Pastor
DARWIN ETA GU

'Minima immoralia'

2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Bereizi egin dira Melinda eta Bill. Hedabideek dibortzioaren ustezko arrazoiak aipatu dituzte. Horietako batek eman dit atentzioa: Gates jaunak hitzordu bat eskatu zien, ezkonduta zegoela, bere enpresan lan egiten zuten zenbait emakumeri.

Esan liteke, hala izan bazen, lianaren sindromeak jota dugula Bill laguna. Lianaren sindromea: airean bikotez bikote joatea, lurrera erori gabe. Harreman bat ez uztea beste bat, itxuraz hobea, oso ondo lotuta izan arte. Bakarrik ez geratzea da kontua. Kanaberak arrainik badakar, aurrera; amua hutsik badator bueltan, lasai. Zauden lekuan geratu eta hankartea freskatu. Hurrengoan egingo duzu bekatu.

Bada beste jokaera bat, sindrome horren bertsio zuhurragoa: bikotean bizi arren, bihotzeko zokorik ezkutuenean beste pertsona bat gordeta edukitzea. Iraganean harekin inoiz gauzatu ez zen erlazioaz amestea. Galdutako aukera oraindik ere gogoan duen pertsonak hau esaten dio bere buruari: «Nola egongo nintzateke, dena ondo irten balitz?». Edo: «Hura libre egongo balitz, haren bila joango nintzateke orain».

Beste alde batetik, bada aukera izan arren bereari eusten dionik. Udaberri hartan mutil baten proposamenari ezezkoa eman zion neska, adibidez: «Mutil-laguna dut. Ez da nire bizitzako amodioa, baina laster ezkonduko gara. Berandu iritsi zara». Cucurrucucu, paloma. Finito, txikito. Zer pentsatuko luke senarrak bere seme-alaba jadanik adin nagusikoen amak ezkon-bezperan hori esan zuela jakingo balu orain, 30 urte geroago? Ezkontza fake bat izan dela?

Badugu ezkondu baino astebete lehenago bikotekide ohiari deitu zionaren kasua ere. Zerbait edan eta autora joan ziren. Han, berarekin itzultzeko eskatu zion mutilari, negarrez, felazio bat egiten zion bitartean. Bertan behera utziko zuen larunbateko ezkontza. Dena botako zuen harengatik. Mutilak ezetz esan zion. Kotxeko neskak senargai ofizialarekin segitu zuen. Hogei urte pasa dituzten bi alaba dituzte. Mutil hark, bad boy tipikoak, bueltaka segitzen du. Like a rolling stone. Ez da inoiz ezkondu.

Eta badira, izan, amorante baten fantasian bizi direnak. Emaztearen lagunak horretan ari direla uste du Joxean Agirreren Nobela errealista bat eleberriko protagonistak: kontu-kontari ibiltzen dira, (ustezko) maitaleei buruz.

Etika, moralik ez? Gure garaien ezaugarria ala beti izan den giza joera? Minima immoralia, kantatzen zuen Franco Battiatok 1981ean, Bandiera bianca abestian, gainbehera morala adierazteko. Minima Moralia lana argitaratu zuen Theodor Adornok 30 urte lehenago, gure bizitza hondatuari buruz hausnartzeko: «Soilik maite zaituenarekin agertu ahal zara ahul, indarrezko erreakziorik eragin gabe».

Moralia liburua idatzi zuen Plutarkok, duela ia 2.000 urte. Amodio harremanak deskribatu zituen lanean, besteak beste. Ez gara sobera aldatu geroztik: orduan ere baziren lianaz liana ibiltzen zirenak; edo bikotekide hobe bat noiz agertuko zain zeudenak. Beste batzuek, ostera, zintzo jokatzen zuten. Kama izeneko andrea izan zen horietako bat.

Plutarkoren arabera, Galazia eskualdean bizi zen Kama, Asia Txikian. Oso emazte ederra zen, eta Sinato-rekin esposatua zen. Sinorix emakumeaz maitemindu zen eta haren senarra hil zuen. Gero, berarekin ezkontzeko esan zion alargunari. Andreak baietz erantzun eta kopa bat hartu zuen. Zurrut egin ostean, gizonari eskaini zion. Sinorixek likidoa edan eta gero, Kamak senarraren izena oihukatu eta esan zuen: «Senar maitea! Har nazazu orain kontent, gizon zitalenaz mendekatu zaitudalako. Zurekin bizitza partekatu dut alai. Eta harekin, heriotza». Sinorix pozoia irentsi eta berehala hil zen. Kamak egun eta gau batez eutsi zion. Oso pozik joan omen zen.

Battiatok maitasunaren alde sentsuala goretsi zuen La cura kantan: «Amodioaren lurrinek gure gorputzak hordituko dituzte / abuztuko eztialdiak ez ditu gure sentsuak baretuko». Eta gero: «Malenkonia orotik salbatuko zaitut / izaki berezia zarelako / eta zaindu egingo zaitut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.