Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Paraleloak

2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Aurtengo uztailaren 7a berezia izan da niretzat. Sanferminetara joan? Gogo guti, egia errateko. Jendetzari aurre egiteko gero eta zailtasun gehiago dut. Zahartzen ari, to.

Eta hara non, ustekabeko gonbitak eguna arrunkeriatik jalgiaraziko didan. Kantari batek kontzertu pribatua ematen duela eta, parte hartzera gonbidatu nau. Neska gaztea Parisen handitu da eta Euskal Herrira itzuli berri da, erroen bila. Kantu batentzat laguntza eskatu zidan joan den neguan, euskarazko bertsioa egin nahi baitzuen, eta aitzakia horretan elkar ezagutu genuen.

Etxeetan emateko gisako kantaldiak prestatzen ditu, eta Ziburun bazuen horietako bat programatua uztailaren 7rako, Bordagaineko etxe batean. Ziburu ezagutzen ez duenarentzat, Bordagain herriko auzoalderik aberatsena da, Zokoko badiara ematen duen muinoan kokatua dena.

Proposamena hartu bezain laster, zernahi irudi sorkan hasi zitzaidan buruan: gertakari mota horretara joan ohi diren gonbidatuak irudikatu nituen, Donibane Lohizunera eta Ziburura erretiro lasaia gozatzera datorren jendea, mundu sozial aberatsekoa behinik behin, gu ez bezalakoa. Hots, nire aurreiritzien eiherara ura ekarri nion baldekadaka.

Halere, jakin-mina nagusitu zitzaion aburu ezkorrari, eta hantxe agertu nintzen hitzeman bezala, etxe berdearen atarian, gitarra bizkarrean neramala. Etxekoandreak oso harrera goxoa egin zidan, nire etorrera eskertuz, eta korridore apaindutik lagundu ninduen kanpoko terrazaraino, han baitzen eszena prestatua. Bista paregabea zegoen Zokotik Lohizunerainoko itsasora. Soropil moztu berrian kadira zuriak ezarriak ziren, berrogei bat; kopuru polita iruditu zitzaidan etxeko kontzertua izateko. Soinu ekipamendu txikia prest zegoen. Nepaldar tapiz batek agertokia marrazten zuen, eta argi girlanda batek edertzen.

Kantari laguna hurbildu zitzaidan, eta soinu probak egin genituen. Gonbidatuak hasi ziren iristen eta kokatzen. Zazpiak hurbil genituen.

Kantaldia zoragarri iragan zen, eta aitortu behar dut ezin hobeki bizi izan nuela momentua, hantxe, udako arrastiri epelean, hain maite dudan itsasbazterrari begira kantatzen.

Ikusleriak baikorki erantzun zuen, eta txaloen ondotik abiatu ginen terrazan atonduak ziren mahai borobiletara buruz, afaria kontzertuaren barne izaki.

Mahaikide nituen bi bikote, hirurogeita hamar bat urtekoak, etxeko andrea eta haren alaba gaztea, hogeita hamar bat urtekoa, etxe horren parean bizi dena urte osoan, ziburutarra berez.

Lehenik galderak, ea nongoa nintzen, ea musikaz bizi nintzen —nik bizi baietz, baina jan ezetz... erantzuna gustatu zitzaien—, ea euskaraz kantatzearena eta konposatzearena hautua zen, zeren agian aukera gehiago bainukeen erdaraz eginik, eta holako galderak, usu egiten dizkidatenak eta giro horretako jendeengandik batere harritzekoak ez direnak.

Ondotik, euskara hizkuntza ederra dela, baina zaila, zailegia haiek ikasteko. Aurrez aurre nuen gizonak Julen Madariaga aipatu zuen, ezagutzen zuela eta estimatzen. Bortizkeria kondenatzen zuela zehaztu behar halere...

Entsaladaren iristeari eskerrak eman nizkion. Laster irentsia izan zen, alabaina, eta bigarren platera etorri bitartean ene lanbideaz galdetu, eta nik Seaskan irakasle nintzela erantzun nuelarik, etxeko alabaren «Seaska ? C'est quoi?» ateraldiak kabiatik erorarazi ninduen. Hogeita hamar urteko ziburutarrak Seaska ez ezagutzerik ez nuen bada espero. Ikastolak aipatu nizkion, eta hor ere, ezjakinaren keinua errepikatu zuen. Une horretantxe sentitu nuen mahai borobil hura zirkulu zentrokidetan zatitzen ari zela, afaltiarrok espazio bera partekatzen genuela bai, baina mundu paralelotan higituz. Ez nintzen azalpenetan sartu, ez nintzen kasu, kasu, ikastolak kexuka hasi. Nire paraleloan sartu nintzen, Zokoko gotorlekuaren magalera, inoiz gertatu ez zen erasoaren aurka eraikitako gotorleku maitearengana joan nintzen babes bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.