Egun, Real Madril zalea da.

Hemengo zenbait jende Real Madrilen aldekoa da. Libreak dira hori sentitzeko, besterik ez genuen behar. Baina euskaldun batzuek Athletic Real Madril bezainbat gorrotatzea? —edo gehiago—. Futbolak sortzen dituen grinek argi islatzen dute Euskal Herria nola dagoen. Ez da oraingo kontua: ETBko kazetari bat zur eta lur utzi zuen 80ko urteetako larunbat gau batean Realeko zenbait jokalariren jarrerak. Londres hotelean kontzentratuta zeuden. Athletic-Real Madril partida ikusten ari ziren telebistan. Eta irrikan, bai, talde espainiarrak gola noiz sartuko. «Athletic eta Madrilen artean, gu Madrilen alde beti», esan zion jokalari euskaldun oso ezagun batek berriemaile harrituari.

Azken mohikanoak gara. Azken bataila galtzeko zorian gaude eta elkar jotzen segitzen dugu. Geure taldeak ditugu, txikiak eta itxiak, geografian, gizartean, politikan. Euskaldun batzuek madrildarrak nahiago bilbotarrak baino. Bilbon boterea eta harrokeria daude. Despotak omen dira Bizkaian. Gure herriaren aurkako benetako despotak non dauden ahaztu egiten dugu, ordea. Tribuak gara, elkarren kontra ari direnak.

Euskadi Sioux aldizkari satirikoa sortu zuten 70eko hamarkadaren amaieran. Pott tropikala ere izan genuen, Pott Bandak sortua. Eta Euskadi tropikala aldarrikatzen hasi ginen. Nork nahi du 2022an Euskadi tropikala? Joan den astean igarri diogu, beroak nola itotzen gaituen. Karibe konkistatu dugula sinetsarazi nahi digute telebistatik, baina alderantziz izan da: Karibek konkistatu gaitu gu, eta barregarriak gara lurralde idealizatu hartako jendearen begien aurrean: gure gorputz baldarrak ez daude salsa, merengea, kalipsoa edo cumbia dantzatzeko eginak.

Karibetik datoz senar-emazteak. Kolonbiarrak ditugu. Bilbon eta Donostian izan dira. Euskal Herritik Espainiara joango dira orain. Kantabriara. Gisakoak dira hizketan. Haien estatus ekonomikoa ez da, itxuraz, Petro-ren aldeko botoa eman duten hainbat herritarrenaren modukoa. Kolonbiako zenbat erretiratu etor daitezke Europara oporretan?

Zapalkuntza historia odoltsua du Kolonbiak. Klaseen arteko borroka eta herra: Eliecer Gaitan-en hilketa, bogotazo-a, gatazka luzea... Karibe aldean, Cartagenan, KGB pub tematikoa dago. Sobiet Batasunaren garaiko estetika du: Leninen argazkiak hormetan, bandera gorria, igitaia eta mailua. Ereserkia. Vodka, rona. Zerbitzarien janzkerak militarrena irudikatzen du. Sarreran ohar bat idatzi dute, badaezpada: ez gara komunistak, toki hau taberna bat da, besterik ez.

Kolonbiako bikotea autobusean sartu da. «Espainia iparraldeko jendea atsegina da. Madrilgoa, ostera, bestelakoa da», esan du senarrak. Ondoko bidaiaria madrildarrei buruzko topikoak azaltzen hasi zaio. «Ez, ez, ez. Madrildarra...» —etena egin du gizonak, hitz egokia bilatzen ari balitz bezala— «madrildarra despotikoa da».

Esan diezaiela zenbait euskalduni despotikoak madrildarrak direla, eta ez bilbotarrak. Jadanik ez dago Euskadi sioux hura, baina tribuak izaten segitzen dugu. Orain Euskal Herri komantxea gara. Euskal Herri tropikala oraindik ez. Zorionez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz?

Lausotasunak ilundutako asmoak

Jone Bastida Alzuru

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz? Galdera horri erantzuten saiatu dira Idurre Eskisabel, Asier Etxenike eta Iratxe Retolaza.

Donostiako manifestazioaren burua. ©Gorka Rubio / FOKU

Eskola publikoko eragileek «ezezko borobila» eman diote legeari kalean

Irati Urdalleta Lete

Euskal Eskola Publikoaz Harrok deituta, manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen bGaitzetsi dutenez, Hezkuntza Lege proiektuak ez du eskola publikoa sistemaren «muinean» jartzen

Maurizia etxe okupatua hustu egin du Poliziak

Maurizia etxe okupatua hustu egin du Poliziak

Berria

Goizaldean hasi dute operazioa Baionako Santa Ursula kaleko eraikin okupatuan, eta orain materiala ateratzen ari da Frantziako Polizia. Proiektuaren bultzatzaileek elkarretaratzera deitu dute gaur arratsalderako.

Jaizkibelen bilaketa lanetan aritu den taldea. ©@112_SOSDeiak

Hilik topatu dute Jaizkibelen desagertutako 65 urteko gizonezkoa

Berria

Sendiak asteartetik ez zuen haren berririk, eta ordutik aritu dira bila.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...