Etxaide: «Sistema publikoa ez da ari bere lana betetzen»

Bilbo
2014ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko biztanleriaren %17, 430.000 pertsona, txirotasun eta baztertze arriskuan daudela adierazi zuten LABeko ordezkariek, atzo, txirotze eta prekarizatze politikei buruzko txostenaren aurkezpenean. Salatu zuten gaur egun ezarrita dagoen sistemak babes sistematik kanpo uzten dituela enplegua bilatzen ari direnak eta azpienpleguan dihardutenak. «Egoera gero eta larriagoa eta okerragoa da», azpimarratu zuen Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak. Haren esanetan, «egoera bera da murrizketak etengabekoak izatea eskatzen duena».

LABen arabera, patronalak eta Gasteiz eta Iruñeko gobernuek aurrera eramaten dituzten politikek lan egoerari eragiten diote, kalitate txarreko enplegua sortuz, langabezia tasa handia eratuz eta pobrezia bultzatuz. Gogoratu du 2014ko lehen seihilekoan Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %94,6 behin-behinekoak izan zirela. Horrez gain, urtarriletik ekainera arte, lanaldi osoko 9.400 kontratu eta lanaldi erdiko beste 3.000 kontratu desagertu ziren.

Iraupen handikoak gehitzen

Ekaineko datuen arabera, 214.872 langabe zeuden Hego Euskal Herrian; hau da, langabezia tasa biztanleria aktiboaren %17,5era iritsi zen. Iraupen luze-luzeko langabezia etengabe handitzen ari dela ohartarazi zuen Etxaidek. Izan ere, hamar langiletik sei duela urte bat baino gehiagotik daude langabezian. «Horrek esan nahi du sistema publikoa ez dela ari bere lana betetzen».

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, «krisia bankuentzat negozio bihurtu da». Hori dela eta, uste du instituzioek bideratutako «larrialdiko plan» bat eta elkarlana indartu behar direla. Horretarako, hainbat talderen artean sortu berri duten eskubide sozialen karta lagungarria izango dela dio. «Ezin da onartu jendea aukeratzen ibili beharra sendagaiak erostearen edo beste oinarrizko beharrizan batzuk estaltzearen artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.