EBk 55 milioi txerto botako ditu zaborretara hila amaitzerako

Herrialdeen arteko desoreka salatu dute dosien banaketan. Bruselak 30 milioi txerto bidali ditu Afrikara urtea hasi zenetik

LEGNAN KOULA / EFE.
Uxue Rey Gorraiz - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Beste behin, agerian gelditu dira COVID-19aren kontrako txertoen banaketa desorekatuak eragindako arrakala sakonak: EB Europako Batasunak txerto gehiago botako ditu zaborretara, Afrikara bidaliko dituenak baino. Ehundik gora elkartek osatzen duten People's Vaccine aliantzak egin zuen salaketa atzo, argitaratu berri duen azterlan batean oinarrituta. Haren arabera, EBk 55 milioi txerto dosi baino gehiago botako ditu zakarretara hilaren bukaeran, iraungitze data gaindituko dutelako. Dosi gutxiago bidali ditu Afrikara 2022a hasi zenetik: 30 milioi inguru, txostenaren esanetan.

Horrez gain, elkarteen koalizioak salatu du EBk blokeatu egin duela koronabirusaren kontrako txertoa Afrikan ekoizteko aukera. Azaldu duenez, Bruselak muzin egin die Hegoafrikak eta Indiak AB Afrikako Batasunaren eta ehun herrialde baino gehiagoren babesarekin aurkeztu zituzten proposamenei, egoeraren larriagatik salbuespen bat egin eta txertoaren gaineko jabetza intelektuala indargabetzeko.

EBren eta AB Afrikako Batasunaren arteko batzarraren bezperan argitaratu ditu People's Vaccinek datuok. Bi blokeak gaur dira elkartzekoak, eta, elkarte aliantzak adierazi duenez, ABk txertoen jabetza intelektualari buruzko aipamen bat egiteko eskatu dio EBri, goi bileraren osteko dokumentuan.

Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundea People's Vaccineren kide da, eta, haren iritziz, EBk askotan aipatu du Afrikan txerto fabrikak sortzeko borondatea duela, baina Europako farmazia enpresen monopoliopean. Eredu horrek ez lieke autonomiarik emango Afrikako herrialdeei ekoitzitako dosien hornikuntzari buruz erabakitzeko. «Europak utzi egin behar dio Afrikako ekoizleei lana oztopatzeari. Egiazki bi batasunen arteko agenda komunik balego, EBk ez lituzke, orain egin bezala, farmazia enpresen interesak lehenetsiko gainerako guztiaren gainetik», salatu du Oxfam Intermoneko ikerlari Ignacio Martinezek.

EB da munduko txerto esportatzailerik handiena, eta atzerrira bideratu dituen dosietatik %8 soilik bideratu ditu Afrikara. People's Vaccineren ustez, Bruselak lehentasuna eman dio txertoak herrialde aberatsetan eta garesti saltzeari. Nabarmendu du Alemaniak 3.200 milioi euro jaso zituela iaz BioNTech enpresak ordaindutako zergen bidez. Kopuru hori handiagoa da EBk herrialde pobreenak txertatzen laguntzeko Covax funtsera bideratutakoa baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.