Albistea entzun

Jose Luis Korta. Kaikuko entrenatzailea

«Atzeraka doa arrauna»

Bakoitzak bizi du bere arrazoia, eta Kortak berea ozen botatzen du. Ez dago modan garbi eta aurpegira hitz egitea, ordea. Esaten dituenei baino gehiago, esateko moduei erreparatzen zaie.
AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko abuztuak 4 - Sestao

Kaiku arraun elkartearen egoitza zaharkituaren kanpoaldean oihu bat entzun da. Birao bat atzetik. Iritsi berri den furgoneta batetik, Jose Luis Korta (Orio, Gipuzkoa, 1949) eta laguntzaile bat jaitsi dira.

«Kortak orain ere egin du», ari da esaten arraunzalea: Kaiku igoberria bosgarren doa Eusko Label ligan.

Egin? Azkena egin genuen gure txandan aurreko igandean [barrezka]. Helburua da mailari eustea arazorik gabe, iaz igoera justuan lortu eta gero. Aurreneko estropadetan atzetik alde egitea zen asmoa, eta lortzen ari gara. Sinatuko genuke orain bosgarren egotea. Baina badugu hobetzeko tartea arraunean. Neurriekin eta arraunekin pixka bat asmatzen badugu, hor daukagu borroka bosgarren lekurako Zierbenarekin eta Getariarekin.

Zer eman diozu taldeari?

Errieta ugari, gero lana egiteko. Baina kasurik ez didate egiten. Lehen ere ez, baina orduan, entzun egiten zidaten, eta orain, belarri batetik sartu eta bestetik atera. Gaurko gazteak...

Kortak ez badu errespeturik sartzen...

Barruan joango banintz, jarriko nuke. Denek isilik joan beharko lukete, eta nik egindakoa egin. Entrenatzailea traineruan joanda errazagoa da. Gaizki ohituta daude. Profesionalak direla esaten dute. Profesionalak? Kobratu gabe profesionala baino gehiago saiatzen dena da profesionala. Lehenagoko arrauna gehiago gustatzen zitzaidan.

Zertan aldatu da?

Entrenatu, lehengo aldean gutxiago entrenatzen da, adibidez. Orain, hobekuntza medikutan egin dugu.

Onean ala txarrean?

Orain ere ibiliko da, baina ez noa ezer esatera horretaz.

Entrenamenduetako aldaketa zertan gauzatu da?

Duela 15-20 urteko arraunlariek segitzen dute oraindik. Zerbait gaizki doa. Gazte asko dabil, baina gora gutxi iristen dira; ez diete zaharrei postua kentzen. Horiek ohituta daude lehengo entrenamenduetara, eta, orduan, larunbatean goiz eta arratsalde egin behar bazen, egin egiten zen. Oraingo gazteek oporrak ere beraiek antolatzen dituzte. Pentsa, aste santuan jai eman behar bost bat egun. Asko galdu da lehengo pentsamoldea kirol guztietan.

Sekulako maila omen dago, ba, aurtengo Eusko Label ligan.

Bai zera! Harrapatuko bagenitu oraingo taldeak guk Orion eta Castron izandako kuadrillekin, atzean amarratuta azkar asko ekarriko genituzke. Oraingo arraunlariek gosea pasatzen dute, argal daude, eta bitaminei esker daude bizi-bizi. Hori da medikuen laguntza. Esaten dute denborak hor daudela, oso onak direla. Denborak? Lehengo aldean talde ia guztiak selekzioak dira-eta! Orduan ez zen horrelakorik, denak etxekoak edo bailarakoak izaten ginelako. Orain dirua da nagusi. Hango eta horko onenak hartu, eta aurrera. Futbolean bezala. Diru gehiena duenak eskifaia onena. Gero esaten dute harrobia gora eta harrobia behera, baina tranpa egin zuten euskaldunek. Kantabriako taldeak nagusi ginenean, ez zekiten nola irabazi, eta araudi hau asmatu zuten. Hiru urte egin talde berean, eta etxeko bezala izendatu; hor tranpa.

Zuk ere egin izan dituzu fitxaketak.

Orain egiten dituzten bezala ez behintzat. Irabazten hasi ginenean Castron, bertako jendearekin irabazten hasi ginen eta! Kanpotik bat edo beste etortzen zen. Orain, harrobiko asko dituztela esaten dute batzuek, baina inork ez du irabaziko bandera bat etxeko arraunlariekin bakarrik.

Arraunketa ere aldatu egin da?

Ahazten ari zaigu arraunean. Prestatzaile fisiko asko sartu dira, GPSa, arraunkadak kontatzeko tresnak eta abar. Gazte bati esaten diozu joateko minutuko 36 arraunkadako erritmoan, eta ez daki. Korrika ez dakien bati 10.000 metroko errekorra egiteko eskatzea bezalakoa da. Harrobiak haurtzaindegi dira orain. Hortik baten batek unibertsitatera joan behar duela esaten dut.

