Pastor
DARWIN ETA GU

Ustezko zoriontasunaren esklaboak

2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Pesimista alaia. Halaxe definitzen zuen Domingo Villarrek bere burua. Idazle galiziarra asteazkenean hil zen, buruko isuri baten ondorioz, 51 urte zituela. Ollos de auga —Ur begiak— eta A praia dos afogados—Itoen hondartza— bezalako eleberriei esker galizieraz idazten duten sortzaile ezagunenen artean kokatu zen Villar.

Hura adiskide izan zutenek haren soslai humanoaren ezaugarriak nabarmendu dituzte. Jorge Coirak sentimendu gazi-gozoak aipatu ditu eldiario.es egunkari digital espainiarrean. Eta lotsa, bizia eta logika bat datozela pentsatzeagatik. Denbora beti izango dugula sinesteagatik. Eta ez da horrela. «Izan ere, ez gara hilezkorrak», esan du Coirak. Villarren berezitasun bat goretsi du: bizia aprobetxatzea. Bizitzaren muinean zoriontsua izaten saiatzearen moduko gauza zaila ipintzea.

Zoriontsuak izaten saiatzea ondo dago, betiere erabateko zoriontasuna 7/24 bazar bat ez dela jabetuta. Izan ere, bada jendea, burua eta denbora zoriontasun eternalaren bila galtzen dituena. Lanpara miresgarria,bazarra, 7/24 ez ezik, 365 egunez ere zabalik egongo balitz bezala. Hala ere, bizitzari erreparatu eta ez da oso argia izan behar horrela ez dela konturatzeko. Roger Rosenblatt kazetari eta idazle estatubatuarrak gure mugak azaldu zituen Rules for Aging liburuan: bizitza luze eta zoriontsu batek bost minutu baizik ez du irauten. Etengabeko bizitza zoriontsua benetako posibilitatea dela uste dute pertsona askok. Bost minutuko zoriontasuna bost urtekoa izan zela pentsatzen dute. Oker daude, Rosenblatten ustez. Salbuespena(zoriontasuna) lege bihurtzen dute, araua balitz bezala. Eta araua nahasmena, zalantzak, zoritxarra eta beldurra da. «Zoriontasuna zoragarria da», dio kazetariak, «baina hartaz bost minutu baino gehiago gozatu bazara jarraian, pentsatzen hasi ez zarelako izan da, dudarik gabe».

Lagun batek bazuen argazki bat logelako horman, Hego Amerikako bazter auzo guztiz txiro batean egina. Hiruzpalau ume txiki agertzen ziren bertan: ortozik, arropa zikin urratuak, aurpegi lohiak. Haur horiek ondasun bakarra zuten: haien irribarrea. Argazkia Afrikako leku urrun batean ere sor zezaketen: haur beltzak erdi biluzik, korrika eta barreka jolasean, koltana biltzen hasi baino lehen. Zertarako eta adin bereko geure seme-alabei erosiko dizkiegun sakelako telefonoak ekoitzi ahal izateko. Ume beltz alaiak minerala ateratzen, ume zuri pipertuek plastikozko zoriontasuna lortzeko. Gure haurrek bost minutuko pozalditxoak izan ditzaten. Besteen zenbat zoritxar balio ditu gure zoriontasunak?

Aipatu didaten bideoko protagonista ere beltza da, baina AEBetakoa. Burger batean egiten du lan. Adineko andre zuri batek hanburgesako okelari buruzko itaunketa egin dio: zer bazka eman diote animaliari? Sufrimendurik gabeko heriotza izan du? «White people's problems», adierazi du gazte afro-amerikarrak gero. Jende zuriaren arazoak: behia modu zibilizatuan hil ezazu, nik kontzientzia kargurik gabe jan dezadan.

Emakume hori zoriontasunaren bila dabil. Zoriontasunaren esklaboa da, gutako asko bezala. Sarritan geure arrakasta profesionala lehenesten dugu, beste hainbat kontu garrantzitsu baztertuz. Edozertarako denbora izango bagenu bezala, denbora agorrezina. Logikak bizitza bideratuko balu bezala.

Animalien ongizatea ez zen, nonbait, duela gutxi izandako ezkontzara gonbidatu zuten irakaslearen kezka nagusia. Kurrikuluma, lorpenak aipatzea zuen zoriontasun iturria. Bere irakaskuntza eremua izan zen besteekiko berriketaren ardatz bakarra. Bazkaltiar batzuk oldartu zitzaizkiola kexatu zen koitadutxoa. Haserretuko ez dira, bada.

«Ez ibili maiz bere karrerei buruz hitz egiten duen jendearekin», idatzi zuen Rosenblattek. «Ez da gure errua zuk lana beste bizitzarik ez baduzu», dio Villarren pertsonaia batek A praia dos afogados nobelan. Hau da: ez da gure errua denbora beti eskura izango duzula uste baduzu. Ustezko zoriontasunaren esklabo bihurtu bazara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.