SASKI DA!

Datuak baino ez, baina a zer datuak

Danel Agirre.
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Lehenbizikoa, Popovich. 1997-98ko sasoia hasi zenetik, 65 egun baino ez ditu eman San Antonio Spursek marka galtzailearekin. 21 urte horietako bigarren talderik lehiakorrenak, Houston Rocketsek, 1.007 igaro ditu. Denboraldi guztiak amaitu ditu Spursek pilatutako porrotak baino garaipen gehiagorekin, eta ez da behin ere geratu kanporaketetatik at. Gregg Popovichen lorpenik miresgarriena ez dira bere bost eraztunak. Ezta garaikurrok estilo oso ezberdinekin eskuratu izana ere, defentsa itogarria akuilu hartuta lehenbizi, baloi zirkulazio apartarekin liluratuta gero. Spurseko entrenatzailearen ondarerik berdindu ezinezkoena taldea berriz armatzeko duen ahalmena da, izarrek erretiroa hartu edo beste frankizietara ospa egindakoan ere. Denbora gutxian Tim Duncan, Kawhi Leonard, Manu Ginobili eta Tony Parker galdu, eta desertifikazio aroa iragarri izan da San Antoniorentzat. Sasoiari txepel ekin, eta etsipen zantzuak antzeman zitzaizkion udazkenean Popovichi. 70 urterekin, datorren udan erretiroa hartuko zuela iragarri zuenik izan zen. Hasiberriz eta sekula kanporaketetan lider gisa erronda gehiegirik gainditu gabeko susmagarriz osatutako multzoa hartu, eta gero eta trinkoago bihurtuz joan da, ordea, frankiziako presidente eta AEBko hautatzaile ere badena. Are hobeago: bere umore lehor eta jostalaria berreskuratu du. Popovich falta denean, askoz gehiago kostako da NBA jarraitzea.

Bigarrena, Harden. Azkenaldian saskibaloian hedatzen ari diren estatiska guztien artean, usage delakoa da interesgarrienetakoa. Kantxan dagoen bitartean, jokalari jakin batek bere gain taldearen jaurtiketen zein batez besteko hartu duen adierazten du, galdutako baloiak ere kontuan izanda. Aurtengo James Hardenen %39,6 historiako bigarren zenbateko altuena da. Are deigarriagoa, gaueko 7,5 asistentzia ere banatzen dituela jakinda. Chris Paul alboan ez zuela hilabeteak eman ditu eskoltak, eta arerioak jakitun ziren Houston Rocketsen erasoa Hardenengan hasi eta bukatzen zenaz. Ezinean nabari izan zaie, ordea, hura neutralizatzen saiatzean. Houston izena ez duten 29 taldeei saskiratu dizkie 30 puntu Hardenek amaitzear den sasoi erregularrean zehar. Kanporaketetan uzkurtzearen ospea du, eta akituta behar du, baina Golden State Warriors lasaiago legoke parean egokitzen ez bazaio.

Hirugarrena, James. Zortzi bider jarraian hiru talde ezberdin (Cavaliers, Heat eta berriz Cavaliers) finalean ipini ondoren, LeBron James ez da kanporaketara sailkatu Los Angeles Lakersekin eman duen lehen sasoian. Hamahiru urte zeramatzan hutsik gabe. Iztartean jasandako lesioa eta taldekide gazteek behar zen bilakaerarik azaldu ez izana erabili dira aitzakia moduan, baina errealitatea gordinagoa da. Aspaldiko partez, James ez da egon, inola ere, sasoiko bost jokalaririk onenen artean egon. 35 urte eta 1.200 partidara bidean, zera falta da jakiteko: aurtengoa irristaldi arin bat izan ote den, edo hemendik erretiroa arteko James gizatiarragoa ikusten ari garen dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.