Zer behar da harrobian?

Entrenatzaileak falta dira erakusteko. Lehen, erakutsi egiten zitzaien. 90eko hamarkadaren bueltan, Oriora joan nintzenean, maila bat ez beste guztiak neuk entrenatzen nituen, eta nire erara egiten zuten arraunean.

Zerbait gehiago galdu da?

Orain, ia inork ez du errepaleatzen, arrauna bizi ateratzeko uretatik, eta estropu oso txikiak erabiltzen dira. Arraunlaria eserita joaten da, gainera, beste goma beltz hori erabiltzen hasi zenetik tostetan.

Bestelakoan, itsaso txarrik ia ez da izaten orain. Orain ez dago hiru metroko olaturik. Gu, Kontxan, etorri izan gara barrurantz patroiari sei arraunlari laguntzen, zuzen etortzeko, eta sekulako abiadura hartzen genuen. Orain, Kontxan izan ohi da denboralea noizean behin, baina estropada bertan behera uzten dute.

Traineruetan, platanitoa izeneko moldean, zaharra eta berria dabiltza orain. Zuk zein nahiago?

Berria nahiago, eta gogorra. Orain gogorregiak omen dira. Baina nola! Ibili gara bigunegiak zirela esaten, eta, gogorra ateratakoan, gogorregia dela. Traineruetan ere atzeraka joan gara. 2009ko trainerua prest daukat, eta atera dut aurten, eta ez da platanitoa. Eta hori platanitoa erabiltzen neu hasi nintzela, ezertarako balio ez zuela uste zenean.

Arrauna olatu aparretan doala ez da egia?

Itxurakeria baino ez da. Telebista, marketina... Arrauna atzeraka doa. Eta ez da galduko interesak daudelako: TKE, telebista, herrietako irudiak... Salgai dagoen guztia, azkenean. Baina klubak sekula baino okerrago gaude. Zer irabazi dugu TKErekin? Sariak klubek jartzen dituzte-eta, lehen bezala. Eta jartzen ez duenari, zigorra. Arrauna polita dago ezagutzen ez duenarentzat: itsasontzia gonbidatuentzat, pintxoak, edariak... Eta arraunlaria? Ezer ez, eta kexatzen denari, lepoa moztu.

Horregatik zabiltza isilik?

TKE zirkua dela esan nuenetik, zenbat isun ez ote dizkidaten jarri. Zenbat diru den esateak lotsa ematen dit. Haiek lotsatu beharko lukete. Kortari beti eman izan zaio egurra, baita duela 40 urte ere. Zenbat gauza ez ote ditudan ikusi. Liburuak idazteko hainbeste. Rafael Agirre Franco ari zen niri buruzko liburua idazten, baina hil egin zen.

Bi liga nagusietako entrenatzaile ia guztiak zure arraunlari izandakoak dira. Balioa ematen diozu?

Pentsatzen dudana ez daukat esaterik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Mendian arriskua kudea dezakezu, baina ezin duzu desagerrarazi»

Jon Artano Izeta

Mendi gidaria da, eta gidarigaien irakaslea. 30 urte daramatza Huarazen, Peruko Mendikate Zurian, eta ezagun du. 'Pucha', 'cachuelo', 'chibolo'... Ande-kontrako gaztelaniaren hitzak darabiltza, eta hango airea ere badu haren jardunak: 'empesar', ahoskatzen du, 'haser'... «Euskalperutarra» dela dio; herrialdeko mendigoizalerik onena dela esan izan dute hangoek.
Gai dela berretsi du

Gai dela berretsi du

Jon Ander De la Hoz

Julen Alberdi 'Txikia IV.a'-k estreinakoz irabazi du Urrezko Kopa, Iker Vicenteri eta Mikel Larrañagari aurrea hartuta: «Lan exijentea izan zen».

Nacho Monreal jokalaria, 2021eko irudi batean. ©Javier Etxezarreta, EFE

Nacho Monrealek futbola utziko du

Uxue Rey Gorraiz

«Garai bat bukatu da. Beste bat hasi. Zoriontsu naiz», azaldu du futbolari nafarrak sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Hamasei urte egin ditu futbol profesionalean; Osasunan eta Realean horietako hainbat.

 ©NADETH AGIRRE

«Gure arraun egiteko erari eustea izan da arrakastaren gakoa»

Julen Etxeberria

Oriok hirugarrenez irabazi du Euskotren liga, baita Nadeth Agirrek ere. Baina gehiago nahi dute. «Zarautzen irabazi nahi dugu, lana biribiltzeko. Gero, Kontxan nagusitu nahi dugu».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...