Michelinek kezka piztu du Frantziako murrizketekin

2.300 enplegu kenduko ditu bere etxean, hiru urtean, «lehiakortasuna handitzeko». Euskal Herriko fabrikek lan karga handia dute

Michelinek Gasteizen duen fabrikaren sarrera. RAUL BOGAJO / FOKU.
xabier martin
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Michelin konpainiak 2.300 enplegu kenduko ditu hiru urtean zuzendaritzaren «lehiakortasun plan» bati jarraituz, eta erretiro posibleak eta gauzatzen diren bestelako neurriak, izan traumatikoak ala ez, Frantziako lantegietara mugatu ditu. Baina hori ez da lasaitasunerako bide Gasteizko eta Lasarte-Oriako plantei dagokienez, gaur-gaurkoz lan karga handia duten arren; aitzitik, Frantziako multinazionalak Clermont-Ferranden dauka erabakigunea, eta litekeena da enpresak presio handiak jasotzea.

Izan ere, Frantziako Gobernuak «zaintza lan handia» egingo duela ohartarazi dio gurpilen merkatuko munduko liderrari. Goiz da jakiteko Parisko gobernuak zer-nolako eraginak izango dituen sindikatuek ezarpen oso handia duten konpainia horretan, eta sindikatuek beraiek ere zer indar egin dezaketen, baina ezin da baztertu zuzendaritzak martxan jarri nahi duen argaltze horrek Euskal Herrian ere eraginen bat izatea; oraingoz, ordea, enplegu galera Frantziara mugatu du konpainiak.

21.000 langile inguru ari dira beharrean Michelinen Frantziako lantokietan. Fabriketan, 1.200 enplegu kenduko ditu enpresak, bere planari jarraikiz, eta beste 1.100 beste adarretan, bulegoetan eta bestelakoetan. Lehiakortasuna %5 handitzea du xede zuzendaritzak, hala ekoizpenean nola beste adarretan. Autogintzaren merkatuak gorabehera handiak izan ditu azken urteetan, ez bakarrik koronabirusa dela eta. Konpainiak dio «egiturazko aldaketa sakonak» gertatzen ari direla, «kostu txikiko produktu andana» tarteko. Horri erantzuteko,Michelinek uste du ekoizpena «modernizatu» egin behar duela, hau da, automatizazioan beste urrats bat egin, eta produktu berezietan espezializatu, esaterako, hegazkinentzako pneumatikoetan, makina handientzakoetaneta, batik bat, gama handiko gurpiletan.

Batera edo bestera, sindikatuak negoziazio mahaira deitu ditu, hiru urteko iraupeneko akordio baten bila. Galduko diren hamar enpleguetatik sei erretiro aurreratuen bidez kentzea espero du zuzendaritzak, baina lekualdatzeak ere aipatu ditu.

3.800 langile Euskal Herrian

Michelinek bi planta handi ditu Euskal Herrian, Gasteizkoa, 3.300 beharginekin, eta Lasarte-Oriakoa, 500 langilerekin. COVID-19ak eragindako egoerak bultzatuta, zuzendaritzak aldi baterako bi erregulazio aurkeztu zituen iaz, baina abuztuan lanera deitu zituen, ezustean, behargin denak.

Euskal sindikatuek ez dute inolako jakinarazpenik izan enplegu murrizketen inguruan. Alderantziz, Lasarteko plantan «ekoizpen oso handia» egiten ari dira azken hilabeteetan, motorrentzako gurpilen atalean. Are, berriki, langile gehiago kontratatu dituzte lana aurrera atera ahal izateko. Gasteizen ere sendo doa jarduera. Gurpil erraldoiek pisu handia dute hango ekoizpenean. Michelinen pneumatikoak erabiltzen dituzte sarri asko traktoreek, anbulantziek, suhiltzaileen ibilgailuek eta bestelako kamioiek; enpresaren arabera, hornitzaile bakarrak dira kasu batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.